Espainiako trantsizioa
|
Espainiako trantsizioa |
|||||||
|---|---|---|---|---|---|---|---|
| 1975 – 1982
Monarkia absolutua (1975-1977) Monarkia parlamentarioa (1977tik) |
|||||||
|
|
|||||||
Espainiako mapa |
|||||||
| Francoren heriotza | 1975eko azaroaren 20a | ||||||
| Konstituzioa | 1978ko abenduaren 29a | ||||||
| Estatu-kolpea | 1981eko otsailaren 23a | ||||||
| Hiriburua | Madril | ||||||
| Hizkuntza(k) | Gaztelania | ||||||
| Dirua | Pezeta | ||||||
| Ereserkia | Errege Martxa | ||||||
|
|||||||
Espainiako trantsizioa da Francoren diktaduraren amaieratik hasi eta Mendebaldeko herriek demokratikotzat onartutako estatua bihurtu zen arteko denbora. Espainiaren historialariek bi data jarri ohi dituzte mugarritzat: hasiera Francisco Franco diktadorearen heriotza eguna da (1975eko azaroaren 20a); eta amaiera, berriz, PSOE hauteskunde orokorretan garaile atera zen eguna (1982ko urriaren 28a). Trantsizio horrekin kritikoak diren hainbatek Espainiako Borboien bigarren berrezarkuntza izenaz aipatzen dute (nahiz eta, berez, Borboi leinuak Espainiako erregetzan izan duen hirugarren berrezarkuntza den), eta aldia oraindik ez dela bukatu deritzote.[1][2] Bestetik, prozesu horrekiko aldekotasuna erakutsiz, Espainiako trantsizio demokratikoa izena ere hartzen du.
Francok esan zuen bere ondorengotza “lotuta eta ondo lotuta” utzi zuela. Urte haietan frankismoko buruzagi gorenek gerra zibiletik herriaren baitan txertatutako beldurra erabili zuten eskatutako aldaketak beraiek nahi zituzten mugetaraino soilik iristeko eta, gainera, diktaduraren baitako krimen larriak inolako zigorrik gabe gera zitezen. Elkarbizitzaren beharra gogoratuz eta beste gerra zibil bat ez pizteko mezua behin eta berriz errepikatzearen indarrez, egindako krimenen inguruko isiltasunak iraun egin zuen, krimen horiek bizi izan zituzten belaunaldiak hil arte.
[aldatu] Joan Karlos I.a erregea diktaduraren jarraitzaile gisa
Joan Karlos I.ak bere erregetza frankismoaren legalitatea apurtu gabe hasi zuen. Mugimenduaren Printzipioak zin egin zituen eta frankismoan onartutako gorteen aurrean koroatu zen. "Estatuaren Lege Organikoa" errespetatu zuen bere lehen gobernuburua izendatzeko. Bere lehen hitzaldian sistema politikoa aldatzeko borondatea adierazi zuen.
Franco jenerala hiltzean, Joan Karlos Borboikoa Espainiako Erresumako errege izendatu zuten 1975eko azaroaren 22an, Francok indarrean jarritako oinordekotza legeari jarraituz. Ordutik aurrera, plan bati jarraituz eraman zen trantsizio izeneko prozesua. Plan hori mendebaldeko herriek, Espainiako eta nazioarteko kapitalismoak, oposizioko alderdi nagusienek eta frankismoaren erregimenaren barruko koadroek jarri zuten martxan. Helburua, estatu frankista homologatutako estatu demokratiko bihurtzea izan zen.
Plan horren arazoa beste bat zen: Aldaketa proposatzen zuten mugimenduek gehiegizkotzat har zitezkeen garaipenak ez lortzea hain zuzen. Horrela, frankismoaren koadro guztiek bere lekuetan jarraituko zutela ziurtatu zen, funtzionarioen mailatik hasi (irakasle, polizia, epaile, mediku... izan), eta militarretaraino iritsiz. Halaber, koadro politiko gehienek ere ziurtatua zuten bere jarraipena, "zentroko" partidu berrian (UCDn). Jarraipena zainduko zen, estatuburutik hasi eta estatuaren azken ordezkariraino. Eliza Katolikoaren estatus bereziari eusteko asmoz pausua eman zen konkortatu berri baten bitartez, 1978ko konstituzioa baino lehen hitzartua. Konkordatu horrek, Eliza Katolikoari estatus fiskal berezia ematen zion, hezkuntza eta dirulaguntzetan pribilegio egoera mantentzen ziona.
