François Pierre Guillaume Guizot
François Pierre Guillaume Guizot frantses politikari eta historialaria izan zen (Nîmes, 1787 - Val-Richer, