Atenastarren espedizioa

Koordenatuak: 37°06′N 15°18′E / 37.1°N 15.3°E / 37.1; 15.3
Wikipedia, Entziklopedia askea
Atenastarren espedizioa
Peloponesoko Gerra
DataK.a. 415-K.a. 413
LekuaHego-Sizilian
Koordenatuak37°06′N 15°18′E / 37.1°N 15.3°E / 37.1; 15.3
EmaitzaAtenastarren porrota
Lurralde-aldaketakSizilia
Gudulariak
Atenas
Delosko Liga
Segesta
Catania
Sirakusa
Esparta
Korinto
Buruzagiak
Nizias (exekutaturik)
Lamako
Demostenes (jenerala) (exekutaturik)
Euridemonte (jenerala)
Eutidemo Atenaskoa
Menandro (jenerala)
Gilipo
Hermokrates
Galerak
Atenastar espedizio osoa Ezezagunak

Siziliar espedizioa izenarekin ezagutzen da Atenasek Siziliara bidalitako espedizioa Peloponesoko Gerran, hau da, Dezeliako Gerra baino lehen. Ekintza hau K.a. 415-413 artean gertatu zen, Sirakusako setioa jazoera garrantzitsuena izan zen.

Hasierako nolabaiteko arrakastaren ondoren, espedizio hau erabateko hondamendia izan zen atenastar armadarentzat. Tuzididesek kontatzen digu Peloponesoko Gerraren Historian, kanpaina zuzentzen zuten jeneral atenastarrek ez zituzten Sizilia ezta siziliarrak ondo ezagutzen eta haien indarrak guztiz desegokiak ziren.

Aurrekariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Atenas eta Sizilia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Atenas ez bazen ere Siziliako arazoetan sakonki sartu, bazuen honekin nolabaiteko erlazio Peloponesoko Gerraren hasi baino lehenago, hau da K.a. V. mendetik[1]. Siziliako hiri txikientzat Atenas Sirakusaren kontrapisua zen, hau irla osoa kontrolatzeaz gai zelako. (Sirakusa, Esparta eta Peloponesoko aliatuak bezala, doriar hiria zen, Atenastarrak eta irlako haren aliatuak, berriz, joniarrak[2]. Atenastarrentzat Sizilia mehatxu bat zen –Sirakusa indartsu batek alea eta beste laguntza mota bat bidal liezaieken Peloponesokoei- eta gune bat konkista berriak egiteko[3].

K.a. 427an, Atenasek 20 itsasontzi bidali zituen, Lakesen esanetara, Lentini hiriari laguntzeko[4]. Espedizio hura, basea Reggion zuena, eskualdean zenbait urtetan egon zen borrokatzen Atenasen aliatuekin, Sirakusa eta haren aliatuen kontra, baina garaipen nabarmenik lortu gabe[5]. K.a. 425ean, Atenasek erabaki zuen kontingente hura handitzea 40 trirremerekin baina ez ziren inoiz Siziliara heldu Pilosko guduan parte hartu zutelako[6]. Ontziteria Siziliara heldu zenerako, Atenasen aliatuek eta Sirakusak itun bat sinatu zuten. Gelako Kongresuan, siziliarrek bakea sinatu zuten Sizilia siziliarrentzat leloarekin, atenastar ontziteria, beraz, etxerantz abiatu zen[7].

Gerraren egoera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

K.a. 415ean, Atenas eta Esparta bakean zeuden 421. urtean Niziasen Bakea sinatu ondoren. Itun horrek Gerra Arkidamikoari amaiera eman zion. Bakearen klausulak ez ziren inoiz bete: Espartak ez zuenez Atenasi Anfipolis entregatu, azken honek Pilosi eutsi zion. K.a. 418an, espartar eta atenastar tropak Mantinea batailan borrokatu ziren. Atenasek laguntza eman zien Argosi, Mantineari eta Peloponesoko beste hiri batzuei, eskualde honetan Espartaren kontrako aliantza ezartzeko. Ahalegin honek, luzaroan Altzibiadesek prestaturik, arrakasta izatekotan, Espartako kontrola Peloponesoko Ligaren gainean bukatuko zuen[8]. Atenastarren porrotak mendeku nahia sortarazi zion Altzibiadesi baina hori ez zen oztopo bat izan K.a. 417ko udaberrian jenerala izendatua izateko[9]. Atenasen kanpo-politikak hiritarrak banatzen zituen: Bakezko alderdia (edo Espartaren aldeko alderdia) Niziasek zuzenduta, eta Gerraren aldeko alderdia, Altzibiadesek zuzendurik[10]. K.a. 417an ostrazismo bat aldarrikatu zen Atenasen Hiperbolo bigarren mailako politikariaren kontra. Hori gauzatu ahal izateko, Altzibiades eta Nizias aliatu ziren, bestela, hauetariko bat erbesteratua izan beharko zen eta horrela Atenas ez zen seguru izango.