Gauzak horrela, sustraitutako botere hauen guztien eta aldaketazale ziren besteen arteko lehia gisa jokatu ziren urte horietako aldaketa guztiak. Gehiegizko eskaeren aurrean armadaren mehatxu inplizitu eta esplizituak gertatu ziren, oraindik jendearen memorian zirauen 1936ko Gerra eta haren osteko errepresio bortitzaren beldurra baliatuz, jendartea posizio mugatu batzuetan mantentze aldera.
Jarrera hau Torcuato Fernández Mirandak jarri zuen hitzetan zera esanda: "legetik legera joan behar da legearen bitartez". Jarrera honen aurka baziren erregimenean inolako aldaketarik nahi ez zuten sektoreak, "ultrak" eta armadako zenbait buru. Platajunta oposizio demokratikoko alderdien batura (Junta Democrática de España eta Plataforma de Convergencia Democrática), hasiera batean lege hausturaren alde zegoen.
[aldatu] Monarkiaren lehen gobernua
Carlos Arias Navarrok 1976eko urtarriletik uztailera lehen gobernua eratu zuen. Hasiera batean argi eta garbi jo zen jarraipenaren alde zegoen gobernu bat osatzera: Manuel Fraga Iribarne (Gobernazioa), Jose Maria Areiltza (Atzerri Arloak), Antonio Garrigues, (Justizia). Demokristau bat ezarri zen, Alfonso Osorio (Presidentzia), eta frankismoaren aparatuetako bi aditu: Rodolfo Martín Villa (Sindikatuak) eta Adolfo Suarez (Mugimenduaren ministro). Defentsan frankista amorratu bat ezarri zen: Fernando de Santiago.
Aldaketak oso xumeak izan ziren, Batzartze eta Elkarretaratze Legea (“ley de Reunión y Manifestación”), baimenik gabeko bilerak onartzen zituena eta Elkarte Politikoen Legea (“ley de Asociaciones Políticas”) alderdi politikoak onartzen zituena, partiduak izan gabe.
Aldi hartan, gero eta manifestazio gehiago zeuden amnistiaren alde. ETAk atentatuekin jarraitzen zuen. 1976ko urtarrilean sei mila langilek greba hasi zuten Gasteizen lan baldintza hobeen alde eta gehienezko soldaten dekretuaren aurka. Martxoan greba orokorrerako deialdia egin eta aho batez bete zen martxoaren 3an. Egun horretan, Gasteizko San Frantzisko elizan sartu zen polizia armatua. Langileen batzar bat egitea zegoen pentsatua eta poliziak eliza husteko agindua eman eta betearazi zuen, elizako erretorearen hitzei eta konkordatoren edukiei jaramonik egin gabe. Gas negar eragileak jaurtiki zituzten. Langileak elizatik korrika atera zirenean, borra kolpeka hartu zituzten alboetatik zihoaztenak eta aurrez aurre aurkitutakoak metraileta eta pistola tiroka. Hildakoak hauek izan ziren: Pedro María Martínez Ocio, Forjas Alavesaseko langilea, 27 urte; Francisco Aznar Clemente, okina eta ikaslea, 17 urte; Romualdo Barroso Chaparro, “Agrator”ekoa, 19 urte; José Castillo, “Basa”koa (Grupo Arregui), 32 urte. Bi hilabeteren buruan hil zen Bienvenido Pereda, “Grupos Diferenciales”ekoa, 30 urterekin. Lau oso larriki zaurituak. Hirurogei baino gehiago larriki zaurituak, erdiak bala tiroz. Ehundaka arinki zaurituak.
Alemaniako PSDko zuzendariak bertan behera utzi zuen Fraga Iribarnerekin hitzartutako bilera, hau nazioartean erreforma “saltzeko” ahaleginak egiten ari zela. Hilabeteak iraun zuten protestaldiek eta gobernuaren aurkako greba eta mobilizazioek.
[aldatu] Jurramendiko gertakariak
1976ko maiatzaren 9an, karlismoa Frankoren partidu bakarreko erregimenaren osagarrietako bat zen, Falangearekin batera. Urte hauetan karlismoaren bi adar elkarrengandik aldentzen ari ziren eta frankismo osteko aparatuak karlismoa kontrolpetik galtzeko arriskua ikusten zuen.
