Wikipedia, Entziklopedia askea
Esplorazioen Aroko bidaiarik garrantzitsuenak.

Esplorazioen Aroa (aurkikuntzen aroa ere deitzen zaio), 15. mendean hasi zen eta 17. mendera arte iraun zuen, gutxi gorabehera. Europako nazioak 15. mendean hasi ziren mundua esploratzen. Horren ondorioz, Indiarako bide berriak, Ekialde Urruneko zati handi bat eta Amerika bera ere aurkitu zituzten. Esplorazioen Aroa eta Errenazimentua garai berean gertatu ziren.

Esplorazioen Aroa garai garrantzitsuenetariko bat izan zen munduko geografiaren historian. Munduko lurralde guztien mapak egin ziren denbora oso gutxian. Gainera, mapak asko hobetu ziren, eta horrek oso ondorio onak izan zituen nabigazioan. Hori dena laguntza handia izan zen ondorengo esploratzaile eta bidaiarientzako. Esplorazioen Arora arte, ez zegoen munduko hainbat lurralderen mapa osorik: adibidez, Australia ekialdeko, Afrika barnealdeko, Artikoko eta Antartikako maparik ez zegoen.

Zergatik esploratu?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erdi Aroan, europar marinelek ez zuten itsas bidaia luzerik egin nahi izaten. Garai hartako jende gehienak bezala, uste zuten mundua laua zela eta, beraz, urrutiraino iritsiz gero, itsasoaren ertzera iritsi eta handik erori egingo direla. Beste sineste oker batzuk ere bazeuden: zenbat eta hegoalderago iritsi, orduan eta beroagoa izaten zela itsasoa, eta haraino iritsiz gero uretan egosi egingo zirela; edota itsaso ezezagunetan, itsasontziak osorik irensten zituzten munstroak zeudela. Sineste hauen ondorioz, Erdi Aroko itsasgizonak kostaldetik hurbileko bidaiak baino ez zituzten egiten, leku ezezagunak esploratzeko asmorik batere gabe.

Baina XV. mendearen erditik aurrera, uste horiek baztertu eta europar marinel batzuek munduko bazter ezezagunak esploratzeari ekin zioten. Zergatik? Erantzuna oso sinplea da: aberastasunak nahi zituztelako. Esploratzaile bakar batzuek abenturaren esperientzia bizi nahi zuten, baina espedizioen helburu nagusia dirua irabaztea zen.

   Ba al dakizu   
Denbora luzez, Ameriketara joaten zirenek "Indietara" joaten zirela esaten zen. Izan ere, Amerikara iritsi ziren lehen europarrek ez zekiten kontinente hori existitzen zenik, eta Asiako Indiara iritsiak zirela uste zuten.

Nola irabazten zuten dirua espedizioekin?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Batez ere, merkataritzarako ibilbide berriak aurkituz beren nazioentzako. Otomandar Inperioak, 1453an Konstantinopla konkistatu zuen, eta India eta Txinarantz zeuden merkataritza-bideak itxi egin ziren. Merkataritza-bide horiek oso baliotsuak ziren; izan ere, produktu oso garestiak garraiatzen ziren handik, adibidez espeziak eta zeta izeneko oihala. Espedizio berriak saiatu ziren India eta Ekialde Urrunerako ibilbideak aurkitzen ozeanoa zeharkatuz.

Espedizio batzuei esker, herrialde batzuk asko aberastu ziren, urrea eta zilarra aurkitu baitzituzten. Hori gertatu zitzaien espainiarrei, Amerikara iritsi zirenean. Han, urrea eta zilarra topatzeaz gain, koloniak ipintzeko lurraldeak aurkitu zituzten, baita nekazaritzarako ere ere (azukrea, kotoia eta tabakoa landatzeko).

Beste arrazoi batzuk[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Fedeak eta erlijioak ere zerikusia izan zuten espedizioak egiteko orduan. Europan, jende gehiena kristaua zen, eta esplorazioak kristautasuna munduan zabaltzeko aukera bat ziren.

Bestalde, Errenazimentutik aurrera bereziki, munduko gauza guztiei buruzko jakintza zabaltzeko gogo handia zegoen. Jakin-min horrek jende asko bultzatu zuen munduko alderdi ezezagunetan zeuden gauzak ezagutzera joateko.