Arazoen hasiera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Segestaren eskaera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Peloponesoko Gerraren lehengo fasea, (Gerra arkidamikoa) K.a. 421 urtean bukatu zen Niziasen Bakearekin, non Atenasek eta Espartak 50 urtetarako bakea sinatu baitzuten. K.a. 416an, Siziliako Segesta mezulariak Atenasera joan ziren Selinonteren kontra laguntza eskatzera. Aldi berean, iradoki zuten Sirakusaren hedapena Sizilian ekidin zezaketela. Segestakoak prest zeuden atenastarren espedizio gastuak ordaintzeko.

Atenasek ordezkariak bidali zituen Segestara hiriko altxorraz ziurtatzeko eta aurrerakin moduan 60 talentu jasotzeko. Delegatuek Segestako aberastasunari buruz baiezko txostena eman zuten. Irlaren baliabideak eta zerealak ekarri ahal zituzten Atenasera. Segesta lagundu ondoren, irlaren konkista has zitezkeen. Nahiz eta Periklesek, oraindik bizirik zegoenak, aholkatu zuen atenastar inperioa gehiegi ez zabaltzea, kontseilu hau ez zen kontuan hartu.

Eztabaida[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nizias, Altzibiades eta Lamako aukeratu zituzten espedizioa zuzentzeko, Nizias interesaturik ez bazegoen ere. Hori zela eta, espedizioa irten baino bost egun lehenago batzar bat antolatu zen espedizioaren aldekoen (Altzibiadesek zuzenduta) eta kontrakoen artean (Niziasen irizpidekoak). Niziasen ustez, Atenasek ez zuen parte hartu behar interesatzen ez zitzaion gerra batean eta, gainera, zenbait urte lehenago Espartarekin itun bat sinatuta zuen, beraz, bakea kolokan zegoen. Esparta, oraindik, Atenasen etsaia zenez, arriskutsua zen denbora eta soldaduak xahutzea urrutiko gerra batean betiko etsaiak hain hurbil egonik. Niziasek adierazi zuen, Sizilia konkistatu bazuten ere, gobernaezina izango zela eta, gainera, Atenasen aliaturik ahulenak eta pobreenak etengabe matxinatuko zirela eta hauek hurbilago zeuden. Siziliarrak atenastarren beldur egongo ziren Atenas batailan frogatuta ez bazen, Atenasi Espartarekin gertatu zitzaion bezala lazedemoniarrak gerran irabazi arte. Azkenean, Niziasek espero zuen Altzibiades harroputz gazteak erkideak ez konbentzitzea, norbanako loria bilatzen zuena baino ez.

Espedizioaren aldeko hitzaldi gehiago izan ziren Altzibiadesek Niziasi erantzun baino lehenago. Honek, haren harrokeria eta gaztetasuna defendatu ondoren, esan zuen egoera Atenasek Pertsiari aurre egin zionaren antzekoa zela eta horrek Atenasko loria eta Delosko Ligaren fundazioa ekarri zuela. Espedizio horrek aterramendu berdinak ekarriko zituela eta honela, Atenas lanpetuta egongo zela bake garaian, beraz, prestatuta espartarren ustezko eraso baten aurrean. Niziasek beste hitzaldi bat eman zuen. Horren ustez, Atenasek beharko zuela itsas- eta lehorreko armada sendoago bat haren helburua lortzeko, Segestak agindutako 60 itsasontziak baino gehiago. Niziasek itxaron zuen atenastarrak espedizioari buruz duda-mudan egotea baina, hori egin beharrean, kartsu adierazi ziren. Niziasek nabarmendu zuen gutxienez 100 trirreme, 5.000 hoplita, gehi milaka tropa arinak eta beste hornidura batzuk beharko zituztela.

Hiru jeneral, hiru estrategia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espediziorako bileran, atenastarrek Altzibiades, Nizias eta Lamako izendatu zituzten buruzagiak izateko. Bigarren bileran ere, aukeraketa horri eutsi zioten. Altzibiades izan zen espedizioa proposatu zuena eta gerraren aldeko alderdiaren burua, Nizias, berriz, espedizioaren aurkakoa eta bakearen aldekoa. Lamako, bitartean, 50 urtez armadan aritu zena, Aristofanesek deskribatu zuen ''Arkaniarrak'' lanean harroputz eta pobretutako gerlaria[11]. Aukeraketa honen arrazoiak ez daude argi, baliteke bilerak gaztearen oldarkortasuna eta zaharraren zuhurtzia orekatu nahi izatea, Lamakoren eskarmentu militarra gehituz.