Hortaz, talde paramilitarrek frankismotik aldentzen ari zen adarra zigortu zuten Jurramendin urtero karlistek egiten zuten Viacrucisean. Iratxeko monasteriotik karlisten prozesioa irtetear zegoela harrika eta borra kolpeka hartu zituzten. Erasotzaileetako batek pistola atera eta karlista bat hil zuen. Hori guztia Guardia Zibila eta Polizia Armatua hantxe zeudelarik gertatu zen, haiek ezertxo ere egin gabe.
Prozesioak aurrera jarraitu zuenean, mendi gailurrera iristen ari zela, beste hildako bat eta zauritu batzuk izan ziren beste eraso batean. Inguruan hainbeste polizia egonik, gobernua erasotzaileen babesle izan zela salatu zuen oposizio demokratikoak. Oso gutxi auzipetu ziren eraso horiengatik eta denak 1977ko amnistiak askatu zituen.
[aldatu] ETA, GRAPO, eta ultraeskuinaren erasoa
GRAPO ezker marxistako taldeak, 1977ko urtarrilean bi polizia eta guardia zibil bat hil eta Villaescusa jenerala eta Antonio Oriol Estatu Kontseiluko burua bahitu zituzten.
ETA, eusko abertzalea eta marxismo-leninsmoan oinarritutako iraultzaren aldekoa, Espainiako estatuaren aparatuen aurkako erasoan jarraitu zuen.
Ultraeskuindarrek komunisten aurka egin zuten batez ere. Atochako sarraskian, 1977ko urtarrilaren 24an, Espainiako Alderdi Komunistako eta Langile Komisioetako (CCOO) bost lan arloko abokatu hil zituzten eta lau zauritu.
Oposizoko alderdiak "Coordinación Democrátican" elkartu ziren, gobernuak sektore moderatuenak erakartzeko mugimenduak egiten baitzituen, katalan eta eusko abertzaleak eta PCE kanpoan utziz. Gobernu barruan tentsioak areagotzen hasi ziren, Carlos Arias Navarrok alde batetik eta Fragak eta Areilzak bestetik, partidu politikoen lege berria indarrean jarri nahi baitzuten. Fernandez Mirandak azkenean legearen alde egitea erabaki zuen. Honekin, erregea eta bere ingurua gobernuburua aldatzearen alde zeudela agerian gelditu zen, eta 1976ko uztailaren 5ean Arias Navarrok dimisioa eman zuen.
[aldatu] Adolfo Suárezen lehen gobernua (1976ko uztaila – 1977ko ekaina)
Torcuato Fernández Miranda Erresumako Kontseiluko presidenteak proposaturik, Adolfo Suárez ezarri zen gobernuburu. Helburua, frankismoan izendatutako gorteek aldaketak onartzea zen, baina aldi berean, Francoren legalitatea onartuz, armada beti atzean egonda.
Fraga eta Areilza gobernutik atera ziren, eta Suárezek bere programa aurkeztu zuen:
- Erreforma Politikoreko Legea (Ley para la Reforma Política) egitea, gorteek onartu ondoren herritarrek erreferendumean bozkatu beharrekoa. Ondoren prozesu konstituziogile bat irekitzea.
- 1977ko ekainaren 30a baino lehen hauteskunde demokratikoetara deitzea.
[aldatu] Suárezen programa burutzea
[aldatu] 1977ko erreforma politikoa
1976ko irailean onartu zuten gorte frankistek Erreforma Politikorako Legea (Ley para la Reforma Política), praktikan sistema frankistaren atea irekitzen zuena eta prozesu demokratiko bateranzko bidea errazten zuena. Fernández Mirandaren mugimenduei esker, 425 boto izan zituen alde lege honek Frankok aukeratutako gorteetan, 59 aurka eta 13 abstentzio.
