Afrikar tripanosomiasi

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Tripanosomak odol laginean.
Ohar medikoa
Oharra: Wikipediak ez du mediku aholkurik ematen. Tratamendua behar duzula uste baduzu, jo ezazu sendagilearengana.

Afrikar tripanosomiasia, loaren gaixotasuna bezala ere ezaguna dena, Trypanosoma brucei espezieko protozooek sortutako gaixotasun infekziosoa da. Parasito hau gizakiarengana eta beste zenbait animaliengana tse-tse euliaren ziztada bidez heltzen da. Infektatutako pertsona haurdun dagoen emakume bat bada, parasitoa amarengandik umekiarengana hel daiteke. Odol transfusioekin ere kontu handia izan behar da infektatuta dagoenaren odolik ez jasotzeko.

Afrikan, Sahara azpiko zenbait eskualdetan gaixotasun endemikoa da eta 50.000-70.000 milioi pertsona daude gaixotasun honekin infektatuta. Hiru epidemia handi gogoratzen dira: lehenengoa 1896-1906 artean eta beste biak 1920 eta 1970 urtetan hurrenez hurren. 2008an epidemia bat izan zen Ugandan.

Mikrobiologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Giza afrikar tripanosomiasia bi motatakoa izan daiteke sortzen duen parasitoaren arabera:

  • Trypanosoma brucei gambiense. Afrika mendebaldean eta erdialdean dago espezie hau. Kasuen %90 inguru sortzen ditu eta infekzio kronikoa eragiten du. Infektatuta dagoen pertsona batek hilabeteak edota urteak eman ditzake gaixotasunaren sintomak agertu aurretik. Sintomak agertzen direnean, gaixoa infekzioaren fase aurreratuan dagoenaren seinalea da, hau da, nerbio-sistema zentrala (NSZ) kaltetuta dago.
  • Trypanosoma brucei rhodesiense. Afrika ekialdean eta hegoaldean dago. Kasuen %10 inguru eragiten ditu eta infekzio akutua sortzen du. Lehen sintomak hilabete edo aste gutxi batzuen buruan nabaitzen dira. Gaixotasunak oso azkar egiten du aurrera eta NSZ inbaditzen du.

Tripanosomiasiaren beste forma bat Erdialdeko Amerikan eta Hego Amerikan dago. Amerikar tripanosomiasia edo Chagas-en gaixotasuna bezala ezagutzen da eta bere eragilea Trypanosoma cruzi espeziea da.

Bizi-zikloa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Trypanosoma bruceiren bizi-zikloa.

Gaixotasuna transmititzeaz arduratzen den bektorea tse-tse eulia da, Glossina generokoa, Sahara azpiko Afrikan eta Afrika erdialdean dagoena. Hala ere, euli honen espezie guztiak ez dira gaixotasuna transmititzeko gai. Espezie desberdinek habitat desberdinak dituzte, gaixotasuna transmititzen dutenak ibai eta laku inguruetan daude oihan eta sabanetan.

Tripanosomarekin infektatuta dagoen tse-tse euliak ziztada bidez transmititzen du gaixotasuna, parasitoa bere listuan aurkituko baita. Hasiera, parasitoa larruazalpeko ehun, odol eta linfan ugaltzen da. Gerora, muga hematoentzefalikoa zeharkatu eta NSZ inbaditzen dute. T.b. gambiense-ren kasuan prozesuak urteak iraun ditzake.

Tse-tse euliak infektatutako pertsona bat odola hartzeko ziztatzean, tripanosoma euliarengana pasatuko da. Bertan, hestera joan eta aldaketak jasango ditu. Ugaldu ondoren, euliaren listu guruinetara jonago da eta gizakia infektatzeko prest egongo da euliaren hurrengo ziztadan.

Honela ixten da Trypanosoma bruceiren bizi-zikloa. Ziklo honek hiru aste inguru irauten ditu.

Sintomak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaixotasunaren lehen aldian, aldi hemolinfatikoa bezala ezagutzen dena, agertzen diren sintomak sukarra, zefalea eta artikulazioetako mina dira. Parasitoak odol eta linfa bidez sartzen direnez, gongoil linfatikoen hantura ematen da. Tratatu ezean, gaixotasuna pixkanak pertsonaren defentsak gainditzen joango da eta anemia eta asaldura endokrino, kardiako eta giltzurrunekoak agertuko dira.

Gaixotasun neurologikoa parasitoak muga hematoentzefalikoa zeharkatu ondoren agertuko da. Gaixotasunaren bigarren aldi honetan, nahasmenaz gain, koordinazioaren murrizketa, nekea eta lo zikloaren asaldura izango dira, hau da, egunez logura eta gauez insomnioa. Tratamendurik jaso ezean, gaixotasuna hilkorra gertatzen da kasu guztietan. Adimenaren urripenak koma eta azkenik heriotza ekarriko du. Bestalde, aldi honetan sortutako kalteak itzulezinak izan daitezke.

Diagnostikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Diagnostikoa azterketa mikroskopikoaren bidez tripanosomen presentzia behatzean datza odol, linfa, bizkarrezur-muin edo infekzioaren garapena aurreratua den kasuetan likido zefalorrakideoan. Azterketa mikroskopikoaren aurretik, laginaren kontzentraziorako teknikak erabil daitezke.

Tratamendua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tratamendua gaixotasun dagoen aldiaren araberakoa da. Gaixotasunaren lehen aldian erabiltzen diren farmakoak ez dira hain toxikoak, administratzeko errazagoak dira eta eraginkorragoak ere bai. Zenbat eta lehenago detektatu gaixotasuna, sendabidea aurkitzeko aukera gehiago izango dira.

Bigarren aldian dagoen gaixotasunaren tratamenduan, muga hematoentzefalikoa zeharkatu eta parasitoarengana heltzeko gai den farmako bat erabili behar da. Farmako hauek askoz ere toxikoagoak dira eta beraien administrazioa konplexuagoa da.

Lehen aldiaren tratamendua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Pentamidine. 1941ean aurkitu zen zain-bidetik ematen den farmako hau. T.b. gambiensek sortutako gaixotasunaren lehen aldian erabiltzen da. Eragin desiragaitz gutxi batzuk dituen arren, gaixoek ondo onartzen dute.
  • Suramin. 1921ean aurkitu zen eta hau ere zain-bidetik administratzen da. T.b. rhodesiensek sortutako gaixotasunean erabiltzen da, lehen aldian. Gernu-aparatuan eragin desiragaitzak sortzen ditu eta zenbait erreakzio alergiko ere bai.

Bigarren aldiaren tratamendua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Melarsoprol. 1949ean aurkitu zen eta infekzioaren bi aldietan erabil daiteke zain-bidetik. Artsenikoaren deribatua da eta eragin desiragaitz asko ditu, denetan larriena sindrome entzefalopatikoa da heriotza eragin dezakeena. Afrikako alde batzuetan farmako honekiko erresistentziaren igoera nabaritu da.
  • Eflornithine. farmako hau aurrekoa bezain toxikoa ez dena, 1990ean aurkitu zen. T.b. gambiensek sortutako infekzioaren aurrean bakarrik da eraginkorra. Melarsoprolaren alternatiba da.
Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Afrikar tripanosomiasi Aldatu lotura Wikidatan