Errealitatean, jeneral bakoitzak estrategia ezberdina zuen. Niziasek nahi zuen ontziteria Selinontera joatea, hiri horri behartzeko Segestarekin itun bat sinatzera. Horren ostean, Siziliaren inguruan buelta bat emango zuten Atenasen indarra erakusteko eta gero etxera itzuli, non eta Segesta gai baitzen espedizioaren gastu guztiak ordaintzeko.[12] Altzibidiasek, ostera, nahi zuen diplomaziaren bidez aliatuak konbentzitzea eta gero Selinonte eta Sirakusaren kontra joatea.[13] Lamakok, bitartean, proposatzen zuen harridura-elementuaz bailiatzea zuzenean Sirakusan itsasoratuz eta hiritik kanpo bataila eman. Eraso horrek ezustean harrapatuko zuen Sirakusa eta litekeena zen berehala errenditzea[14]. Azkenean, Lamakok onartu zuen Altzibidiasen plana.

Hermen suntsiketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Prestaketa luze baten ondoren, ontzidia itsasoratzear zegoen. Aurreko gauean, norbaitek hermen kopuru handi bat apurtu zuen -harrizko irudiak, Hermes jainkoaren irudikapenekin, erabiltzen zirenak errepideak, mugak eta jabetzak adierazteko- hiriaren inguruan kokaturik zeudenak zorte ona ekartzeko. Hau espedizioaren zoritxar moduan ulertu zen. Egindako ikerketaren arabera, etsai politiko batzuek, frogarik gabe, Altzibiadesi leporatu zioten. Altzibiadesek bere burua aurkeztu zuen epaitua izateko eta errugabea zela adierazteko, baina haren etsaiak beldur zirenez armada Altzibiadesen alde jarriko ote zen, lortu zuten epaiketa atzeratzea jenerala Siziliara heldu arte.

Itsasoko Jonikoaren zeharbidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Peloponesoko Gerrak

K.a. 415ko ekainean, Pireo portutik atenastar ontziteria Korfuraino nabigatu zuen aliatuekin elkartzeko. Ontzidia hiru ataletan banatu eta buruzagi bakoitzak heren batez arduratu zen[15]. Hiru itsasontzi aurreratu ziren Sizilian aliatuak bilatzeko. Flota 134 trirremez osatuta zegoen (hauetariko 100 Atenaskoak), 5.100 hoplita (2,200 atenastarrak), 480 arkulari, 700 habailari, 120 tropa arinetakoak eta 30 zaldun. Honetaz gain, armada hornitzeko 130 itsasontzi, trirremeen tripulazioa eta ez-gerlariak beste batzuk ere[16]. Atenastarrek zorte izan zuten Siziliako hego kostaldean aliatuak aurkitzean. Tropak Reggion lehorreratu ziren eta hiru trirremeak itzuli zirenean konturatu ziren Segestak ez zuela agindutako dirua, atenastar ordezkariei ziria sartu zielako.

Niziasi, besteei ez bezala, ez zion albiste hau ezustean harrapatu. Honek proposatu zuen indar-erakustaldi bat egitea eta gero Atenasera itzultzea, baina Altzibiadesek Sirakusaren kontrako matxinadak sortarazi nahi zituen, Sirakusari eta Selinonteri eraso egin baino lehenago. Lamakok, berriz, Sirakusari zuzeneko eraso bat egin nahi zion, hiri-estatu hau Siziliako garrantzitsuena zelako.

Atenastar flota Cataniara abiatu zen non atenastar itsasontzi bat heldu zen adierazteko Altzibiades atxilotuta zegoela, ez bakarrik hermak suntsitu zituelako baita Eleusiar Misterioak profanatu zituelako ere. Altzibiades itsasontzi horretan itzuli zen, baina Turiosen (Italiako hegoaldean) porturatu zirenean, ihes egin zuen Peloponesorantz, non Espartan babes aurkitu baitzuen. Buruzagia kanpoan zegoen bitartean, Atenasek heriotza-zigorra ezarri zion, haren erruduntasuna, itxuraz, frogatuta zegoelako. Behin Espartan, Altzibiadesek atenastar inperioari buruzko ezinbesteko informazioa eman zuen.

