Atari:Portugal/Portugal

Wikipedia, Entziklopedia askea
Portugal

Portugal, izen ofiziala Portugalgo Errepublika, Europako hego-mendebaldeko estatua da, Iberiar penintsularen mendebaldean kokaturik dagoena. Iparralde eta ekialdean Espainiarekin du muga, eta mendebalde zein hegoaldean Ozeano Atlantikoarekin. Portugal kontinentalaz gain, Portugalgo Errepublikak bi uhartedi ditu Ozeano Atlantikoan: Madeira eta Azores. 1986tik Europar Batasuneko kidea da eta 1999tik Eurogunekoa.

Historia

K. a. VI. mendean Europako erdialdeko herri zeltak gaur egun Portugal den lurraldearen iparraldeko erdian finkatu eta bertako biztanleekin nahastu ziren. Haien ondorengoak, lusitaniarrak, gogor borrokatu ziren erromatarren konkistari aurre egiteko, baina K. a. 61. urtean Julio Zesar (K. a. 100-K. a. 44) jeneralaren gudarosteek Lusitania mendean hartu zuten. Erromatarrek oso eragin handia izan zuten lurraldean.

K. o. V. mendean sueboak eta alanoak sartu ziren, baina gero bisigodoen mendean geratu ziren. 711. urtean arabiar osteak Iberiar penintsulan lehorreratu zirenean bisigodoen inperioa suntsitua izan zen. X. menderako Asturias eta Leongo erregeek Mondego ibaiaren iparraldeko lurraldea eskuratua zuten, eta Portugalgo konderria sortu zuten, Asturias-Leongo erreinuaren agindupean. 1105ean Alfontso VI.a (1040-1109), Leon eta Gaztelako erregeak, Henrike Burgundiakoari Portugalgo konderria eman zion, ezkonsari gisa, Teresa bere alabarekin ezkondu zenean. Teresa eta Henrikeren semeak, Alfontso Henriquesek, musulmanei irabazi zien Ouriqueko guduan (1119) eta lurralde osoa bere mendean geratu zen, Algarve izan ezik. Handik gutxira, Leongo eta Gaztelako erregeetatik bereizirik, Portugalgo errege izendatu zuten: Alfontso I.a Portugalgoa (1139-1158).

Alfontso III.ak (1248-79) musulmanak egotzi zituen Algarvetik. Fernando I.a Ederra Portugalgo erregea 1383an hil zenean ondorengotza guduak izan ziren: nobleziak Joanes I.a Gaztelako erregearekin ezkondua zegoen Fernando I.a Ederraren alaba, Beatriz, ezarri nahi izan zuen aginpidean, baina burgesiak eta nekazariek berriz Joan Avizkoaren alde egin zuten. 1385. urteko abuztuaren 14an, Joan Avizkoaren gudarosteak Gaztelako eta Portugalgo nobleziaren parte handi baten gudarosteak suntsitu zituen Aljubarrotako guduan. Hala, Portugalek burujabetasun osoa erdietsi zuen Joan I.a Handia (1358-1433) erregearen aginpidean.

Aljubarrotako guduak nobleziaren gainbehera eta burgesia eragile baten gorakada ekarri zituen. Joanes I.a erregearen semeak, Henrike Nabigatzailea printzeak, europarren konkistei eta mundu berri baten antolakuntzari bide eman zioten itsas bidaia handiak eragin zituen Atlantikoan. 1415. urtean portugaldarrek Ceuta konkistatu zuten. 1419an Madeira uhartedia aurkitu eta hartu zuten, 1427an Azoreetara iritsi ziren, eta 1456an Cabo Verdera.


...gehiago irakurtzeko sakatu hemen