Ondorengo Erreferendumean, hauteskundeetako erroldaren %77,72k parte hartu zuen eta % 94ek baiezko botoa eman zuten. Ondoren, bidea irekita zegoen Gorte Konstituziogileetako diputatuak aukeratzeko eta Konstituzio demokratiko berria egiteko. Elkarte Politikoen Legea aldatzea izan zen hurrengo pausua, oposizioko partiduek hauteskundeetan parte hartzeko aukera izan zezaten. Horretarako, Zigor Kodea ere aldatu egin behar izan zen, honen arabera delitua baitzen espainiar batasunaren aurkako alderdietan (abertzaleak) eta nazioarteko mugimenduen parte zirenetan (PCE) militatzea.
Epe honetan legeztatu ziren partiduak honako hauek izan ziren:
- Eskuin muturra
- Fuerza Nueva, CEDADE eta Falange Española. Frankismora itzultzea helburu zutenak.
- Eskuina
- Alianza Popular (gaurko Partido Popular): Manuel Fragak sortua, eskuin frankistaren ideiekin bat egiten zuena. Teorian sektore frankistei demokraziarako bidea erakutsi nahi zien.
- Euzko Alderdi Jeltzalea (EAJ).
- Pacte Democràtic per Catalunya (PDC), honen barnean Jordi Pujolen Convergencia Democrática de Catalunya zegoela.
- Erdikoa
- Unión de Centro Democrático (UCD). Adolfo Suárezek sortua. Demokristauak, sozialdemokratak, liberalak eta zentruko eskuin eta ezkerreko jendea barnean hartzen zuena. Bertan sartu ziren irekitzearen aldeko frankista batzuk.
- Ezkerra
- Partido Socialista Obrero Español (PSOE), hitzaldietan ezkerreko erradikalismoa eta praktikan pragmatismo politikoa txandakatzen zituena.
- PCE. apirilaren 9an legeztatua aste santuetako oporretan, bere txostena Auzitegi Gorenetik baimenarekin atera ondoren.
- Esquerra Republicana de Catalunya (ERC). Bigarren Errepublika garaian Kataluniako aitzindaria, ezkerrekoa eta abertzalea.
- Euskadiko Ezkerra (EE). Euskal Herriko alderdi abertzale eta marxista. ETA politiko-militarretik sortua. Geroago PSOEn sartuko zen.
- Ezker muturra
-
- ORT, PTE, MCE, besteen artean.
[aldatu] Suarezen gobernuaren harremanak oposizioarekin
1976ko uztailan amnistia partzial bat eman zen, 1977ko martxoan handitua, eta erabatekoa 77ko maiatzean. 1976ko abenduan Tribunal de Orden Público auzitegiari amaiera eman zitzaion. 1977ko martxoan greba eskubidea legala zen eta apirilean sindikatuak ere bai. 1977ko martxoan Hauteskundeen Legea jarri zen indarrean.
Horrek guztiak oposizioko alderdiei sinetsarazi zien aldaketa aurrera zihoala. 1976ko abuztuan, Suarezek Felipe Gonzalez PSOEko idazkari nagusiarekin bilera eduki zuen. Honen jarrera posibilistek bultzada eman zioten Saurezen proposamenei. Dena den, prozesuaren sinesgarritasuna Alderdi Komunistaren onarpenaren inguruan zegoen. Espainiako Alderdi Komunista (PCE) alderdi antolatuena zen, alderdikide gehien zituena. Baina militarrak berau legeztatzearen aurka zeuden, 1976ko irailean Suarezi argi adierazi ziotenez.
1976ean PCEk aurrerakuntza gehiago eskatzen zituen gorte konstituziogileei sinesgarritasuna ematearen truke. PSOEk, aldiz, 1976ko abenduan Madrilen egindako XXVIII. Kongresuan gorte horietan parte hartuko zuela erabaki zuen. Beraz, Suarez 1977an Santiago Carrillo PCEko idazkari nagusiarekin biltzen hasi zen, eta negoziazioen ondoren, 1977ko apirilean PCE legezko egin zuen, trantsizio garaiko pausorik arriskutsuena emanez.
[aldatu] Suárezen gobernua eta armada
Suárezen urratsak aldaketen aurkako militarrak alboratze aldera eman ziren. Horiek indartsuak ziren gobernuaren eta armadaren baitan. Honela, bere aldeko militarrez inguratu zen, Manuel Gutierrez Mellado haien buru.