Sirakusaren erantzuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gauzak honela, atenastarrek Selinontera joan beharrean, erabaki zuten Sirakusa erasotzea. Sirakusan atenastar armadaren antolakuntzaz entzun zutenean, ez zuten sinistu nahi espedizio hau Siziliaren kontra izango zenik. Hala ere, Sirakusako handikien ustez, Atenas Siziliara zetorren Segesta laguntzera aitzakiarekin, baina benetako asmoa zen Sirakusa erasotzea. Hermokratesek, sirakusar jeneralak, iradoki zuen Siziliako beste hiri batzuei eta Kartagori laguntza eskatzea eta Atenasen flotari Joniar itsasoan aurre egitea lehorreratu baino lehen. Beste batzuek ez zuten uste Atenas inorentzat mehatxu bat izango zenik, ezen Espartarekin gerran zegoen bitartean ez baitzen ausartuko inor erasotzea. Atenagorasek Hermokratesi eta beste batzuei leporatu zien izua zabaldu nahi zutela populazioaren artean gobernua aldatzeko.

Atenastarren lehorreratzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sizilian atenastar flota beste bi ataletan banatu zen. Armada lehorreratu orduko, Segestaren zalditeriarekin elkartu zen. Beraiek ez zuten zuzenean Sirakusa eraso egin, nahiago zutelako Catanian kanpalekuak ezartzea negua igarotzeko. Horri esker, Sirakusak denbora izan zuen defentsa prestatzeko. Sirakusarrak kontraerasora igaro zirenean Cataniara abiatuz, konturatu ziren atenastarrak, mugimendu horretaz oharturik, itsasoratu zirela eta gauez Sirakusako Portu Handian sartu eta hiriko hegoaldeko Anapo lautadan lehorreratu zirela. Hori zela eta, sirakusarrak azkar itzuli ziren hiriko defentsa prestatzera.

Sirakusako lehenengo bataila[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Atenastar tropak Sirakusako kanpoaldean kanpatu ziren eta sakonean zortzi gudarien lerroak kokatu zituzten; argostarrak eta mantinearrak eskuinaldean, gainerako aliatuak ezkerraldean, eta atenastarrak erdian. Sirakusak 16 gizonezkoen lerroak kokatu zituen atenastarren aurreratzea ekiditeko. Haiek 1.200 zaldun zituzten, atenastar zalditeria baino askoz gehiago. Gerlarien kopuruari zegokionez, berdintsua zen. Atenastarrak izan ziren lehenak eraso egitean, armadaren indartsuenak eta eskarmentatuenak zirelako, baina ustekabeko erresistentzia aurkitu ondoren, argostarrak Sirakusako armadaren ezkerraldearen kontra joan ziren erretiratzera behartuz. Sirakusako zalditeriak ekidin zuen atenastarrek Sirakusako armadan sarraski bat egitea. Bataila honetan sirakusarrek 260 soldadu galdu zituzten, atenastarrek, berriz, 50. Garaipen honek etorkizun ona adierazi zien atenastarrei, zeinak Cataniara erretiratu baitziren negua igarotzeko.

Atenastarrek Sirakusari jarritako setioa

K.a. 415eko negutik K.a. 414ko udaberrira[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sirakusarrek armada berrantolatu zuten eta infanteria astuna hasi ziren entrenatzen. Hermokratesek gutxitu zuen jeneral kopurua 15etik 3ra; Hermokrates, Heraklides eta Sikano aukeratu ziren. Hermokratesek Korinton eta Espartan laguntza eskatu zuen. Neguan zehar, Atenasek diru eta zalditeria gehiago bidali zuen, bitartean, sirakusarrek Temerites ibaia hasi ziren hormatzen setiatzaileek kontrabalazio murru bat ez eraikitzeko eta, honetaz gain, zenbait gotorleku altxatu zituzten.

Bitartean, Hermokrates eta Eufemo (Atenasko arkontea) Camarinara joan ziren aliantza bat gauzatzeko. Hermokratesek nahi zuen Camarina eta beste hiri batzuk Sirakusarekin aliantza bat egin zezatela Atenasen kontra. Eufemok esan zien Sirakusak nahi zuena zen Camarina kontrolatzea horregatik Atenasekin joan behar zuela askea izateko. Camarinatarrek erabaki zuten neutralak izatea, baina ezkutuan Sirakusari laguntza bidali zioten, hurbilago zegoelako eta hauen ustezko garaipenak beldur handiago ematen zien atenastarrena baino.

