Elhuyar Fundazioa

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Elhuyar Fundazioa zientzia eta teknologia gizarteratzen eta euskararen garapena bultzatzen diharduen elkarte bat da, 1972an jaioa. Kultura elkartetzat egin zituen lehen urratsak, Elhuyar Kultur Elkartea izenarekin, eta 2002an fundazio bihurtu zen.[1] Donostiako Goi Mailako Ingeniaritza Eskolan ibiliak ziren eta zebiltzan euskaltzale batzuek sortu zuten, beren gaiak euskaraz landu nahi zituztelako. Izena, berriz, Elhuyar anaien omenez jarri zioten elkarteari.[2]

Irabazi asmorik gabeko erakundea da, eta diru iturri hauek ditu: bazkideen ekarpenak, dirulaguntza publikoak eta Elhuyarrek ekoizten dituen produktuetatik lortutako mozkina.[1]

Elhuyar taldearen barruan, fundazioa ez ezik, bi sozietate mugatu ere badira:[3]

Elhuyar Fundazioaren produktu nagusiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Hiztegiak:
    • Elhuyar hiztegia. Euskara/Gaztelania - Castellano/Vasco
    • Elhuyar Ikaslearen Hiztegia
    • Dictionnaire Elhuyar hiztegia euskara-frantsesa / français-basque
    • Elhuyar dictionary hiztegia. Eusk/ing-eng/basq
    • Elhuyar Zientzia eta Teknologiaren Hiztegi Entziklopedikoa
  • Eskola liburuak
  • Dibulgaziorako liburuak eta multimedia lanak
  • Elhuyar zientzia eta teknika aldizkaria

Elhuyar Fundazioa eta Wikipedia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Elhuyar Fundazioak, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak emandako laguntzak baliatuz, euskal wikipediaren edukia aberasteko bi proiektutan parte hartu du, 2011. eta 2012. urteetan:

2011: Lur hiztegien edukiarekin Wikipedia aberastea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Wikiproiektu:Lur Hiztegiak Wikipediaratzeko Lantegia»

2010ean, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak erabaki zuen Lur hiztegi entziklopedikoaren eta Lur entziklopedia tematikoaren edukiarekin euskal wikipedia aberastea, Jaurlaritzarenak baitira hiztegi horien jabetza eskubideak.[5] Lehiaketa publikora atera zuen lan hori 2011. urtean, eta uztailean argitaratu zen Elhuyar Fundazioak irabazi zuela eduki horrekin euskal wikipediako 11.000 artikulu sortu edo osatzeko kontratua. Lehiaketa publiko horren bidez, Jaurlaritzaren helburua hau zen:

« Euskarazko eduki entziklopediko berriak sortzeko, jadanik existitzen diren eduki entziklopedikoak egokitzeko eta eduki guzti horiek euskarazko wikipedian sartzeko behar den aholkularitza eta laguntza teknikoa kontratatzea.  »

Halaxe, zenbait wikilarirekin batera Elhuyar Fundazioak egindako lanari esker, 11.015 sarrera landu ziren, helburua baino 15 sarrera gehiago. Sarrera horietatik, % 80 (8.785 sarrera) berriak ziren, hau da, lehendik euskal wikipedian ez zeudenak, eta % 20 (2.230 sarrera) lehendik wikipedia honetan sarrera ziren (xehetasun gehiago, Lur Hiztegiak Wikipediaratzeko Lantegiaren orrian).

2012: euskal wikipedia aberasteko proiektua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aurreko urtean bezala, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak euskal wikipediako edukia aberasteko beste proiektu bat abiatu zuen, eta Elhuyar Fundazioak bideratu zuen lana. Orduko hartan, ordea, 2011. urtean baino askoz murritzagoa zen diru kopurua, eta proiektuaren helburua 1.000 artikulu edukiz hornitzea zen. Irailean, lehenengo urrats gisa, 278 artikulutan txertatu zen edukiren bat; eta abenduaren 15ean bukatu zuten gainerakoak osatzen, guztira 1.001 artikulu edukiz aberastuta (Sailburuordetzak kontratuz eskatu zuena baino bat gehiago). Proiektu haren barruan landutako artikuluak kategoria honetan sartuta daude.

Sariak eta aitormenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Elhuyar Fundazioak, zientziaren dibulgazioan eta hizkuntza normalizazioan egiten duen lana dela eta, hainbat sari jaso du. Hona hemen azken urteotan jasotakoak:[6]

  • 2009: Euroscience Media Awards sarietan, Johnson & Johnson popular science TV Award saria, Teknopolis telebista saioari, zientzia dibulgazioaren Europako telebista saiorik hoberena izateagatik.
  • 2006: El Correo Digital saria, Zientzia.net webguneari, aisialdi eta zerbitzu web onena izateagatik.
  • 2006: Tecnaliaren III. Kazetaritza Sarirako accesita, Teknopolis telebista saioari.
  • 2006: Bizkaiko Foru Aldundiko Berrikuntza Sailaren saria, Teknopolis telebista saioari.
  • 2005eko eta 2006ko Rikardo Arregi Kazetaritza Saria: izendapen berezia, Elhuyar zientzia eta teknika aldizkariak plazaratutako «Erraustegiak sutan» dossierrari; eta 2006an, Elhuyarko kazetari taldeari.
  • 2002: Robotiker saria, Teknopolis telebista saioari.
  • 2002: Sareko Argia saria, Zientzia.net webguneari.
  • 2002: Toribio Echevarria saria, Elekari.
  • 2003, 2002, 2001, 2000, 1999, 1998, 1993 eta 1991: Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Migel Altzo saria.
  • 1998, 1997 eta 1989: Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Isaac López-Mendizabal saria.
  • 1994: Prentsako Argia Saria, Elhuyar zientzia eta teknika aldizkariari.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]