Elizabeth Fulhame

Wikipedia, Entziklopedia askea
Elizabeth Fulhame
Bizitza
Jaiotza1759
Herrialdea Eskozia
Heriotza1790 (30/31 urte)
Familia
Ezkontidea(k)Thomas Fulhame (en) Itzuli
Hezkuntza
Hizkuntzakingelesa
Jarduerak
Jarduerakkimikaria eta biologoa

Elizabeth Fulhame (fl. 1794) eskoziar kimikaria izan zen. Katalisiaren kontzeptua asmatzeagatik eta fotoerredukzioa aurkitzeagatik ezaguna da. Katalisia xehetasunez deskribatu zuen 1794an argitaratu zuen liburuan, Essay On Combustion with a View to a New Art of Hying and Painting, wherein the Phlogistic and Antiphlogistic Hypotheses are Proved Erroneous. Liburuak erredox erreakzioekin egindako saiakuntzak xeheki azaltzeaz gain, flogistoaren teoriaren inguruan ateratako ondorioak ere ematen ditu, zeinean ez baitzetorren bat ez flogistoaren existentziaren aldekoekin ezta aurkakoekin ere.

1798an Augustin Gottfried Ludwig Lentinek liburua alemanera itzuli zuen Versuche über die Wiederherstellung der Metalle durch Wasserstoffgas izenburuarekin. 1810ean Ameriketako Estatu Batuetan argitaratu zen kritikaren harrera ona jasoz. Urte berean, Philadelphia Chemical Societyk ohorezko kide egin zuen Fulhame. Thomas P. Smithek Fulhamen lana txalotu eta honakoa esan zuen: "orain, Fulham andereak kimikaren inguruko halako baieztapen ausartak eginik, ezin diogu (beste) sexuari zientzia honetan parte hartzeko pribilegioa ukatu"[Oh. 1].

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oso gutxi ezagutzen da bere bizitzari buruz. Eskoziarra zela uste da. Bere ezkon-abizena erabili zuen lanak argiratzeko. Thomas Fulhamekin ezkonduta zegoen, Edinburgheko Unibertsitatean hezitako eta Andrew Duncan irakaslearekin sukar puerperala ikertu zuen irlandar sendagilea. Thomas Fulhame doktorea Edinburgheko direktorioetan azaltzen zen 1784 eta 1800 bitartean (1784an Bristo Square-n, 1794an Bristo Street-en, 1799an 9 Society-n eta 1800an Brown's Square-n). Sir Benjamin Thompson Rumford kondeak behinola "Fulhame andereño argia eta alaia" hitzak erabili zituen Fulhamez aritzeko. Hala ere, kondearen iritziak bere liburuaren estiloa isla lezake.

Lana[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Fulhameren lana argiaren eraginpean oihalak metal astunekin tindatzeko modua aurkitzeko interesarekin hasi zen. Hasiera batean bere lanari An Essay on the Art of making Cloths of Gold, Silver, and other Metals, by chymical processes izenburua jartzea pentsatu zuen, baina teknikaren inperfektutasuna zela eta, bere saiakuntzen inplikazioak hobeto islatzen zituen izenburua hautatzea erabaki zuen.

Bere liburuan azaltzen duenez 1780. urtean otu zitzaion prozesu kimikoen bidez urrezko, zilarrezko eta beste metal batzuezko oihalak egitea. Proiektua Fulhame doktoreari eta beste lagun batzuei azaldu zienean, hauek ezinezkotzat jo zuten. Hala ere, denbora igaro ahala, ideia, neurri batean, esperimentuz gauzatu ahal izan zuen.[1]

Antza, 1793an Sir Joseph Priestley ezagutu ondoren, bere 14 urtetako ikerlana argitaratzeko gogoa piztu zitzaion. Fulhamek gatz metalikoen erredukzio esperimentala aztertu zuen hainbat egoeratan (ur-disoluzioetan, egoera lehorrean eta batzuetan eter- edo alkohol-disoluzietan) hauek hainbat agente erreduzitzaileren eraginpean jarriz. Ikertu zituen gatz metalikoen artean urrea, zilarra, platinoa, merkurioa, kobrea eta eztainua zeuden. Agente erreduzitzaileei dagokionez, hauek erabili zituen: hidrogenoa, gasa, fosforoa, potasio sulfuroa, hidrogeno sulfuroa, fosfina, egur ikatza eta argia. Gatz metalikoen erredukzioak metal purua ematen zuen hainbat erreakzio kimiko aurkitu zituen. Rayner-Canhamen ustez Fulhamek kimikari egin zion ekarpenik garrantzitsuena metalak ur-disoluzioen erredukzio kimikoaren bidez giro-tenperaturan prozesa zitezkeela aurkitzea izan zen, hauek tenperatura altuetan urtu beharrik gabe.

