Ezpeletako piperra

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Sor-markadun biperra
Ezpeletako piperraren sor-markaren hedapena Lapurdin

Ezpeletako piperra (izen komertziala Ezpeletako biperra) Lapurdin hazten den piper mota da. Izena Ezpeleta udalerritik datorkio. Jatorriz Hego Amerikakoa den landare hau Euskal Herrian XVI. edo XVII. mendean sartu zen. Hasieran medikuntzan erabilia izan zen arren, bizkor hedatu zen erabilera janariaren ongarri edota kontserbagarri gisa.

Piperrak Ezpeletan 1650. urte inguruan hasi ziren ereiten eta, haziak aukeratuz joanda, gaur egungo aldaki gorria lortu zen, gaur egun Ezpeletako piper moduan ezagutzen den aldakia.

Taberna eta jatetxe askotan ikus daitezke piperrak sikatzen, baina, iraileko erdialdetik aurrera, sikatzen dauden piperrok hormetan ia libre dagoen espazio guztia hartzen dute.

Biperraren eguna urtero egiten da Ezpeletan urriko azken asteburuan, 20.000 pertsona inguru batzen direlarik bertan.

Sor-marka[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ezpeletako piperrak 2000. urteko ekainaren 1az geroztik du AOC izendapena (Appellation d'origine contrôlée edo Jatorri izendapen kontrolatua) eta 2002ko abuztuaren 22az geroztik du AOP izendapena (Appellation d'origine protégée edo Jatorri izendapen babestua).

Lapurdi hegoaldeko hamar udalerritan sortzen da sor-markadun biperra:

Ainhoa - Ezpeleta - Haltsu - Itsasu - Jatsu - Kanbo - Larresoro - Senpere - Uztaritze - Zuraide

Piperrak Capsicum annuum L. motakoak dira eta bera landatzeko protokoloa zehaztuta dago: Landaredi bakoitzeko dentsitatea 10.000 eta 30.000 landare hektareako izaten da, ureztatzea debekaturik dago, landatzen den ondorengo hilabetean (maiatza-ekaina) edota sikate luze baten ondorioz izan ezik.

Piperrak nola batu behar diren ere zehazturik dago (eskuz, abuztutik lehen izotzaldietararte), hala nola landareak lotzeko era, baita piperrautsa prestatzeko era ere. Normalean kordeletan edota hautsean saltzen da, kordel bakoitzean 20 eta 100 piper artean egoten direlarik. Dena dela, sor-markadun produktu guztiek, benetako jatorrizko-izendapena dutela ziurtatzen duten etiketa.

Sukaldaritzan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Piperrak Biarritzeko merkatuan

Scoville eskalan 4 zenbakia du piper honek eta, hortaz, ez da piperbeltza baino minagoa. Hala ere, azken honek baino zapore handiagoa du, eguzkitan denbora luzean lehortzen egon delako.

Oso aintzat hartua da sukaldaritzan, saltsak, barrubeteak eta abar prestatzeko. Adibidez, bixigarri ederra ematen dio Bakailaoa pil-pilean, Marmitakoa, Piperrada eta Axoari.

Era askotan merkaturatzen da, piper lehortu osoaz gain, hala nola, xehatua, purean, kontserban, oliba oliotan, ozpinetan eta abar. Azken urteotan, hainbat produktutan ere aurki daiteke, hala nola, gatzean, patean, txokolatean, ziapean, ketxupan edo ardotan.

Ikus gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Ezpeletako piperra Aldatu lotura Wikidatan