Unión del Pueblo Navarro

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Nafar Herriaren Batasuna
Unión del Pueblo Navarro (UPN)
Presidentea Yolanda Barcina
Idazkari nagusia Oscar Arizkuen
Sorrera 1979
Egoitza nagusia Vianako printzearen plaza, 1
Iruñea
Ideologia politikoa eskuinekoa, foralista, kontserbadorea, kristau-demokrata eta liberala
www.upn.org

Nafar Herriaren Batasuna (berezko izena Union del Pueblo Navarro UPN gaztelaniaz) Nafarroako alderdi politiko erregionalista da. 1979an sortu zen eta 1991tik 2008ra bitartean Alderdi Popularraren (PP) ordezkaria izan da Nafarroan; akordioa hautsi arte. Alderdiko presidentea 2009tik Yolanda Barcina da. Nafarroako Gobernua UPNren esku dago.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jesus Aizpun Tuerok, Jose Angel Zubiaur, Maria Isabel Beriain, Ignacio Javier Gomara, Ramon Echeverria, Feliciano Aramendia eta Javier Chourrautekin batera, sortu zuen 1979ko urtarrilaren 3an. Alderdi eskuindar, kontserbadore, eta nafarzalea da. Nafartzale (navarrista) terminoa euskaltzale terminoarekin kontrajartzen dute. Hau da, Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoarekin bat egitearen aurka agertzen da hasiera-hasieratik. Hori dela eta, euskararekiko jarrera ez da oso aldekoa izan, aurkari politikoek, batik bat euskaltzaleek, leporatzen dioten bezala, eta egungo egoera linguistikoa, hiru eremutan (euskalduna, mistoa eta ez-euskalduna) banandutakoa, mantentzearen alde egiten du.

Espainiako UCD zentro-eskuineko alderdiaren desagerpenarekin, 1983 urtean, alderdi horretako kideen bi herenak sartu ziren UPNn. 1987an Iruñeko alkatetza lortu zuten Javier Chorrautekin, eta, 1991n, Nafarroako presidentetza.

Espainiako PPrekin elkarlanerako akordioa sinatu zuten 1991n ere. Itun honen arabera, UPN alderdi horren ordezkaria izan zen Nafarroan, eta, Espainiako mailako hauteskundeetan, UPN PPren taldearekin elkartu zen, talde berean egoteko.

1995 Juan Cruz Alli Arangurenek, garaiko UPNko Nafarroako presidenteak, CDN sortu zuen UPNtik zatiketa eraginez. Hurrengo hauteskundeetan, Allik gobernu taldea sortu zuen PSN eta EArekin, UPN oposiziora eramanda. Hala ere, hurrengo urtean, 1996an, Javier Otano gobernuko lehendakariak (PSN) Urralburu kasuan parte hartu zuela jakinarazi zen. Otanoren dimisioarekin, PSNk muzin egin zion gobernuan jarraitzeari, eta Miguel Sanz lehendakaria izaten ahalbidetu zen. Hortik aurrera, Nafarroako presidentetza UPNren esku geratu da, azken urteotan bere eszisioa den CDNrekin egindako hitzarmenari esker.

2007ko hauteskundeetan, UPN-CDN koalizioak gehiengo absolutua galdu arren, oposizioak (Na-Bai, PSN eta IUN-NEB) ezin izan zuen boterea eskuratu, PSOEk PSNri gobernu horretan parte hartzea galarazi baitzion. Hortaz, legegintzaldi horretan ere UPNk boterean jarraitu ahal izan du Nafarroan.

UPN-PP akordioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1991tik 2008ra UPN eta Espainiako Alderdi Popularraren artean akordioa izan zen, zeinaren arabera UPN PPren ordezkaria zen Nafarroan, eta PP UPNrena Espainia mailan eta Europako instituzioetan. Itun honi esker lortutako emaitza onak gorabehera, azken urteotan Miguel Sanzek PPri autonomia gehiago Espainiako Parlamentuan eskatu zion, batik bat Na-Baiko Uxue Barkosenak zirudielako nafarren ahots bakar[1]. PPk muzin egin zion proposamenari[2].

Nolanahi ere, bi alderdien arteko benetako krisia 2008ko urrian gertatu zen. Espainiako Aurrekontu Orokorren bozketan UPNko diputatutak abstenituko zirela aditzera eman zuen Miguel Sanzek, PPk kontra bozkatzen bazuen ere. Gainera, PSNk jakinarazi zuen Nafarroan UPNren aurrekontuen alde bozkatzeko prest zegoela, Madrilen UPNk egiten zuena egiten zuela. Hala ere, urriaren 10ean UPNren Kontseilu Politikoak abstenitzeko erabakia hartu zuen[3]. Diputatuen Kongresuko bozketan, UPNko diputatu batek, Carlos Salvadorrek, alderdiak esan zuen bezala egin zuen, baina besteak, Santiago Cerverak, ez zuen hala jokatu, horrela UPN eta PPren arteko ituna errespetatzen ari zelakoan[4]. Horiek horrela, urriaren 22an, Alderdi Popularrak UPNrekiko harremanak "etetzea" erabaki zuen[5]. Askorez ustez, tartean Yolanda Barcina[6], ituna guztiz ez apurtzea oraindik posible bazen ere, UPNk Santiago Cervera eta Jaime Ignacio del Burgo alderditik bota zituen[7]. Horrela, urriaren 28an PPk akordioa apurtutzat jo zuen, Nafarroako Alderdi Popularra sortuz[8].