Atenasek laguntza bilatu zuen Etrurian eta Kartagon, eta biek, Atenas eta Sirakusa, saiatu ziren greziar hirien artean laguntza bilatzen. Korinton, Sirakusako ordezkariak Altzibiadesekin elkartu ziren, Espartarekin lan egiten zuena. Altzibiadesek Espartari esan zion Peloponesoko inbasioa gerta zitekeela Atenasek Sizilia konkistatuz gero, beraz, Sirakusari laguntza bidali behar ziotela eta Dezelia (Atenasen ondoan) gotortu. Atenastarrei gehien izutzen ziena zen Dezelia okupaturik izatea. Espartarrek aholkua kontuan hartu zuten eta ontziteriaren ardura Gilipori eman zioten. K.a. 414ko maiatzean, Atenastik errefortzuak heldu ziren: 250 zaldun; 30 arkulari eta 300 zilarrezko talentu, Siziliako 400 zaldun gehiago kontratatzeko erabili zirenak. Udan, Epipolasera (Sirakusako labarrera) abiatu ziren, Diomilok eta 600 sirakusarrek defendatzen zutena. Goizean, atenastarrek eraso egin zuten, gauez egindako mugimenduaren ondoren, Leonen lehorreratu ziren Euralioko atea hartuz. Diomilio eta Hermokrates heltzean, beste toki batean tropak ikuskatzen zeudela, borroka bat gertatu zen eta ondorioz, sirakusarrak hirira erretiratu behar ziren. Erasoan, Diomilo eta 300 soldadu hil ziren.

Gauzak honela, bi etsaiak hasi ziren harresi sorta bana eraikitzen. Atenastarrena, zirkulu izenekoa, ingurabide bat zen, Sirakusa Ortigia irlatik aldentzeko. Bitartean, sirakusarrek, beste kontramurru batzuk altxatu zituzten hiritik zenbait gotorlekutaraino. Atenastar armada batek, 300 soldadutakoak, lehen kontramurrua suntsitu zuen, baina sirakusarrek beste bat egin zuten, oraingoan lubanarro batekin. Honela, momentuz, atenastarrei ekidin zioten beraien harresia itsasoraino eraikitzea. Beste 300 atenastarrek erasotu eta hartu zuten harresi hau, baina sirakusarrek kontraeraso batean berreskuratu zuten erasotzaileak akabatuz, Lamako barne. Horrez geroztik, atenastar hiru buruzagietatik bakarrik Nizias geratzen zen. Sirakusarrek behera bota zuten atenastar harresiaren 300 metro, baina ezin zuten zirkulua apurtu Niziasek ondo defendatzen zuelako. Horren ostean, atenastarrek harresia itsasoraino luzatu zuten. Ekintza honekin Sirakusa lehorrez guztiz bakartu zuten eta ontziteria portuan sartu itsasoz hiria blokeatzeko. Hain larria zen egoera ezen sirakusarrek Hermokrates eta Sikano jeneralen ordez, Heraklides, Eukles eta Telias jarri baitzituzten eta hauek Niziasekin negoziazioetan hastear egon ziren.

Espartaren parte-hartzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aurrekoa baino apur bat lehenago, Gilipo espartarra errefortzuekin heldu zen Leukadera, Joniar itsasoko irla bat, handik Calabriako Lokriraino jarraitu zuen. Han konturatu zen Sirakusa ez zegoela guztiz bakartuta, orduan, Himerara abiatu zen armada bat osatzeko (2.000 hoplita, beste nolabait armatutako gerlari batzuk eta 100 zaldun). Gilipo Sirakusaraino joan zen eta han sirakusar armadarekin Eurialon elkartu zen, zaindu gabe zegoena. Berehala, Epipolasen beste kontramurru bat hasi ziren eraikitzen. Bertan bi borroka gertatu ziren; lehenegoan sirakusar armadak porrot egin zuen, baina bigarrenean irabazi zuen xabalina-jaurtitzaileei eta zalditeriari esker. Honek ahalbideratu zion Gilipori harresia bukatzea. Bitartean, Korintoko flota, Erasinedesek gidaturik, Portu Handira heldu zen. Niziasek, akiturik eta gaixorik, Sirakusa konkistatzea ezinezkoa zelako ustetan, gutun bat bidali zuen Atenasera azalduz atenastar armadaren egoera: lehorrerari zegokionez, bera zen bakartuta zegoena. Itsasontziei buruz, portuan usteltzen zirela eta gerlariak kopuru handitan hiltzen zirela. Edozein irteerak, erregai, zuhain edo uraren bila joateko, borroka bat suposatzen zuela, eta armadaren egoera eutsiezina zela. Ondorio moduan, eskatzen zuen espedizioa erretiratzea edo errefortzu berriak bidaltzea. Berak itxaron zuen lehenengo aukera kontuan hartuko zutela, baina horren ordez, errefortzu berriak bidali zituzten Eurimedonteren eta Demostenesen esanetara.

