Armand David

Wikipedia, Entziklopedia askea
An13saBot (eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 21:09, 22 urtarrila 2016
Armand David
Armand David
Armand David txinatar eran jantzita.
Datu pertsonalak
Izen osoa Jean-Pierre-Armand David Haltzueta
Jaio 1826ko irailaren 7a
Ezpeleta ( Lapurdi)
Hil 1900ko azaroaren 10
Paris (Frantzia)

Jean-Pierre-Armand David Haltzueta[1] (Ezpeleta, Lapurdi, 1826ko irailaren 7a - Paris, Frantzia, 1900ko azaroaren 10a) Euskal Herriko misiolari lazarista, zoologo eta botanikoa izan zen. Animalia, harri eta fosilak bildu zituen Txinan Parisko Natur Historiako Museoarentzat. Berari bidalitako materialetan oinarriturik espezie berriak deskribatuta, Europako zenbait biologok 70 landare mota ingururen izen zientifikoak berari eskaini zizkioten, eta Davidia generoa berariaz sortua izan da Davidia involucrata zuhaitza izendatzeko.

Hala ere Armand David, nahiz eta euskal zientzilari eta exploratzaile handienetakoa izan, ez da sobera ezaguna euskaldunen artean. Manex Hiriart-Urrutik aspalditik idatzi zuen berari buruz Eskualduna astekarian 1900. urtean:

"Eskual-herritik behinere jalgi diren jakintsun handienetarik bat izan, eta panda handia aurkitu zuen, urruneko Txina hartan, beste hainbat eta hainbat landare eta animalia berrirekin batera. Frantziako lehenengo eboluzionistetariko bat izateaz gainera, bere ekarpenak oso munta handikoak izan ziren biogeografiaren garapenerako."

Armand Daviden omenezko plaka Ezpeletan.

Haurtzaro eta gaztaroa Euskal Herrian

Armand David Lapurdiko Ezpeletan jaio zen, 1826ko irailaren 7an, Bergara etxean. Aita, Fructueux-Dominique-Génie David, notable edo jauntxo bat izan zen. Bertako sendagilea izan zen, eta baita auzapeza ere sasoi batean. Politikoki Armand Daviden aitak jarrera legitimista oso sutsuak defenditu zituen bere bizitzan zehar, eta bere ideologia seme-alabei igortzen saiatu zen. Baina aldi berean Historia Naturala gustokoa zuen gizona zen eta Armandi sortu zion naturzaletasuna eta abere, hegazti, lore eta abarrak aztertzeko zaletasuna. Ama, Rosalie Haltzueta, baionarra zen, eta familia onekoa, antza.

Armandek bi urte eman zituen Baionako Apaiztegi Handian apaizten.

Formakuntza urteak Parisen eta Italian. 1848-1862

Baionako apaiztegiaren urteak eta gero, Armand Parisera joan zen 1848an, bere nobiziadoa Lazaristekin egiteko. Orden erlijioso hau Vincent de Paulek sortu zuen 1625an et bere kideak, Lazarista izenekoak, bertako nekazaritza eremuko txiroak zein urrutiko atzerriko jendeak ebanjelizatzera bidaltzen zituen. Ordenaren diziplina zorrotza eta obedientzia erabateko zen.

Armand 1850ean apaiztu zen, berak 24 urte zituela. Orduan urrutiko herrialdetan misiolaria aritzea dauka amets, baina azkenean Ordenak Italiara bidali zuen, Sanoveko ikastetxe lazaristara, Genovatik gertu. Bertan Natura zientziak irakatsi zituen.

Sanoven beretzat oso atseginak izan ziren 10 urte eman zituen ezpeletarrak, Natur Zientzietan bere ezaguerak handituz. Bere ikasleekin batera bilduma zientifikoak osatzen zituen eta taxidermiaren teknikak ikasi ere. Bertan emandako hamar urtetan Armandek ia ahaztu zituen Txinan misiolaria ibiltzeko ametsak baina 1861ean Henri Milne-Edwards zoologoak, orduan Parisko Natur Historiaren Museoren kudeatzailea zena, Misiolariei laguntza eskatu zien Txinako landare eta animalien espezien inbentarioa egiteko. Garai hartan Txinako landaretza eta fauna oso ezezaguna zen mendebaldean. Gauzak horrela 1862an ezpeletarra Pekinen bere ordenak zeukan misiora igorria izan zen.

Pekingo inguruetan aurreneko bidaia eta esplorazioak. 1862-1866

Taiping matxinadan zehar (1850-1864)zein Nianen eta dunganenean dozenaka mila hildakoak egon ziren. Aldi berean Txinako Inperioak elkarren harturiko Frantzia eta Bretainia Handiko armada kolonialen erasoak jasan zituen.

Bibliografia

Erreferentziak

  1. Halsouet grafia frantximantean.

Kanpoko loturak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Armand David Aldatu lotura Wikidatan