Yolanda Barcinaren presidentetza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Yolanda Barcina 2009an bihurtu zen alderdiko buru, VIII. Batzarrean. Alberto Catalan buruordea izan zen, eta, Carlos Garcia Adanero, berriz, idazkari nagusia.

2011ko maiatzean hauteskundeak egin ziren Nafarroako Parlamenturako. UPN alderdirik bozkatuena izan zen eta 19 eserleku erdietsi zituen, aurrekoan baino 3 gutxiago. PPk, 1987z geroztik bere izenarekin aurkezten zen lehendabiziko aldian, 4 lortu zituen. Emaitza horien ondorioz, UPNk eta PSNk gobernu hitzarmena adostu zuten, eta Yolanda Barcina Nafarroako lehendakari izendatu zuten, PSNko Roberto Jimenez lehendakariorde zuela.

Udalerrietako hauteskundeak egin ziren batera. Eta haietan UPNk Nafarroako zenbait alkatetza garrantzitsu eskuratu zituen, hala nola Iruñekoa, Tuterakoa, Tafallakoa, Lizarrakoa, Barañaingoa edo Zizur Nagusikoa.

Alderdi Popularrarekiko harremana 2008an hautsi arren, UPN harekin batera aurkeztu zen 2011ko azaroan Espainian egin ziren hauteskunde orokorretara. UPNk 1. eta 3. postuak lortu zituen Kongresuko zerrendan, eta 1. eta 2. Senatukoan. Halaber, hitzartu zen UPNko diputatuak talde mistoan sartuko zirela, baina Mariano Rajoyren hautagaitza eta haren aurrekontuak babestuko zituztela.

Zerrenda bateratu horrek bi diputatu eskuratu zituen Kongresuan (bat UPNkoa eta bestea PPkoa, hortaz) eta 3 Senatuan. Hartara, Carlos Salvador izan zen berriz ere UPNko diputatu bakarra.

2012ko ekainaren 14an, Yolanda Barcinak Roberto Jimenez lehendakariordea gobernutik egotzi zuen, leialtasunik gabe jokatu zuela leporatuta.[9] Segituan, PSNko bi kontseilariek (Anai Astiz eta Elena Torres) dimititu zuten. Gobernu hitzarmena modu horretan hautsita, UPNk ez zuen behar adina eserleku Parlamentuan legerik aurrera eramateko. Hartara, 2013ko aurrekontuak 2012tik luzatu ziren.

Testuinguru horretan, CANeko dieten eskandalua zabaldu zen. 2013ko martxoan jakinarazi zen Yolanda Barcinak eta Miguel Sanzek, besteak beste, 2010eko abuztutik 2011ko ekainera arte dieta bikoitzak kobratu zituztela egun berean CANeko Sortzaileen Batzorde Iraunkorrean, bi bileraren artean tarte bat utzita.[10] Eskandalua dela eta, Yolanda Barcinak adierazi zuen dietak itzuliko zituela[11] eta Parlamentuak dimititzeko eskatu zion martxoaren 11n.[12]

Barcinak ez zuen dimititu. Handik egun batzuetara (martxoaren 17an) UPNk egin zuen IX. Batzarrean, Alberto Catalan presidenteordearekin lehiatu zuen Yolanda Barcinak alderdiko presidentetza lortzeko, aurreko asteetan hautagaitza bakarra aurkezteko ahaleginek porrot egin ondoan. Eskandalua gorabehera, Barcina atera zen garaile tarte txiki bati esker.[13].

2014ko azaroaren 10ean, Yolanda Barcinak adierazi zuen Nafarroako gobernuko presidentea izateko ez zela UPNren zerrendaburua izango 2015. urteko foru hauteskundeetan, eta, beraz, ez zen presidente karguan jarraitzeko hautagai izango[14]. Azaroaren 11ean, Yolanda Barcinak esan zuen ez ziola “une zail batean hegazkin bat pilotatzeari” uko egin, baina hemendik aurrera “kopilotua izatea” aukeratu zuela zehaztu zuen[15].

2014ko azaroaren 17an, Jose Javier Esparza Nafarroako Gobernuko Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazioko kontseilariak adierazi zuen Nafarroako Parlamenturako UPNren zerrendaburu izateko hautagaitza aurkeztuko zuela[16].

Azaroaren 19an, Esparzaren hautagaitzari babesa eman zioten Sanchez de Muniainek eta Goikoetxeak[17].

Azaroaren 20an, Rabadek UPNko zerrendaburu izateko hautagaitza aurkeztuko zuela esan zuen. Beraz, bi hautagai lehiatuko ziren zerrendaburu izateko[18].

