Wikipedia, Entziklopedia askea


Dogoa, Veneziako Errepublikako buruzagia.

Gobernuen historia aztertzean, kontuan izan behar da gobernua zer den eta nola funtzionatzen duen asko aldatu dela historian zehar. Ideia berriak eta gertakizun garrantzitsu ugari izan dira gobernu forma berrietarako bidea zabaldu dutenak.

Lehenengo gobernu motetan, herritarrek ez zuten benetako askatasunik, edo askatasun oso txikia zuten. Muga argi bat zegoen agintarien eta herritarren artean: leku horietan, aberastasuna eta boterea oso pertsona gutxiren esku uzteko antolatzen zen gobernua. Agintari horietako gehienak monarkak (erregeak eta erreginak) ziren, eta beraien gobernu sistema «monarkia» deitzen zen. Monarka batzuek botere militarraren bidez lortu zuten boterea, eta beste batzuek, beren gurasoen boterea eskuratu zuten.

Herrialde askotako historian aurki daitezke monarkiaren adibideak. Esate baterako, antzinako Egipton, «faraoi» izenaz ezagututako monarkek agintzen zuten; K.a. 2600. urtetik hasita, Egipto Erromatar Inperioaren parte izatera pasatu zen arte (K.a. 30. urtean) gobernatu zuten. Egipton eta beste inperio askotan, botereak familia berean iraun zuen denbora luzez; izan ere, familiako kideak bata bestearen atzetik monarka bihurtzen ziren.

K.a. 300. urtean, gutxi gorabehera, Platon filosofo greziarrak beste gobernu mota bat asmatu zuen. Pentsatu zuen agintariek pertsona duinak izan behar zutela, oinordetzan (gurasoen eskutik) edo armen indarraren bitartez boterea hartzen zuten pertsonak izan beharrean. Gobernu mota hori «aristokrazia» deitzen zen. Teorian, aristokrazia batean, pertsona jakintsuenez osatutako talde txiki batek gobernatuko zuen. Hala ere, historian egondako aristokrazia kasuetan, ikus daiteke, orokorrean, pertsona aberats edo buruzagi erlijioso gutxi batzuen esku egon zela boterea. Beraientzat etekinak atera nahi dituzten agintari gutxi batzuek gobernua osatzen dutenean, gobernu mota hori «oligarkia» deitzen da.

Demokraziaren sorrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jendea gobernu mota horiekin pozik ez zegoen neurrian, mota berri bat sortu zen: demokrazia. Demokrazia hitzak «herriaren gobernua» esan nahi du. Lehen demokrazia mota Antzinako Grezian sortu zen. Kasu batzuetan, hiri grekoak hain txikiak ziren, non hiritar guztiak elkartzen ziren gobernuko gaiei buruzko erabakiak hartzeko. Baina Greziako hiri-estatu handietan, hiritarrak ordezkatzen zituen talde txiki batek gobernatzen zuen. Gobernu mota hori «ordezkaritzako demokrazia» da. Gobernu demokratiko modernoen antzekoa da, non parlamentariek eta senatariek herritarrak ordezkatzen dituzten.

Ordezkaritzako demokrazia aristokraziaren antzekoa dela eman dezake, pertsona gutxi batzuek gobernatzen dutelako; hala ere, demokrazia batean, agintariak herritarrek aukeratzen dituzte, eta ongi ordezkatuak izaten ari ez direla uste badute, ordezkari berriak –eta ondorioz, agintari berriak– aukeratu ditzakete. Bestalde, Antzinako Greziako demokrazia mota zaharrena ez zen guztiz demokratikoa gaur egungo ikuspegitik, ez zituelako herritar guztiak ordezkatzen: bakarrik lur-jabe aberatsek ematen zuten botoa, eta emakumeak eta esklaboak ez ziren herritartzat hartzen.

Erdi Aroko gobernua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erdi Aroan zehar, Europan, gobernu gehienak errege eta erreginen esku zeuden; Elizak ere botere handia zuen, eta lur ugari zuen. Elizaren botereen artean, lurraldea gobernatuko zuen monarka izendatzeko ahalmena zegoen. Buruzagi erlijiosoek agintzen duten gobernu mota «teokrazia» deitzen da.

Erdi Aroan, Europan, oso garrantzitsua izan zen «feudalismoa», lur-jabetzarekin zerikusia zuen eskubide eta betebehar sistema bat. Errege-erreginak lur-jabe nagusiak ziren, baina gero lur horien erabilera, eta batzuetan jabetza, ematen zieten aristokraziako nobleei; noble horiek lur horietatik lortzen zuten aberastasuna; izan ere, nekazariak lurrak lantzera behartzen zituzten, eta beraiek uzta eta irabazien zati handi batekin geratzen ziren. Irabazi horietako batzuk errege-erreginei ematen zizkieten, eta gainera, gerretan haiekin batera borrokatzen ziren, zaldiekin, armadurekin eta euren gudari propioekin (batzuetan, soldadu profesionalak ziren, baina batzuetan, nekazari armatuak). Monarkentzat borrokatzen ziren nobleei «zaldunak» deitzen zitzaien.

