Witold Lutosławski
Witold Roman Lutosławski (polonieraz ˈvitɔld lutɔsˈwafski ahoskatua;Varsovia, Polonia, 1913ko urtarrilaren 25a - ibidem, 1994ko otsailaren 7a) poloniar musikagilea izan zen. Poloniako XX. mendeko musikagile handientzat hartzen da.
Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Varsoviako Kontserbatorioan ikasi zuen. 1932-1955 urteen bitartean kontzertuak eman zituen pianista gisa, eta 1952tik aurrera orkestra-zuzendari gisa nabarmendu zen. Konposizio-irakaslea izan zen Europako eta Estatu Batuetako hainbat ikastetxetan. Gaur egungo Musikako Nazioarteko Elkartean lehendakariorde izan zen, Suediako Musikako Errege Akademiko kide eta doctor honoris causa izendatu zuten Cleveland, Chicago eta Varsovian. Hainbat sari eman zizkioten, besteak beste, UNESCO saria (hiru alditan, 1959 eta 1968 bitartean), Herder (1967) eta Ravel (1971) sariak.
Lutosławskiren lehenengo lanetan Bartóken eragina nabarmena da, baina "Hileta musika" lanaren ondoren, serialismoaren osagaiak ikusten zaizkio. Lan horren aurrekoak dira, besteak beste, "Bariazio sinfonikoak" (1938), lehenengo sinfonia (1957) eta "Bariazioak Paganiniren lan bati buruz" (1941). Gerra-garaian Panufnikekin jotzen zituen lan horiek Varsoviako gaueko klubetan. Nazioartean "Veneziar jokoak" (1961) lanarekin egin zen ospetsu. Izugarrizko arrakasta izan zuen "Kontzertua biolontxelorako" (1970) lanarekin. 1972an "Preludioak eta Fuga" egin zituen orkestra eta harirako. 1980an "Kontzertua" osatu zuen oboe eta harparako, eta harizko eta perkusio tresnetarako. 1988an Krystian Zimmerman pianistak W. Lutosławski lehiaketa sortu zuen Witold Lutosławskiren omenez.
Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
![]() |
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Witold Lutosławski ![]() |
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.