Benjamin Constant
Benjamin Constant —jaiotza-izena: Benjamin Constant de Rebecque— (Lausana, Suitza, 1767 - Paris, Frantzia, 1830) frantsesezko idazlea eta Frantziako politikaria izan zen, jatorriz Suitzakoa.
Bizitza [aldatu]
Alemanian eta Eskozian ikasi zuen. Legez kanpoko harremanak izan zituen Madame de Staël idazlearekin (1794-1808). Urte haietako gorabeherak adierazi zituen Cécile (1810) eta Adolphe liburuetan (1816). Hasieran Napoleonen aurka azaldu bazen ere, bere zerbitzuan jarri zen inperioko azken garaian (Ehun Egunak, 1815) eta Acte Additionnel izeneko konstituzioa idatzi zuen (monarkia konstituzionala ezartzeko konstituzio berria).
Monarkiaren garaian, Constant alderdi liberaleko buruzagia izan zen. 1824-1830 bitartean Erlijioaz, erlijioaren jatorriaz, formaz eta garapenaz izeneko saiakera eman zuen argitara, guztiz bukatu ez bazuen ere. Alabaina, idatzitako eleberriek, gutunek, oroitzapenek (Barne egunkariak, 1895 argitara emanak) eta autobiografiak (Kuaderno gorria, 1907an argitara emana) ekarri zioten Constanti benetako ospea. Benjamin Constant frantses literaturako maisutzat hartzen da gaur egun, eleberri psikologiko modernoaren aitzindaritzat.
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.