Monarkia konstituzionala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Errege-erregina eta zaldunen konbinaketarekin, feudalismoa monarkiaren eta aristokraziaren arteko nahasketa bat zen. Gobernuak ez zuen herritarren gehiengoa ordezkatzen, eta gainera, gutxi batzuk aberasteko balio zuen. Gainera, errege-erreginetako asko oso diruzaleak ziren, eta ez ziren euren menpekoen ongizateaz kezkatzen. 1215ean, Ingalaterran, lur-jabe noble talde batek Joan Lurgabea erregeari dokumentu bat sinarazi zioten, non eskubide batzuk aitortzen zizkien. «Magna Carta» deritzan dokumentu horrek zergei muga bat ezarri zien, pertsonei modu askean bidaiatzea uzten zien, eta bidegabeki espetxeratuak izatetik babestu zuen jendea. Magna Carta konstituzio baten lehenengo adibide modernoa izan zen, herrialde bateko herritarren eskubideak eta gobernuaren botereak zehazten dituen dokumentua.

Europan, laster agertu zen gobernu mota misto bat: «monarkia konstituzionala». Jendeak beren agintariek ordezkatuak izatea exijitzen zuen, eta agintariak geroz eta handiagoak ziren nazioak gobernatzen ari ziren. Emaitza gisa, monarkek euren boterearen zati bat partekatu zuten gobernatzen lagundu ahalko zieten taldeekin. XIII. mendean, Ingalaterran, «parlamentu» izeneko gobernu-erakunde bat sortu zen. Parlamentua pertsona talde bat zen, herrialde bat gobernatzeko balio zuten legeen gaineko nolabaiteko kontrola zuena; erregeak edo erreginak oraindik herrialdea gobernatzen zuen, baina gobernuko eguneroko gaiak geroz eta gehiago parlamentuaren esku geratu ziren.

Demokrazia modernoaren sorrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1492an europarrak Amerika iritsi ondoren, Europa betiko aldatu zen. Europako agintariek itsasontziak bidali zituzten eremu berriak esploratzeko eta euren jatorrizko herrialdeentzat etekina ateratzen lagunduko zieten koloniak ezartzeko. Hala ere, Ingalaterra, Espainia, Frantzia eta beste gobernu batzuk beren kolonietatik urrutiegi zeuden, haiek arazorik gabe gobernatzeko. Koloniek, askotan, beren gobernu propioak nahi zituzten, merkataritza hobeto kontrolatzeko eta beren herritarrak babesteko. Lurralde berrietako kolonoak geroz eta haserreago zeuden koloniak gobernatzen zituzten Europako herrialdeekin. Arrazoietako bat erlijioa zen. Kolonoetako asko Amerikara joan ziren, Ingalaterran eta beste herrialde batzuetan tratu txarrak jaso zituztelako beren sinesmenengatik. Estatu Batuak euren erlijioa praktikatzeko leku segurua izango zela pentsatzen zuten.

Baina kolonoak Ingalaterrarekin pozik ez egoteko arrazoi nagusia zen ez zutela sentitzen gobernuak haien interesak defenditzen zituztela. Kolonia ingelesak lege ingelesen menpe zeuden, baina Parlamentuan ez zegoen koloniak ordezkatzen zituen politikaririk. Ingalaterrako erregea behin eta berriz ukatu zen bere koloniei botere gehiago ematera. XVIII. mendearen erdialdean, kolonoen hainbat protestak zabaldu zuten independentziarako mugimendu baten sorrera. Horrek Amerikako Iraultza ekarri zuen.

Ipar Amerikako kolonoek independentzia lortu zutenean, gobernuak hamar urte baino gehiago behar izan zituen «Amerikako Estatu Batuak» deiturikoak sortzeko. 1789an, herrialdeak bere konstituzioa onartu zuen. Konstituzioaren lehenengo hitzek, «Gu herriak», gobernu demokratikoa dela adierazten dute. Zoritxarrez, milaka urte lehenago Antzinako Grezian bezala, Estatu Batuetako lehen urteetako demokraziak ez zuen esan nahi denak ordezkaturik zeudenik; emakumeei eta esklaboei, adibidez, ez zitzaien bozkatzen uzten. Afroamerikarrek 1870ean lortu zuten bozkatzeko eskubidea, baina askotan ez zitzaien bozkatzen utzi 1960ko hamarkadara arte egondako lege injustu eta arrazisten ondorioz. Estatu Batuetan emakumeek ez zuten 1920ra arte bozkatzeko eskubidea lortu.