"Bunkerra" izenekoa zen aldaketen aurkako sektorea, eta politikoki Blas Piñarrek eta José Antonio Girónek gidatzen zuten, komunikabideetan El Alcazar egunkaria zen haien bozeramailea eta gobernuan Fernando de Santiago jenerala Defentsa ministroak ordezkatzen zuen. Sindikatuen legeztatzearen ondoren presio handia egin zuten, eta Suarezek kargutik kendu zuen de Santiago ministroa, bere ordez Gutierrez Mellado ezartzeko. Ondoren, PCE legeztatu zuen. Aldaketek iraultza ez zutela ekarriko demostratzea zen Suarezen helburua. Carrillok lagunduko zion horretan, ETAk aldiz ez.
[aldatu] ETA eta GRAPOren erasoa
Euskal Herrian ia iraultza-egoera bizi zen. Herri mugimenduen bultzadak amnistia aldarrikatzera bultzatu zuen gobernuburua 1977an. Kale istiluak larriak ziren manifestari eta polizien artean. ETAk, 1976 udako barne eztabaida sutsuen ondoren, erasoaldi bortitz bati ekin zion 1976ko amaiera eta 1977ko hasiera bitartean
GRAPOk leherkariak ezartzeaz gainera, Jose Maria de Oriol Estatu Kontseiluko Presidentea eta Villescusa jenerala bahitu zituen. Bitartean, Atochako sarraskia gertatu zen, non ultraeskuindarrek PCEko eta Langile Komisioetako sei abokatu hil zituzten.
Francoren garaietara itzultzearen aldekoak egoera larri hartaz baliatu nahi izan zuten, eta kaosa salatu zuten.
Hala ere, 1977ko ekaina iritsi zenean, Gorte Konstituziogileetarako hauteskundeak egin ziren.
[aldatu] Lehen hauteskundeak eta Konstituzioaren idaztea.
1977ko ekainaren 15ean egin eta lau alderdi nagusitu ziren:
- Unión de Centro Democrático (UCD): %31,1
- Partido Socialista Obrero Español (PSOE): %28,6
- Partido Comunista de España (PCE): %9,4
- Alianza Popular (AP): %8,5
Bi alderdi nazionalista garrantzitsu agertu ziren zein bere hauteseremuan: Euzko Alderdi Jeltzalea (EAJ) eta Pacte Democràtic per Catalunya (PDC).
Gorteetan konstituzioa berria idatzi zen 1977ko udan eta erreferendumean onartu 1978ko abenduaren 6ean.
[aldatu] UCDren gobernua
1977ko ekainean eta 1979ko martxoan UCDk izan zituen boto gehien eta bere eskuetan eduki zituen gobernuak urte haietan. Hala ere, parlamentuan gehiengo absolutua izateko hitzarmenak egin behar izan zituen. UCDren garaipenak Adolfo Suárezi Gobernuko presidentetza eman zion.
[aldatu] Autonomia Aurreko Eskualdeak
Autonomiak indarrean jarri baino lehen, hauteskundeetako emaitzak ikusita, autonomia aurreko erakundeak sortu ziren Katalunia eta Euskal Herrian.
Katalunian, 1977ko irailaren 29an Kataluniako Generalitatea berreskuratu zen, Josep Tarradellas lehendakari izendatuta.
Euskal Herrian, nafar parlamentariek uko egin zioten Hego Euskal Herriko parlamentarioen biltzarrean parte hartzeari. Bertan, gobernuarekin negoziatu ondoren, Eusko Kontseilu Nagusia sortzea erabaki zen, 1978ko urtarrilaren 6an, ondoren Eusko Jaurlaritza bihurtuko zena.
Galizian, UCDren gehiengoarekin, Galiziako Xunta sortu zen 1978ko martxoan.
[aldatu] Gorte konstituziogileak
Parlamentua ez zen hastapenetan konstituzioa egiteko xedearekin osatu, baina lan horri ekin zioten berehala.
1978ko uztailean Manuel Fragaren AP eta Santiago Carrilloren PCE barne, gehiengo batek onartu zuen proiektua parlamentuan. Muturreko ezkerrak, eskuin muturrak eta euskal nazionalistek eman zioten ezetza edo abstentzioa egitasmo honi. Senatuak onartu ondoren, urrian onartu zuten erabat. 1978ko abenduaren 6an egin zen erreferenduma eta erabateko baiezkoa lortu zuen Espainian. Euskal Herrian ez: ezezko bozek eta abstentzioak, biak batuta, baiezko botuak gainditu zituzten.
