Madame Staël
Madame Staël, jaiotza-izenez Anne-Louise Germaine Necker (Paris, Frantzia, 1766ko apirilaren 22a - 1817ko uztailaren 14a) frantses idazlea izan zen. Garrantzi handia izan zuen Frantziako erromantizismoaren eta literatura sentiberatasun berriaren garapenean.
Luis XVI.aren finantza ministro J. Neckerren alaba zen eta bere amak antolatzen zuen areto literarioan filosofiarako zaletasuna piztu zitzaion. Hala, lehen idazlana Rousseauren obraren goraipamena izan zen. Iraultzaren aldeko jarrera harturik, bere areto literario propioan Napoleonez kexu ziren guztiak onartzen zituen. 1803an erbesteratu behar izan zuen.
1814 artean, bere Coppeteko (Suitza) egoitzatik bidaia anitz egin zituen Europan zehar, eta, besteak beste, W. Schlegel, Goethe eta Schiller ezagutu zituen. De la littérature considérée dans ses rapports avec les institutions sociales (1800, "Literatura-erakunde sozialekiko harremanen ikuspuntutik") obran bihotzaren eta irudimenaren garrantziaz ziharduen eta literatura-modu berria eskatzen zuen garai berrietarako. Hurrengo obra, De l´Allemagne (1808-1810, "Alemaniaz"), manifestu erromantiko bat izan zen. Sentiberatasuna eta idealismoa, bizi izandako gertaerak eta gizarteak eragindako emakumeen egoera apala izan ziren arrakasta handiko eleberrien gaiak: Delphine (1802) eta Corinne ou l´Italie (1807, "Korina edo Italia"). Idazle oparoa izan zen, eta, hil ondoren, Dix anées d´exil (1821, "Hamar urte erbestean") oroitzapen-liburua argitaratu zen.
[aldatu] Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek lizentzia librearekin laga zituen, euskal Wikipedia osatzeko proiektu baterako.