Portugal eta Espainia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Esplorazioen Aroa Portugalen hasi zen XV. mendearen hasieran. Merkatari portugaldarrek aspalditik zeuzkaten tratuak Ipar Afrikako merkatari arabiarrekin, eta urrea lortzen zuten haiengandik; haien bidez, gainera, jakin zuten urre hori Afrikako hegoaldetik zetorrela, eta, horregatik, urre horren bila joatea erabaki zuten. Bestalde, Asiatik Europara iristen ziren produktu asko, espezieak eta zeta, adibidez, oso garestiak ziren, besteak beste lurralde oso zabalak zeharkatu behar izaten zituztelako eta merkataritza-bide hori musulmanen esku zeudelako; hori dela eta, portugaldarrek pentsatu zuten beste bide bat egin zitekeela produktu horiek Asiatik Europara ekartzeko: Afrika inguratuz.

Lehen esplorazio-bidaiak Henrike Nabigatzailea izeneko printzearen babespean atera ziren. Henrikek itsasontzi batzuk bidali zituen Afrikako mendebaldeko kosta esploratzera eta horren mapa egitera. Beste edozein europar espedizio baino urrunagoraino joan ziren, eta mendebaldeko Afrikako mapa egin zuten portugesentzat. 1488an, Bartolomeu Dias portugaldar esploratzailea izan zen Afrikako hegoaldera eta Indiako Ozeanora bidaiatu zuen lehenengo europarra.

Espainiarrei ere azkar piztu zitzaien gogoa Ekialde Urrunerako merkataritza-bide bat aurkitzeko. Kristobal Kolon esploratzaileak uste zuen mendebalderantz nabigatu zezakeela, Ozeano Atlantikoa zeharkatuz Txinara iristeko. Ezin izan zituen konbentzitu portugesak espedizio hori egiteko, ordea, eta espainiarrengana jo zuen orduan. Isabel eta Fernando espainiar errege-erreginak ados egon ziren Kristobal Kolonen bidaia ordaintzeko. Horrela, 1492an, Kolonek Ameriketako "Mundu Berria" aurkitu zuen.

Beraz, Esplorazioen Aroko aitzindariak izan ziren Portugal eta Espainia. Bi herrialde hauek Tordesillasko itunaren bidez, "Mundu Berria" bien artean banatzeko akordioa egin zuten: Espainiak Amerikako eremu gehiena hartu zuen, eta Portugalek Brasil, India eta Asia.

Espainiak konkistatzaileak bidali zituen Amerika esploratzera eta hango jendea menderatzera: Hernán Cortések Mexikoko Azteka Inperioa menderatu zuen eta Francisco Pizarrok, berriz, Peruko Inka Inperioa. Espainia aberats bilakatu zen, Ameriketan aurkitutako urre eta zilarrari esker.

Bere aldetik, Portugalek Vasco da Gama bidali zuen bere mendeko lurretara 15. mendean, eta itsaso bidezko merkataritza-bide bat aurkitu zuen Afrika hegoaldeko puntatik Indiaraino joateko. Ekialde Urruna ere asko esploratu zuten, eta lehenengo europarrak izan ziren merkataritza-kolonia bat ezartzen Macaon, Txinan. Geroago, 16. mendean, Fernando Magallaes portugaldar esploratzaileak gidatu zuen munduari bira osoa emateko lehenengo espedizioa; baina, zoritxarrez, bidaian hil zen, beste marinel asko bezala, eta ezin izan zuen amaitu bidaia hura; espedizio hori bukatu zuena euskaldun bat izan zen: Juan Sebastian Elkano getariarra.

Beste herrialdeetako koloniak eta espedizioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erresuma Batuak eta Herbehereek ere koloniak ezarri zituzten "Mundu Berrian". Hala ere, azkenean Britainia Handia nagusitu zitzaien Europako gainontzeko nazio guztiei; izan ere, besteena baino askoz inperio handiagoa lortu zuen hainbat kontinentetan, eta Ameriketan hamahiru kolonia izan zituen. Kolonia horiek geroago Estatu Batuak bihurtu ziren.

Britainiarren kasuan, gainera, Sir Francis Drake esploratzaileak 16. mendean eta James Cook kapitainak 18. mendean, munduaren iparraldetik (hau da, Kanadaren iparraldeko uharte izoztuen artetik) Asiara iristeko bide bat bilatu zuten, baina ez zuten aurkitu. Roald Amundsen esploratzaile norvegiarra izan zen 1906an bide hori aurkitu zuena.