Al-Kindi
Yaʻqūb ibn Isḥāq al-Kindī (Kufa, egungo Irak, 786 - Bagdad, 873) arabiar filosofoa izan zen; arabiarren filosofoa deitua.
[aldatu] Pentsamendua
Filosofiak garai hartan zuen esanahiarekin bat zetozen alor asko landu zituen: metafisika, matematika, astronomia, astrologia, musika, gauza ezkutuen jakintza eta izadiaren zientziak.
Bilaketa filosofikoaren eta igarleen agerpenaren arteko oinarrizko adostasunak gorpuzten zuen bere teoria; logika eta filosofia biltzen dituen giza zientzia (ilm insani) eta igarleei bakarrik dagokien jainkozko zientzia (ilm ilahi) bereizten zituen; ezagutzaren bi maila zirela uste zuen eta ez inondik ere elkarren aurkako bi pentsaera.
Jainkoaren jardueraren eta izadiaren jardueraren arteko bereizketa egiten zuen. Atenasko neoplatonisten, Aristotelesen eta neopitagorikoen eragina izan zuen, baina eragin horiek islamen ikuspegi orokorraren baitan sartzen zituen; al-Kindik filosofiaren bidea argitzen duten argiontzitzat zituen egiak.
Bagdadeko Jakintzaren Etxearen ildotik itzultzaile askorekin jardun zuen elkar lanean greziarren lan klasikoak musulmanen artean zabaltzeko.
Lan asko idatzi zituen baina gehienak galdu dira.
[aldatu] Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek lizentzia librearekin laga zituen, euskal Wikipedia osatzeko proiektu baterako.