Azaroaren 23an, Alberto Catalanek bere hautagaitza aurkeztu zuen UPNn. Beraz, guztira lau hautagai zeuden. Yolanda Barcinak, hala ere, berriro baztertu zuen primarioak egiteko eskaera, eta Salanuevak esan zuen ez egitekotan, atzera botako zuela bere hautagaitza[19]. Beraz, 232 kidek osatutako kontseiluak erabakiko zuen zein izango zen zerrendaburua, azaroaren 29an[20].

Emaitzak hauteskundeetan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nafarroako Parlamenturako[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urtea Botoak Portzentaia Eserlekuak
1979 40.764  %16,06 13
1983 62.072  %23,51 13
1987 69.419  %24,84 14
1991[21] 96.005  %34,95 20
1995[22] 93.163  %31,34 17
1999 125.497  %41,37 22
2003 127.460  %41,48 23
2007 139.122  %42,20 22
2011 111.474  %34,5 19

Espainiako Gorteetarako[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urtea Botoak Portzentaia Eserlekuak Parlamentariak
1979 28.248  %11,17 1 Jesus Aizpun
1982 76.255  %25,59 2 (UPN-AP-PDP)
1986 80.922  %29,63 2 (AP-PL-UPN)
1989 92.216  %33,18 3 (UPN-PP) Jaime Ignacio del Burgo
1993 112.228  %36,13 3 (UPN-PP) Jaime Ignacio del Burgo
1996 120.335  %37,12 2 (UPN-PP) Jaime Ignacio del Burgo
2000 150.995  %49,89 3 (UPN-PP) Jaime Ignacio del Burgo
2004 127.653  %37,60 2 (UPN-PP) Jaime Ignacio del Burgo
Carlos Salvador
2008 131.618  %39,29 2 (UPN-PP) Santiago Cervera
Carlos Salvador
2011 126.101  %38,18 2 (UPN-PP) Santiago Cervera
Carlos Salvador

Presidenteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Sanz defiende que no es ningún "estrambote" que UPN tenga un grupo en el congreso Miguel Sanzen hitzak: "PPri ere komeni zaio UPNk bere kabuz hitz egitea komeni zaio, Nafarroa Bai gutxiengoa dela argi erakusteko".
  2. [http://www.diariodenoticias.com/ediciones/2007/12/20/politica/navarra/d20nav18.1101149.php (Diario de Noticias, 2007ko abenduan)
  3. http://www.abc.es/20081010/nacional-politica/ruptura-entre-evidencia-segun-200810102036.html
  4. http://www.diariodenavarra.es/20081022/navarra/cervera-desobedece-upn-vota-pp-contra-presupuestos.html?not=2008102211415659&idnot=2008102211415659&dia=20081022&seccion=navarra&seccion2=politica&chnl=10
  5. Diario de Navarra: PPk UPNrekiko harremanak eten ditu
  6. http://www.elcorreodigital.com/vizcaya/20081024/politica/arreglo-entre-posible-como-20081024.html "Gauzak horrela, UPN eta PPren artean konpondu gaitezke."
  7. http://www.rtve.es/noticias/20081027/upn-suspende-militancia-cervera-que-voto-con-contra-los-pge-del-burgo/184548.shtml
  8. PPk alderdia sortuko du Nafarroan Berria, 2008ko urriaren 28a
  9. http://www.diariodenavarra.es/noticias/navarra/mas_navarra/2012/06/15/barcina_destituye_jimenez_83706_2061.html
  10. http://www.eitb.com/eu/albisteak/politika/osoa/1279266/can-dietak--catalanek-bere-testuinguruan-kokatu-ditu-caneko-dietak/
  11. lahttp://paperekoa.berria.info/harian/2013-03-12/002/001/barcina_inoiz_baino_estuago.htm
  12. http://www.eitb.com/eu/albisteak/politika/osoa/1282460/can-auzia--nafarroako-parlamentuak-barcinaren-dimisioa-eskatu-du/
  13. http://www.eitb.com/eu/albisteak/politika/osoa/1288238/upnren-kongresua--barcina-eta-catalan-aurrez-aurre/
  14. «Yolanda Barcina ez da berriz izango Nafarroako gobernuko presidentea», EiTB, 2014-11-10
  15. «Barcina: 'Kopilotua izango naiz orain, eskatzen didaten bitartean'», EiTB, 2014-11-11
  16. «Esparzak UPNren zerrendaburu izateko hautagaitza aurkeztuko du», EiTB, 2014-11-17
  17. «Esparzaren hautagaitza babestu dute Sanchez de Muniainek eta Goikoetxeak», Berria, 2014-11-20
  18. «UPNko zerrendaburu izateko hautagaitza aurkeztuko duela baieztatu du Rabadek», Berria, 2014-11-20
  19. «Alberto Catalanek ere hautagaitza aurkeztu du UPNn», Berria, 2014-11-24
  20. Lohizune Amatria, «Atzerako kontua zerrendaburu bila», Berria, 2014-11-25
  21. Urte honetatik aurrera PPrekin koalizioan aurkeztu zen
  22. Urte honetatik aurrera CDN eszisioa ere aurkeztu zen hauteskundeetan

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]