Espainiako 1978ko konstituzioa

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Espainiako 1978ko konstituzioaren alea, Espainiako Kongresuan

Espainiako 1978ko konstituzioa Espainiako legediko arau gorena da gaur egun. Historikoki Espainiako Trantsizioaren fruiturik garrantzitsuena dela onartzen dute askok. Beronen bidez erregimen frankista monarkia parlamentario bihurtu zen.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1975eko azaroaren 20an Franco jenerala hil ondoren, Joan Karlos I.a izendatu zuten Espainiako errege. 1976ko uztailean Adolfo Suarezek gobernua osatu zuen eta Erreforma Politikorako proposamen bat bidali zuen Espainiako Gorteetara. Proposamen hori lege bihurtu zen Gorteek onartu eta Espainiako herritarrek erreferendumean berretsi ondoren.

Erreforma Politikorako legeak ez zuen sistema demokratikoa ezarri, baina aldaketa horretarako bidea ireki zuen. Sistema juridiko frankistan txertatu zen baina oinarri desberdinak zituen: pertsonaren oinarrizko eskubideak bortxa ezinak zirela zioen (1. art.), ahalmen legegilea herri ordezkaritzaren eskumena zela agindu zuen (2. art.) eta ordezkaritza hori proportzioz eta modu demokratikoan jartzeko bidea zehaztu zuen.

Lege horren ondorioz, 1977ko ekainaren 15ean frankismo osteko lehen hauteskunde demokratikoak egin ziren Espainian. Hauteskunde hauetatik sortutako parlamentuari konstituzioa idazteko zeregina eman zitzaion. Horretarako berariaz batzorde berezi bat sortu zuten alderdi nagusienek (UCD, PSOE, AP, PCE eta talde katalanak). Batzorde honek onartutako proposamena Kongresuak eta Senatuak onartu zuten.

1978ko abenduaren 6an egindako erreferendumean botoen %87ak baietza eman zion testuari. Erregeak izenpetu ondoren abenduaren 29an sartu zen indarrean.

Konstituzio honek bi erreforma izan ditu, 1992an eta 2011n. Lehenengoa Maastrichteko Ituna bete ahal izateko onartu zen; 13.2 artikulua aldatu zen udal hauteskundeetan Europar Batasuneko herritarrek ere hautagai izateko eskubidea izan zezaten (espainiar nazionalitatea eskuratu beharrik gabe).

Bigarren aldaketa 2011ko abuztuan proposatu zuen José Luis Rodríguez Zapatero presidenteak, aurrekontu orokorretan egonkortasun printzipioa ezartzeko. 135. artikulua aldatu zen, PSOEko, PPko eta UPNko diputatu eta senatarien aldeko botoekin. Gainerako alderdiak aurka azaldu ziren, baina ez zuten lortu ganberaren bateko kideen %10en babesa erreferendum bat egiteko.

Beste zenbait aldaketa mahai gainean daude: Koroaren oinordetzan gizonezkoen lehentasuna ezabatzea, Autonomia Erkidegoak testuan bertan zerrendatzea, Europar Batasuneko kide izaera aipatzea, etab.

Egitura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espainiako konstituzio honek bi zati garrantzitsu ditu: alde dogmatikoa eta alde organikoa. Lehenengo zatian (Hitzaurrea eta 1-55 artikuluak) konstituzioaren oinarrizko printzipioak eta herritarren eskubide eta betebeharrak zehazten dira. Bigarren zatian estatuko erakundeen funtzionamendurako arauak ezartzen dira (56-127 art.), ekonomiako printzipioak aipatzen dira (128-136 art.), estatuaren lurralde antolaketa zehazten da (137-158 art.) eta Auzitegi Konstituzionalaren funtzionamendua eta Konstituzioaren balizko erreforma zehazten dira (159-169 art.).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Espainiako 1978ko konstituzioa