Wikipedia, Entziklopedia askea

Urretxindor arrunt

Banaketa mapa
Urretxindorraren banaketa mapa. Berdez, ugaltzeko eremua eta urdinez negua igarotzeko eremua

Urretxindor arrunta (Luscinia megarhynchos) animalia erreinuko hegazti bat da. Europa eta Asia hego-mendebaldean kokatzen da. Bere kantuak oso famatuak dira mundu osoan eta hainbatetan agertu dira literaturan. Hauen kantua oso ezaguna da. Arrek emeak erakartzeko abesten dute. Beste txoriek ez bezala, ugalketa garaian gauez ere abesten dute. Hegazti hau klima mediterraneoarekin loturik dago, beraz, batez ere Euskal Herriko hegoaldean agertzen da.

Nolakoa da?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urretxindor arrunta
Urretxindor arrunta

Tamaina ertaineko txori bat da. Lumaje arrea du goiko aldetik, eta zuri zikina behetik. Eztarri, bular eta sabelaldeak kolore argiagoa dute, zuriak hori kutsu batzuekin. Hegoek berriz, kolore arrea dute.

Urretxindorrak itxuraz bereiztea ez da hain erraza suertatzen, eta kantuagatik bereizi ohi da batik bat. Izan ere, ezaugarri bereizgarri askorik gabeko txori txikia da, txantxangorria baino zertxobait handiagoa. 14-17 zentimetroko luzera du eta 20-24 zentimetroko hego-zabalera. 18-23 gramo pisatu ohi du.

Isats zabala du, gaztaina kolorekoa eta begi beltz handiak, eraztun zuri batekin apainduak. Arrak eta emeak itxuraz antzekoak diren arren, askotan arrak handiagoak dira, hego-zabalera handiagoarekin. Aldiz, emeak astunagoak dira.

Hegaztiek sexu-heldutasuna urtebeterekin lortzen dute eta hiruzpalau urte inguru bizi dira batez beste.

Kantua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

      Entzun!

      Entzun!

Espezie honen ezaugarri garrantzitsuenetariko bat, kantua da. Egunez ere kantatzen duen arren, oso ohikoa ez den ohitura du gauera arte kantatzeko; bere kantua une horietan gailentzen da, ordu horietan beste txori gutxik kantatzen baitute. Gainera, indar handiagoz abesten dute hiri-inguruetan, inguruneko zarataren gainetik entzun ahal izateko. Arrek bakarrik abesten dute, emeak erakartzeko eta haien lurraldeak mugatzeko, beste ar batzuk ere bertan daudela ohartaraziz.

Non bizi da?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zuhaixka
Zuhaixka

Mota guztietako basoetan bizi dira, oihanpeetan, parkeetan, fruta-arbolen sailetan, lorategietan eta heskai ugarirekin. Erdialdeko Europan arraroa da itsas mailatik 400 metrotik gorako altueran egotea; hegoaldean aldiz, 1.000 metrorainoko eremu menditsuetan kokatzen dira.

Sastraketan kokatzen da, ur-ibilbidetatik gertu. Hosto erorkorreko basoen ertzetan ere badago, eta oihanpe trinkodun pinudietan. Zuhaixkak eta sastraka lehorrak har ditzake eremu epel eta beroetan, baita landaredi trinkoa duten hiri-eremuak ere, hala nola parkeak eta lorategi handiak.

Nola bizi dira?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Senegaleko oihan tropikal euritsua

Urretxindorrak negua Afrika tropikaleko oihan euritsuetan igarotzen dute eta apirilaren amaieran itzultzen dira, arrak emeak baino egun batzuk lehenago. Aurreko urteetako lurralde berera joaten dira, eta, ziurrenik, aurreko urteetako eme berarekin elkartuko dira.

Urretxindorrak kantua erabiltzen du komunikatzeko. Eme bat erakarri nahian dabiltzanean, arrek gauerdira arte abestu dezakete eta pisu asko galtzen dute. Galera metaboliko horren ondorioz, arrek egunak jaki bila pasa behar izaten dituzte, gehiago abesteko denbora galduz, baina era berean, harrapakarien atzaparretaz babesten dira.

Nola ugaltzen dira?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urretxindorraren arrautza
Urretxindorraren arrautza

Urretxindorren ugaltze-garaia maiatzetik ekainera da. Urretxindor arra emea aurkitzeko, gauetan abesten du. Aurkitzen duenean, arrak buztana zabaltzen du eta gora eta behera mugitzen du, hegalak astinduz eta gorputza makurtuz. Horrela, burua eta mokoa euskarri egiten duen adarraren azpitik geratzen dira.

   Ba al dakizu   
Ba al dakizu Bielorrusiako oroitzapeneko txanpon batean urretxindorra agertzen dela?



Maiatzean 5-6 arrautza jartzen ditu, oliba berde kolorekoak. Bi urretxindor gurasoek arrautzak bi aste inguru inkubatuz zaintzen dituzte. Urretxindor haurrak bi gurasoengandik elikadura lortzen dute eta 13 egunetara habiatik irteteko gai dira.

Arren proportzio handi bat (% 50 inguru) ez da parekatzen. Horrek esan nahi du kantuaren araberako sexu-hautaketa garrantzia duela.

Zer jaten du?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Inurria
Inurria

Urretxindorrak hosto artean aurkitzen du bere janaria lurrean, baina baita adar baxuetan eta hostoetan ere, eta noizean behin hegan egiten du harrapakinak harrapatzeko.

Nagusiki ornogabeak jaten ditu, batez ere kakalardoak eta inurriak, urte osoan zehar. Dieta osatzeko, fruituak, baiak (batez ere marrubiak eta gereziak) eta haziak erabiltzen ditu, uda amaieran eta udazkenean.

Urretxindorrak eta literatura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

      Entzun!

   Ba al dakizu   
Ba al dakizu urrentxindorraren kantua hain polita izanik, ipuin batzuen inspirazioa izan zela? Entzun! botoiari sakatuz ipuina aditu ahal duzu.






Desagertzeko arriskuan al dago?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urretxindor arruntaren egoera ezezaguna da, baina Euskal Herrian 4.000 bikote ugaltzaile daudela estimatzen da.

Urretxindorra hegazti arrunta da, baina ez dago erasoetatik salbu. Beste hainbeste bezala, landaredia kentzen zaien erreka eta ibai ertzetatik desagertu egiten da. Beste hegazti intsektujale batzuek bezala, ongarrien erabilerak, urretxindor arruntari ere, eragiten dio. Aitzitik, bere presentzia areagotu egiten da abandonatze prozesuan dauden nekazaritza eremuetan eta ibaiertzeko eta mendi hegaleko basoetan. Urretxindor arruntak ingurumen itzaltsu eta freskoen alde egiten du.

Desagertzeko arriskuan ez dagoen arren, ez dago gizakien ondorioetatik kanpo, eta oraingoz nahiko urretxindor arrunt egon arren, kontuan izan behar da gizakiaren presentziak eragin negatiboak izan ditzakeela. Beraz, hauen habitata eta bizimodua errespetatzea oso garrantzitsua da, animalia eta izaki bizidun guztiekin bezala. Gainera, ipuinak azpimarratzen duen bezala, askatasuna oso garrantzitsua da txori hauetan.

Gehiago jakiteko[aldatu | aldatu iturburu kodea]

https://seo.org/ave/ruisenor-comun/#

Urretxindorra kantatzen ikusteko:

https://www.youtube.com/watch?v=X3Bg6cSMpK4