Edukira joan

Wikipedia, Entziklopedia askea
👨‍👨‍👦‍👦
Biztanleak
23.271.000
🔎
Azalera
255.804 km²
🏙️
Hiriburua
Belgrad
📷
Argazkiak
ikusi
Jugoslaviako mapa 1988an

Jugoslavia Europako hego-ekialdeko herrialde bat izan zen 1929 eta 2003 artean. Lehengo hainbat erresuma eta lurralde batu zirenean sortu zen. Lurralde desberdin horiek Jugoslavia osatu zuten sei errepublika bilakatu ziren. Hainbat talde etniko eta erlijio zeuden nahastuta errepublika bakoitzean. Batzuetan, tirabirak sortzen ziren talde ezberdin horien artean.

XX. mende amaieran eta XXI. mende hasieran, errepublika horiek banandu eta herrialde independente bilakatu ziren, hainbat gerraren ondorioz. Herrialde horiek Bosnia-Herzegovina, Ipar Mazedonia, Kroazia, Kosovo, Montenegro, Serbia eta Eslovenia dira gaur egun.

Geografia eta biztanleria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jugoslavia Itsaso Adriatikoaren ertzean zegoen, Balkanetako penintsulan. Italia, Austria, Hungaria, Errumania, Bulgaria, Grezia eta Albaniarekin egiten zuen muga. Belgrad zuen hiriburu, gaur egungo Serbiako hiriburua.

Jugoslaviako biztanle gehienak eslaviarrak ziren, eta hizkuntza eslaviarrak hitz egiten zituzten. Eslaviarren artean, hainbat talde etniko ezberdin zeuden: Serbiarrak, montenegroarrak, kroaziarrak, esloveniarrak, mazedoniarrak eta bosniar musulmanak. Bazituzten harremanak batzuek besteekin, baina talde bakoitzak bere historia zuen, eta erlijio ezberdinetan sinesten zuten. Jugoslavian eslaviarrak ez ziren pertsona asko ere bizi ziren, hala nola albaniarrak, hungariarrak eta turkiarrak.

Jugoslaviako bandera

XIX. mende amaiera aldera, Otomandar Inperioak eta Austria-Hungariak Inperioak zuten menpean Balkanetako penintsula gehiena. Bi inperio hauek galdu egin zuten Lehen Mundu Gerra (1914-18). Gerra amaitu ostean, balkanetako lurralde batzuek herrialde berri bat osatu zuten. Serbiarren, Kroaziarren eta Esloveniarren Erresuma deitu zioten herrialde berriari. Erresuma horrek izena Jugoslaviara aldatu zuen 1929an.

Alemaniak, Italiak eta haien aliatuek Jugoslavia inbaditu zuten 1941ean, Bigarren Mundu Gerran. Urte gutxi batzuen buruan, Josip Broz Titoren gidaritzapean zeuden soldaduek inbaditzaileak herrialdetik kanporatu eta Jugoslavia askatu zuten. Orduan, Tito herrialdeko buru bilakatu zen, eta gobernu komunista ezarri zuen Jugoslavian.

Tito buruzagi indartsua zen. Hari esker, hainbat talde etniko ezberdin herrialde berean batera bizi izan ziren. 1980ko hamarkadan, ordea, aldaketa handiak gertatu ziren. Lehenik eta behin, Tito hil zen, eta ondoren, Europako ekialdeko beste hainbat herrialdetan bezala, Jugoslaviako gobernu komunista desegin egin zen.

Gatazkak hasi ziren Jugoslaviako talde etniko ezberdinen artean. 1991n eta 1992an, independentzia aldarrikatu zuten Kroazia, Eslovenia, Mazedonia (Ipar Mazedonia izena du gaur egun) eta Bosnia-Herzegovinak. Serbia gogor borrokatu zen errepublika horiek Jugoslaviatik ez banantzeko. Gerra zibil odoltsu bat izan zen herrialdean 1995era arte.

Gerra horren ondoren, Serbia eta Montenegro bakarrik geratzen ziren Jugoslavian. 2003an herrialde ezberdin bat osatu zuten, Serbia eta Montenegro izenekoa. 2006an Montenegro eta Serbia era baketsuan banandu ziren, bi herrialde ezberdin izateko. Handik bi urtera, Serbiak bere lurraldearen zati bat galdu zuen Kosovo probintziak independentzia aldarrikatu zuenean.