Katalisiaren inguruan egindako lan teorikoa "kimikaren historiako urrats garrantzitsua" izan zen, Jöns Jakob Berzelius eta Eduard Buchnerren lanen aurretik egina. Esperimentu bidez frogatu zuenez, oxidazio erreakzio asko ura tarteko denean soilik gertatzen dira; zuzenean ura hartzen dutela eta erreakzioaren beste fase batean ura birsortzen dela ondorioztatu zuen, substantzia hori erreakzioaren amaieran hauteman daitekeelarik. Gainera, erreakzio horietarako "mekanismo modernoak" proposatu zituen, eta baliteke horretan lehen zientzialaria izana. Oxigenoaren eginkizuna, berak deskribatu zuen moduan, garai hartako beste teorietatim nabarmen urruntzen da. Bere esperimentuetan oinarrituta, ez zegoen ados Antoine Lavoisierren ondorio batzuekin eta kritika egin zion flogistoaren teoriari ere. Ikerketak Jöns Jakob Berzeliusen lanaren aitzindari gisa ikusi izan dira. Hala ere, Fulhamek arreta gehiago ezarri zuen uretan, metal astunetan baino.

Horrez gain, Schaaf-en ustez Fulhamek zilarraren kimikari buruz egindako lanak argazkigintzaren sorrera bideratu zuen. Fulhamek argiari sentikorrak ziren kimikoen (zilar gatzen) ehun eta oihalen gaineko erabilera, 1801. urteko Thomas Wedgwooden saiakera entzutetsuak baino lehenagokoa da. Fulhame ez zen, ordea, "irudiak" edo itzal errepresentatiboak grabatzen saiatu, Wedgwoodek egin zuen moduan. Hala ere, argia erabiliz fotoerredukzioa aztertu zuen.

Lanaren harrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Liburua Alemanian eta Amerikan berriro argitaratua izateaz gain, Fulhame-ren esperimentuak Erresuma Batuko hainbat aldizkaritan aipatu ziren, eta Sir Benjamin Thompsonek Rumford konteak eta Sir John Herschelek txalotu zituzten.

Hala eta guztiz ere, 1810ean bere editore estatubatuarrak egindako liburuaren sarreraren arabera, liburua behar baino gutxiago ezagutzen zen. Egileak "zientziaren harrotasuna emakumezko batek irakatsia izateak aztoratu zuela" adierazi zuen. Izan ere, Fulhamek bere sarreran aitortu zuen zientziaren giro positiboak bere momentu historikoan bere "zientziako diktadurari" aurre egiteko erronkak zituela emakumearen ikuspegi berriari buruz, bere liburuan kontatzen duen bezala[Oh. 2]:

« Baina, beharbada, zentsura saihestezina da. Izan ere, batzuk hain ezjakinak dira, ezen kezkatu eta isildu egiten baitira eta ikaratu ikasteko itxura har lezakeen edozer gauza ikustean, edozer forma harturik ere, eta mamu horrek emakumearen antza badu, jende horrek sentitzen duen mina tamalgarria da. »
Hitzaurrea, Elizabeth Fulhame

Fulhame-k liburu batean urarekin egindako urarekin egindako murrizketen inguruko esperimentuak argitaratu zituen, lehenik eta behin, "plagiatua izan ez zedin". Gainera, liburua deskribatzean esan zuen " itsasargia izan zitekeela etorkizuneko marinelentzat" (adibidez, emakumeak). Antoine Lavoisier bere liburua argitaratu baino sei hilabete lehenago exekutatu zuten eta, beraz, ezin izan zion Fulhameren teoriari erantzun. William Higgins kimikari irlandarrak kexa adierazi zuen urak burdinaren herdoilketan zuen eraginari buruzko bere lana kontuan hartu ez zuelako, baina gehitu zuen: "liburua atsegin handiz irakurri dut eta bihotzez nahi dut bere eredu laudagarriari sexu horren gainerakoak jarrai diezaiola".

Oharrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Jatorrizko ingelesean, "Mrs. Fulham has now laid such bold claims to chemistry that we can no longer deny the sex the privilege of participating in this science also".
  2. Jatorrizko ingelesean: "But censure is perhaps inevitable: for some are so ignorant, that they grow sullen and silent, and are chilled with horror at the sight of anything that nears the semblance of learning, in whatever shape it may appear; and should be the spectre appear in the shape of a woman, the pangs which they suffer are truly dismal."

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]