Eurimedonte segituan irten zen 10 itsasontzirekin eta Demostenes apur bat beranduago indar handiago batekin. Espartak, bere aldetik, Altzibiadesen aholkua jarraituz, K.a. 413an Dezelia gotortu zuen eta haien aurka Atenastik bidalitako gudarostea, Agis jeneral espartarrak suntsitu zuen.

Udaberria heldu bezain pronto, Gilipok aldibereko erasoa, itsasoz eta lehorrez, egin zuen. Itsasoan Sirakusako 80 itsasontzik (35 trirremek barne) atenastarren 60 itsasontzi (haietatik 25 trirreme) eraso zituzten. Atenastarrek itsasoan bakarrik 3 itsasontzi galdu zituzten, Sirakusak, berriz, 11, baina lehorrean, Gilipo atenastarren bi gotorlekuz, gariaz eta itsas-baliabideez jabetu zen. Geroago, Gilipok lortu zuen Siziliako hiri neutralak konbentzitzen harekin elkartzeko. Atenasko aliatuek, ostera, 800 korintoar hil zituzten, hauen artean Korintoko enbaxadorea.

Atenastar errefortzuen etorrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sirakusako Ortigia irla

413ko uztailean atenastarren errefortzuak etorri ziren Demostenesen eta Eurimedonteren esanetara. Armada hori hurrengo indar hauetaz osaturi zegoen: 73 trirreme, 5.000 hoplita, 3.000 arkulari, gehi habailariak eta xabalina-jaurtitzaileak. Guztira 15.000 soldadu. Heltzean, Sirakusako 80 itsasontzik atenastarrak eraso zituzten, 7 itsasontzi hondoratuz. Demostenesek lehorreratu zuen armada eta sirakusarrak eraso egin zuen Epipolasko kontramurruan. Harresian zulo bat egin zuen baina Espartako armadaren Beoziako soldaduek garaitu zuten. Atenastar soldadu asko amildegitik erori ziren eta beste batzuek hilik suertatu ziren malda behera zihoazela.

Demostenesen helduerak lasaitasun gutxi eman zien beste atenastarrei. Haien kanpalekua padura baten ondoan kokatuta zegoenez, hauetatik asko gaixotu ziren. Gauzak honela, Demostenesek uste zuen egokiena izango zela Atenasera itzultzea eta Atika Espartaren inbasioaz defendatzea, azken hauek Dezelia hartu zutelako. Nizias ez zegoen ados nahiz eta hasieran espedizioaren kontra egon. Arrazoiak ziren sirakusarren eta espartarren aurrean ez zuela nahi ahulezia erakutsi eta beste arrazoi bat izan zitekeen Atenasen epaiketa egingo ote zioten beldur izatea Sizilia konkistatu ezin zuelako[17]. Berak itxaron zuen sirakusarrak laster diru faltan egongo zirela eta gainera, hauen artean bazegoen atenastar-aldeko fakzio bat prest hiria errenditzeko. Demostenesek eta Eurimedontek uzkur onartu zuten Niziasen argudioa baina, Peloponesoko errefortzuak heldu zirenean, Nizias bat etorri zen alde egitearekin. Irteera hilabete bat atzeratu zen, baina itsasontziak itsasoratzeko prest zeudenean, K.a. 413ko abuztuaren 27an, ilargi-eklipse bat gertatu zen. Atenastarrek zoritxarreko augurio moduan interpretatu zuten, beraz, ez tropak ezta marinelak ontziratu ziren. Niziasek, apaizekin kontsultatu ondoren, adostu zuen 27 egunez irteera atzeratzea, oso superstizioso baitzen[18].

Sirakusako bigarren gudua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gilipok jakin zuenean atenastarren asmoa, aukeraz baliatu zen haren 76 itsasontziekin atenastarren 86ak portuan erasotzeko. Sirakusarrek garaitu zuten, borrokan Eurimedonte hil zen eta atenastar ontziteriak babesa bilatu behar izan zuen Portu Handian. Kostaldera bultzarazitako itsasontziak Gilipok itxaroten zituen. Espartarrak zenbait tripulazio hil zuen eta 18 batelez jabetu zen, baina atenastar eta etruriar armadak Gilipo atzera joatea behartu zuen. Atenastarrak ezin larriago egoeran zeuden. Irailaren 3an, sirakusarrak hasi ziren Portu Handiko sarrera blokeatzen trirreme eta merkataritza-itsasontzi lerro bat jarriz, ainguraturik eta elkar lotuta. Asmoa zen atenastarrak barruan itxirik uztea.

