Wikipedia, Entziklopedia askea
Romeo eta Julieta.

Drama kontakizun mota bat da, ikusleen aurrean antzezten dena, sarritan antzoki batean. Dramak antzezlanak dira beraz. Beste literatura-forma batzuk irakurle bakoitzak bere kabuz irakurtzeko dira, eleberriak eta ipuin laburrak, adibidez. Baina, antzerki moduan, dramak pertsona askorekin partekatzen dira.

Nola egiten dira?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antzerkigile deritzon idazle batek idazlanaren testua idazten du. Drama baten elementu nagusiak pertsonaiak eta kontakizuna dira. Istorioan agertzen diren pertsonaiak edo pertsonak, sarri, zerbaitegatik sartzen dira elkarren artean gatazkan; adibidez, baliteke tronu bera edo printzesa bera nahi izatea, edo altxor bat. Draman kontatzen denari eta, halaber, gatazkak konpontzeko moduari trama deitzen zaio.

Antzezlan batean, pertsonaiek hitzak eta mugimenduak erabiltzen dituzte istorioa kontatzeko. Askotan, pertsonaiek euren artean hitz egiten dute. Batzuetan, ordea, pertsonaia batek hitzaldi bat egiten du agertokian bakarrik. Horrek pertsonaiaren pentsamenduak entzuteko sentsazioa sortzen die ikusleei. Diskurtso mota horri bakarrizketa deitzen zaio. Noizean behin, pertsonaia batek zuzenean hitz egiten die entzuleei.

Antzerkigileak naturala dirudien elkarrizketa bat idatz dezake, garai eta leku jakin bateko jendeak benetan hitz egiten duen bezala. Edo elkarrizketa oso formala izan daiteke. Adibidez, batzuetan pertsonaien hitzak poesian idatzita daude. Drama batzuetan, pertsonaiek beren poesiak errezitatzen dituzte edo abestu ere egiten dituzte.

Antzerkigileak jarraibide motz batzuk ere idazten ditu testuan, akotazio deituak. Zenbait akotaziok aktoreei esaten diete zer egin, edo nola, noiz eta non sartu agertokian. Beste batzuek pertsonaia baten itxura deskribatzen dute. Batzuetan, ekintzaren unea eta lekua ere adierazten dituzte. Obraren diseinatzaileek deskribapen horiek erabiltzen dituzte agertokia, jantziak eta argiztapena sortzeko.

Tradizio ezberdinak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Asiako eta Mendebaldeko (Europa eta Ipar Amerika) tradizio dramatikoak ezberdinak dira. Asiako kultura askotako drametan, dantza, keinuak eta musika pertsonaiek hitzak bezain garrantzitsuak dira askotan. Asiako dramek, maiz, familiaren istorioak erabiltzen dituzte oinarritzat. Estilo formala ere izaten dute. Aktoreek istorioa kontatzeko erabiltzen dituzten aurpegi-adierazpenei eta gorputz-mugimenduei buruzko arau batzuk jarrai ditzakete.

Beste alde batetik, Mendebaldeko dramek elkarrizketaren bidez istorio bat kontatzeko joera dute. Tradizionalki, mendebaldeko dramak bi mota handitan banatu dira: tragediak eta komediak. Tragediak pertsona heroikoei buruzko istorio serioak dira eta amaiera tristea izaten dute. Komediak ez dira hain serioak eta amaiera zoriontsua dute. Komedia modernoak askotan dibertigarriak dira. Gaur egun, mendebaldeko drama askok tragediako eta komediako elementuak nahasten dituzte.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antzinako dramak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Adituek uste dute drama lehen zibilizazioak bezain zaharra dela. Drama, ziurrenik, jaialdi eta zeremonia erlijiosoetan erabiltzen hasi zen. Kultura askotan izan zuten euren lekua, antzinako Egipto, India eta Txinakoak barne.

