Edukira joan

Proletarioen diktadura

Bideo honek Ikusgela proiektuko bideo bat barneratzen du
Wikipedia, Entziklopedia askea
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da.
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da. Bideoak dituzten artikulu guztiak ikus ditzakezu hemen klik eginez gero.
Iraultza eta gizarte komunista ulertzeko gakoak

Proletarioen diktadura, teoria marxista eta ideologia komunistaren arabera, trantsiziozko sistema politikoa da, proletarioek, burgesia baztertuz, aginte politikoa eta ekoizpideen jabetza (iraultzaren bidez) eskuratu ondoren, indarrean jarriko dena. Etapa honi sozialismo ere deitu dio hainbat autorek. Termino hau marxismoaren sortzaileek hartu zuten, Karl Marx eta Fiedrich Engelsek, XIX. mendean, Parisko Komuna adibidetzat hartuta.

Karl Marxen ustetan, Parisko Komunan egin zen proletarioen diktadurarako lehen saio nagusia. 1917ko Errusiako Iraultzaren ondoren, langileen diktadura abiarazi zuten boltxebikeek gobernu gisa. Sobietar Batasuneko gertaerak oinarritzat harturik, langileen diktaduraren prozedurari buruzko ikuspegi desberdinak sortu ziren pentsalari marxisten artean. Trotskiren aburuan, 1921etik aurrera Sobietar Batasunean bideratu zen prozesua, langileen diktadura baino, langileei oro har ezarri zitzaien sistema burokratiko eta askatasunen murriztailea izan zen, teori marxista-leninistetatik at. Maoren teorien arabera, bestalde, herrialde erdifeudal edota erdikolonialetan proletarioen diktadura ezarri aurretik ezinbestekoa da iraultza sozialistak eskatzen dituen baldintzak antolatzeko herri-errepublika demokratikoa eratzea, kapitalismoak egiteke utzitako aurrerapen demokratikoak proletarioek beste herri-mailekin, batez ere nekazariekin, batera burutzeko.

Pentsalari askok kontsideratzen dute, marxismoaren proletarioen diktaduraren ikuspuntua demokraziari lotuta doala eta ezin duela hartu alderdi bakarreko Estatuaren forma. Jatorria ikertu ezkero, ikusi daiteke bere helburua ez dela inoiz diktadura izan (normalean erabiltzen den zentzuan), gobernu mota demokratiko bat izango litzatekeela baizik. Teoriak dio, Estatu demokratiko bat izango litzatekeela, sufragio unibertsalduna. Hala ere, kritikoek baieztatzen dute sufragio unibertsala eta demokrazia zuzena ezin direla alderdi totalitario batekin batera egon.

1970eko hamarkadaren hasieran, Europako mendebaldeko alderdi komunista batzuek (Italia, Frantzia eta Espainiako alderdi komunistak), langileen diktadura alde batera utzi eta, sozialismorako urrats gisa, herri klaseen arteko programa bateratu baten aldeko estrategia aldarrikatu zuten, hauteskundeen eta berrikuntzen bidez. Eurokomunismo izena hartu zuen ikusmolde horrek.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]