Askatasuna eta berdintasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1789ko Frantziako Iraultzak Amerikako Iraultzak izandako helburu bera zuen: boterea herritarren esku uztea. Frantzian monarkia kargutik kendu zuten, eta herritarrek «Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala» idatzi zuten, konstituzio gisa balio izan zuena. Frantziako eta Estatu Batuetako iraultzen arteko ezberdintasun nagusietako bat zen nola ikusten zituzten askatasuna eta berdintasuna: Estatu Batuek uste zuten beren gobernu berriaren ezaugarririk garrantzitsuena askatasuna zela. Frantziako buruzagi berriek ere sinesten zuten askatasunean, baina gainera, uste zuten euren gobernuak berdintasuna bermatu behar zuela.

Frantziako Iraultzaren efektuak zabaltzen hasi ziren neurrian, berdintasunaren ideia aldatuz joan zen. Iraultzarekin zabaldu zen ideia zen demokrazia bateko herritar guztiek eskubide berberak izan behar zituztela; baina, laster, beste pentsalari eta politikari batzuk hasi ziren esaten herritar guztiek eduki behar zituztela aberastasun berbera eta jabetza-eskubide berberak. Berdintasunaren azken ikuspegi hori sinesmen nagusia zen sozialismoarentzat eta komunismoarentzat, XIX. mendean sortutako bi gizarte teoria berrientzat.

Komunismoa eta diktadurak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1917an, iraultza batek Errusia herrialde komunista bihurtu zuen. Errusia bere inguruko beste herrialde batzuekin elkartu zenez, herrialde berriari «Sobietar Batasuna» deitu zitzaion. Nazioa komunismoaren printzipioen arabera sortu zuten: proletarioek (langileek eta nekazariek nagusiki) botere politikoa eta aberastasunen jabetza iraultzaren bidez eskuratu ondoren, estatuak nazioaren aberastasuna kontrolatzen du herritar guztien artean modu zuzenean eta berdintasunez banatzeko. Baina, horretarako, proletarioen diktadura deitzen den sistema politikoa ezarri zuten, eta alderdi bakarra onartzen zen, Alderdi Komunista hain zuzen. Sistema politiko horretan, hiritarrak ez ziren libre nahi zituzten agintariak hautatzeko hauteskunde demokratikoen bidez, eta askatasunak oso mugatuak zituzten.

Errusian ez ezik, beste hainbat herrialdetan ere –Txina, Kuba eta Ekialdeko Europako hainbat herrialde, adibidez– komunismoa nagusitu zen XX. mendearen erdialde ingurutik aurrera. Herrialde horietan pertsonek beraien erlijioa praktikatzeko, negozio propioak zabaltzeko eta beraien herrialdea uzteko eskubidea ukatu egin zen. Boterea oso pertsona gutxiren esku zegoen, eta askatasunak oso mugatuta.

Beste herrialde askotan ere egon dira diktadurak XX. mendean. Gobernu-mota honetan, diktadore batek nazioa indarraren bidez gobernatzen du, kasu askotan gerra bat irabazi ondoren, eta askotan, agintariaren aurka jartzeko edo herritarren baldintzak hobetzeko edozein ahalegin zigortzen du. Iosif Stalin Sobietar Batasunean, Adolf Hitler Alemanian, Benito Mussolini Italian eta Francisco Franco Espainian izan ziren XX. mendeko Europako diktadorerik ezagunenak. XX. mendeko diktadurek, bestalde, historiako gerrarik handienetako batzuk eta milioika hildako eragin zituzten.

Mussolinik eta Francok XX. mendeko gobernu asko karakterizatu zituen diktadura mota zehatz bat definitu zuten. Lehen, diktadoreak batez ere botere militarraz arduratzen ziren, baina Mussolinik eta Francok uste zuten estatuaren botereak gizarteko guzti-guztia hartu behar zuela bere gain. Boterean aritzeko forma hori "totalitarismo" edo "faxismo" gisa ezagutzen da; faxismoan, gobernuak pertsonen gaineko autoritate edo aginte osoa du, eta pertsonak estatuaren hobekuntzan laguntzera behartuak daude.

XX. mendearen bukaera aldean, diktadura komunista gehienentzat ezinezkoa izan zen boterean jarraitzea. Sobietar Batasuna 1990ean desagertu zen, eta kontinente guztietako beste herrialde askok lortu zuten diktaduratik sistema demokratikoetara aldatzea. Baina diktadurek eta estatu totalitarioek, oraindik ere, boterean jarraitzen dute Latinoamerikako, Afrikako eta Ekialde Hurbileko herrialde askotan.