Gobernuaren ohiko jardueretan zailtasunak azaleratzen hasi ziren, UCD joera anitzetako jendeen koalizioa izatearen odnorioz. Honek Suarezen buruzagitza higatu zuen eta tentsioak agerikoak izan ziren 1981ean. Suarezek dimisioa eman zuen. Calvo-Sotelo izendatu zuten gobernuburu. Sozialdemokratek, Fernandez Ordoñezen gidaritzapean, UCD utzi zuten.
Tentsio larriak zirela eta Leopoldo Calvo-Sotelok parlamentua desegin eta hauteskundeetarako deialdia egitea erabaki zuen 1982ko urrirako.
[aldatu] Otsailaren 23ko estatu-kolpe saiakera
ETAk erasoekin jarraitzen zuen eta militarrek bere desadostasunak gero eta ageriago azaltzen zituzten. Honela, 1981eko otsailaren 23an estatu-kolpe bat eman zuten. Milans Del Bosch jenerala Valentzian errebelatu zen eta tankeak kalera atera zituen. Espainiako Diputatuen Kongresua Guardia Zibilek hartu zuten, Antonio Tejero teniente koronelak gidatuta. Erregearen parte hartzea luze eztabaidatu izan da. Dena dela, Espainian, denek adostu dute erregeak salbatu zuela demokrazia gau hartan egindako telebistako hitzaldiarekin.
[aldatu] PSOE gobernuan
1982ko urriko hauteskundeetan PSOEk gehiengo absolutua lortu zuen parlamentuan. Ordurako aldaketa sakonak izan zituen bere programan alderdi honek. 1979ko maiatzeko XXVII. Kongresuan joera iraultzaile oro alboratu zuen Felipe González idazkari nagusiak. Dimisioa aurkeztu eta gero, bera itzultzeko kondizio gisa aldaketak onartzea exijitu zuen. 1979ko iraileko ezohiko biltzarrean, berriz hartu zuen kargua, baina berak ezarritako baldintzekin.
PSOE gobernuan egoteko prestatzen ari zen. SPD alemaniarraren laguntza ekonomikoarekin eta Fernandez Ordoñezen sozialdemokratak beragana hurbiltzearekin sektore asko erakarri zituen, bai nazioartean bai frankismoko koadroetatik.
Hala, 1982, 1986 eta 1989ko hauteskundeen ondoren, inolako hitzarmenik egiteko beharrik gabe gobernatu zuen PSOEk, gehiengo absolutuarekin. Honela, bere programako puntu asko lege egin zituen eta autonomia eta udalerri askotako kontrola lortu zuen. Horrekin, trantsizio garaian berria zen egonkortasuna eman zitzaion gobernuari. Frankismoaren azken defendatzaileak konbentzitu egin ziren iraultzaren arriskurik ez zegoela eta aldaketa lasaia gertatu zela.
PSOE gobernuan lau legegintzaldietan egon zen. Haietan gertatu zen Europar Batasunean sartzea, lan arazoetako erreforma, hezkuntzaren eta osasunaren unibertsalizatzea eta autonomien garapena. Baina baita ondokoak ere: krisi ekonomiko larria, industriaren birmoldatze larri eta bortitza, estatuaren zorra handitzea eta batez ere, Euskal Herrian gerra zikina eta ustelkeria kasuen erabateko azaleratzea.
[aldatu] Europar Batasunean eta NATOn sarrera
Lehen eskaeratik hogei urteren buruan Europak Espainiaren sarrera onartu zuen. Negoziazio lasterren ondoren sarrera 1986ko urtarrilaren 1ean egin zen.
Europako Elkare Ekonomikoan sartzea UCDren azken gobernuan egin zen. Calvo-Sotelok parlamentuaren baimena lortu zuen. Protokoloa 1981ko abenduaren 10ean izenpetu zen Bruselan, iritzi publikoaren gehiengoa aurka egonarren.
Gobernuan sartu baino lehen, PSOE Espania NATOn egotearen aurka zegoen ofizialki. Behin gobernuan zegoela, ordea, nazioarteko konpromisoek lotuta, PSOEk iritzia aldatu eta gai honen gainean erabakitzeko erreferendumean NATOn jarraitzearen aldeko kanpaina gogorra egin zuen, eta baiezkoa lortu erreferendumean.