Atenastar espedizioaren amaiera

Sirakusatik kanpo, atenastarrek itxitura bat eraiki zuten zaurituak eta gaixoak kokatzeko. Gainontzekoak, irailaren 9an ontziratu ziren (hainbat lehorreko soldadu barne) azken batailarako. Ekimen horretan prest zeuden hiltzeko, baina bizirik ateratzekoan Cataniara abiatuko ziren. Flota Demostenesek, Menandrok eta Eutidemok zuzentzen zuten. Sirakusakoa, berriz, Sikanok, Agatarko Sirakusakoak zuzentzen zuten alboetan eta Piteno Korintokoak erdialdean. Etsai bakoitzak 100 itsasontzi zituen.

Atenasko itsasontziak ez ziren gai espazio estuan maniobratzeko. Nahiz eta talkak usuak izan, sirakusarrentzat errazagoa zen brankarekin atenastarren alboak zulatzea. Xabalina-jaurtitzaileek eta arkulariek bi taldeetatik erasotzen zuten baina, sirakusarrek atenastarren kakoak ekidin zituzten itsasontzien bizkarrak estaliz animalien larruekin. Denbora batez, batailak jarraitu zuen garailerik gabe, baina azkenean, sirakusarrek atenastarrak kostaldera bultzatu zituzten zeinen tripulazioak kanpalekuaren harresien ostean babestu baitziren.

Niziasek onartu zuen Demostenesen iradokizuna, hau da, berriro itsasontziak erabiltzea blokeoa apurtzeko. Orain errazago izango zen bi borrokatzaileek floten erdia galdu zutelako. Marinelek beldurtuta, ez zuten ontziratu nahi, orduan erabaki zuten lehorrez Cataniara atzera egitea.

Hermokratesek gezurrezko berriemaileek bidali zituen atenastarrei espioien presentzia adierazteko eta errepideak moztuta zeudela, beraz, seguruago izango zela zertxobait itxarotea. Gilipok atzerapen hori erabili zuen oraindik ez zeuden barrikadak altxatzeko. Bitartean, sirakusarrek etsaien itsasontziak erre edo atoian eraman zituzten atenastarrek irlatik alde egin ez zezaketen.

Sirakusaren erabateko garaipena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Irailaren 13an, atenastarrek kanpalekua utzi zuten zaurituak atzera zeramatzatela eta hildakoak lurperatu gabe. Bizirik irtendakoak 40.000 inguru ziren, ez-borrokatzaileak barne. Zaurituak arrastaka zebiltzan beraien ostean ahal zuten moduan. Aurrera joan ahala, sirakusar indar txiki bat irabazi zuten, Anapo ibaia zaintzen zuena, baina zalditeriak eta tropa arinak atenastarrak etengabe erasotzen zituzten. Erineos ibaiaren hurbil, Demostenes eta Nizias banandu ziren, eta lehenak, erasoak izan ondoren, 6.000 soldatutako tropa errenditu zuen. Gainerako Sirakusako tropek Nizias jazarri zuten Asinaro ibairaino, non atenastar tropak desantolatuta baitzeuden uraren bila korrika zihoazelako. Hainbat atenastar zapaldurik hil ziren eta beste batzuk erkideen aurka borroka egin zutenean.

Ibaiaren beste aldean, itxaroten zeuden Sirakusako tropek atenastarrak sarraskitu zituzten. Hau izan zen kanpainan zehar giza-galerarik handiena. Niziasek berak, amore eman zuen Giliporen aurrean, espartarrak 421ko bake itunean Niziasen zeregina gogoratuko zuelakoan. Ihes egin zuten bakanak Catanian babestu ziren.

Sirakusako harrobiak

Hartutako 7.000 preso Sirakusako harrobietan itxi zituzten, horrenbeste lagunentzat beste toki bat ez zegoelako. Demostenes eta Nizias exekutatuak izan ziren, Gilipok kontrakoa esan bazuen ere. Gainerakoek 10 aste pasa zituzten bat-bateko presondegi hartan esklabo izateko salduak izan arte, atenastarrak, italiarrak, eta siziliarrak izan ezik. Atenastarrei zegokienez, gosez eta gaixotasunez hil ziren harrobietan. Hauetariko alde egin zuten bakanek, Atenasera heltzean, zuzen-zuzenean hondamendiaren berriak kontatu zituzten.