Mendebaldeko dramak antzinako Grezian ditu sustraiak. Greziar dramaren urrezko garaia K. a. 400. urtean izan zen. Greziar drama bertsotan idatzi zen. Antzezle gutxi batzuek irudikatzen zituzten obrako pertsonaia guztiak. Greziar antzerkigileek koru izeneko talde batentzako zatiak ere idatzi zituzten. Korua alde batean gelditu eta ekintza deskribatu eta azaltzen zuen. Greziar tragediek jende garrantzitsuari eta kondaira edo historiako gertaerei buruz hitz egiten zuten. Garai horretako komediek sarritan burla egiten zieten garaiko figura politikoei.

Erdi Aroan (K.o. 500-1500. urteetan) Europan drama gehienak kristautasunean oinarritzen ziren. Garai honetako lan batzuek Bibliako istorioak kontatzen zituzten. Beste batzuek kristau santuen bizitzak dramatizatzen zituzten edo ikasbide moral bat aurkezten zuten.

XIV. mendean, Japonian drama forma berri bat garatu zen, Noh izenekoa. Noh drama batek japoniar kondaira klasikoak aurkezten ditu, mugimendua, musika eta hitzak erabiliz. Noh drama formako 230 istorio klasiko inguru antzezten dira gaur egun ere. Zeami izeneko gizon batek horietako 90 idatzi zituen. Noheko antzerkigilerik onena da.

XV eta XVI. mendeak dramagintzaren urrezko garaia izan ziren Ingalaterran eta Espainian. Antzerkigileek estilo askotan idatzi zuten. Garai horretako antzerkigilerik handiena William Shakespeare ingelesa izan zen. Pertsonaia errealistekin ekintzaz beteriko lan konplexuak idatzi zituen.

XVII. mendean Jean Racinek eta beste antzerkigile frantziar batzuek antzinako Grezian girotutako lanak idatzi zituzten. Haien lanek gai handiak jorratzen zituzten hizkuntza poetikoa erabiliz. Molière antzerkigile frantsesak beste lan mota bat idatzi zuen. Haren komediak garaiko gizarte frantsesaren moda eta akatsez trufatzen ziren.

Japoniako Bunraku antzerkia.

XVIII. mendean, Japonian, Bunraku izeneko txotxongilo antzerki mota bere adierazpen artistiko gorena lortu zuen. Chikamatsu Monzaemon izeneko gizon batek Bunraku motako lanak idatzi zituen, literatura eta entretenimendu gisa miretsiak izan zirenak. Erromantze historikoak idatzi zituen, baita haren garaiko jende arruntari buruzko tragediak ere.

Drama modernoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XIX. mendean eta XX. mendearen hasieran, mendebaldeko antzezlan askok jende arruntean jarri zuten arreta, errege, gerlari edo heroi ospetsuetan jarri beharrean. Lan horiek pertsonaien barne-borrokak esploratzen zituzten. Lan askok arazo sozialak ere jorratzen zituzten, hala nola gizarteko ustelkeria eta gutizia. Henrik Ibsen norvegiarrak eta Anton Txekhov errusiarrak estilo errealista honetako lanak idatzi zituzten. Ingalaterran, George Bernard Shaw antzerkigileak umorea erabiltzen zuen gizartearen arazoei aurre egiteko. Eugene O'Neillek, Estatu Batuetan, antzinako tragedietako gaietako batzuk erabili zituen, baina garai modernoagoetan kokatu zituen, eguneroko pertsonaien artean.

Bigarren Mundu Gerraren ondoren, jende asko lur jota sentitu zen munduaren egoera zela eta. Europako antzerkigile batzuek zentzu gutxiko tramak eta elkarrizketak idatzi zituzten. Bizitza barregarria dela erakusteko egin zuten hori. Haien lanak Absurduaren antzerkia izenez egin ziren ezagun.

Beste antzerkigile batzuek familiako gaiak aztertzen jarraitu zuten. Estatu Batuetan, Arthur Millerrek pertsonaia indartsuen barne bizitza eta familia gatazketan zentratzen ziren dramak idatzi zituen. Antzeko gaiak agertu ziren Tennessee Williamsen lanetan.