[aldatu] Hezkuntza
Hezkuntza eskubidea zabaltzea izan zen helburua. 1983an onartu zen Unibertsitatearen Legea, beraiei autonomia ematen ziena eta pribatuak sortzea errazago egiten zuena, sarrera tasak asko merkeagotuz.
Lehen eta bigarren hezkuntzan, derrigorrezko hezkuntzaren adina 14ean utzi zuen 1985ean eta 16ean 1990ean LOGSE ezartzean.
Hiru sare sortu ziren, pribatua, pubikoa eta itunpekoak (enpresa pribatuak baina Estatuak ordaintzen zituelarik instalakuntzak, irakasleak eta matrikulak).
[aldatu] Ekonomia
1973ko krisiak, 1979an berrindartuak, industriaren erabateko gainbehera ekarri zuen. Zaharkitze batek ondoratuta. Langabezia %20raino igo zen 1985ean, prezioak igo eta igo ari ziren (%25 urte batean izateraino).
Birmoldaketa industriala derrigorrezkoa zen baina modu leunean egin beharrean oso azkar eta eraginak neurtu gabe egin zen, untzigintza, oihalgintza eta siderurgian.
Inflazioaren aurka egiteko gobernuak interes tasak asko igo ziten (%15eraino) eta soldaten igoera asko murriztu zuen.
1988ko abenduaren 14ean greba orokorra egin zen sindikatuen erantzuna adieraziz. Arrakasta osoa izan zuen.
Errepideetan 1985tik bikoiztu egin ziren autopista eta autobien kilometroak aurreko urteetako utzikeriari buelta eman nahian. Trenbide sarea aldiz nahiko utzita gelditu zen, kilometro asko utzi ziren bertan behera eta linea berri eta espektakularren alde egin zen benetako gertuko sare funtzional bati ekitea alboratuz.
[aldatu] Azken urteak
1996an, José María Aznarren Alderdi Popularrak irabazi zituen hauteskundeak. Bere bigarren legegintzaldian agerian gelditu zen frankismoaren baitako zenbait sektore erabat eraldatu gabe zeudela eta justizia, eliza, ekonomia eta komunikabideetan lehengo diktaduraren baitako ohitura, jokaera eta legeak azaleratzen hasi ziren. Espainiako Gerra Zibilaren erribisioa egitea helburu zuten lanek agerian utzi zuten frankismoarekin erabat hautsi nahi ez zuen talde zabal bat zegoela Espainian.
Kontrako joera ere bortitzagoa izan zen 2000 urtetik aurrera eta Aznarrek George W. Bushen ultraeskuinarekin egindako aliantzak bere hauteskundeen galera ekarri zuten 2004an, Espainiako politikan trantsizioa amaitzeko borondatea agertzen duten sektoreak indartuz. Gerra Zibilaren oroitzapenaren aldeko mugimenduak libreki sortzearen aldeko joerak ere agertzen hasi dira, eta frankismoaren osteko politikak airean utzitako arazoak erabat konpontzeko borondatea ere bai.
[aldatu] Erreferentziak
- ↑ Antonio Gómez Villar: «Entrevista a Julio Anguita: "La Transición o la segunda restauración borbónica"», Rebelión, 2007-05-04.
- ↑ Pablo Molina: «Otra Restauración que se acaba», Libertad Digital, 2009-02-20.
[aldatu] Bibliografia
- CARR, R.: España de la Restauración a la democracia. (1875 - 1980). Ed. Ariel. Barcelona, 1983.
- CARR y FUSI, J.P.: España de la dictadura a la democracia. Barcelona, 1979.
- CEBRIÁN, J.L.: La España que bosteza. Apuntes para una historia crítica de la transición. Ed. Taurus. Madrid, 1980.
- MARTÍNEZ CUADRADO, M.: "El escenario político español en la perspectiva 1975". En Anuario Económico y social de España. 1975. Ed. Planeta. Barcelona, 1976.
- PRESTON, P.: El triunfo de la democracia en España: 1969-1982. Plaza y Janés. Ed. Barcelona, 1986.
- ZAMBRANA, J.: La alternativa libertaria (Catalunya 1976 - 1979). Ed. Fet a mà-CEDALL. Badalona, 2000.