Atenasen erreakzioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Atenasen hiritarrek ez zuten sinistu nahi porrotarena. Hondamendiaren tamaina agerikoa izan zenean, izu orokorra zabaldu zen, ematen baitzuen Atika erraza zela konkistatzeaz espartarrak, Dezelian egonda, oso hurbil zeudelako. Porrotak ezinegonak eragin zituen beste hiri-estatutan. Ordura arte neutral zirenak, Espartaren alde kokatu ziren, Atenasen porrota berehalakoa izango zelako ustean. Bestalde, Delosko Ligaren zenbait aliatu matxinatu ziren, eta hiriko flota berregiten hasi bazen ere, atenastarrek ezer gutxi egin ahal zuten matxinadak kontrolatzeko.

Espedizioak eta ondorengoko hondamendiak balantzaka utzi zuten Atenas. Nahiz eta 10.000 hopliten heriotza gogorra izan, kezkarik handiena ontziteriaren galera izan zen. Trirremeak ordezka zitezkeen, baina 30.000 bogalariren galera ordezka ezina zen, hortaz, Atenas fidatu behar zen prestaketa gutxiko esklaboengan ontziteriaren bizkarrezurra antolatzeko. K.a. 411n, oligarkiak Atenasko demokrazia ordezkatu zuen eta Pertsiak Espartaren alde borroka egin zuen. Etorkizuna atenastarrentzat iluna ematen bazuen ere, urte gutxitan gai izan ziren suspertzeko. Oligarkia laster desagertu zen eta Atenasek Zinosemako gudua irabazi zuen. Hala ere, Siziliako espedizioa Atenasko amaieraren hasiera izan zen. K.a. 404an, Espartak irabazi eta okupatu zuen Atenas.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Adituak ez daude ados Segestaren itunarekin; hauexek dira datarik iradokitzaileenak: K.a. 358/457, K. a. 433/432 eta K.a. 418/417. Leontinirekin egindakoa K.a. 433/432 urtean berriztu zen.
    KAGAN: The Outbreak of the Peloponnesian War, 154–4
    KAGAN: The Peace of Nicias and the Sicilian Expedition, 159–60.
  2. KAGAN: The Archidamian War, 265.
  3. FINE: The Ancient Greeks, 476. Ikusi ere TUZIDIDES: The Peloponnesian War 3.86.
  4. TUZIDIDES: The Peloponnesian War, 3.86
  5.  FINE: The Ancient Greeks, 476–8.
  6. TUZIDIDES: The Peloponnesian War, 4.1–9.
  7. TUZIDIDES: The Peloponnesian War 4.65.
  8. KAGAN: The Peace of Nicias and the Sicilian Expedition, 133.
  9. KAGAN: The Peace of Nicias and the Sicilian Expedition, 143.
  10. KAGAN, The Peace of Nicias and the Sicilian Expedition, 146–7.
  11. KAGAN: The Peace of Nicias and the Sicilian Expedition 170–171.
  12. TUZIDIDES: The Peloponnesian War, 6.47.
  13. TUZIDIDES: The Peloponnesian War, 6.48.
  14. TUZIDIDES: The Peloponnesian War, 6.49.
  15. TUZIDIDES: The Peloponnesian War, 6.49.
  16. TUZIDIDES: The Peloponnesian War, 6.43.
  17. FINE: The Ancient Greeks, 476–8.
  18. http://eclipse.gsfc.nasa.gov/LEhistory/LEhistory.html#-0412

Bibiografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • DEMAND, Nancy (1996): A History of Ancient Greece. McGraw-HillM, ISBN 0-07-016207-7
  • KAGAN, Donald (1981): The Peace of Nicias and the Sicilian Expedition, Cornell University Press, ISBN 0-8014-1367-2
  • THUCYDIDES: History of the Peloponnesian War.
  • ALTZIBIADES: En apoyo de la expedición ateniense a Sicilia (414 a. C.), Historia de la Guerra del Peloponeso, TUZIDIDESen arabera.
  • PLACIDO SUAREZ, Domingo (1993), Madrilgo Universidad Complutensekoa: La expedición a Sicilia (Tucídides, VI – VII): métodos literarios y percepción del cambio social, en Polis. Revista de ideas y formas políticas de la Antigüedad Clásica.Universidad de Alcalá. ISSN 1130-0728 5, pp. 187 - 204.
  • R. MARTIN: An Overview of Classical Greek History from Mycenae to Alexander, testua ingelesez, Perseus proiektuan aurkibide elektronikoarekin.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]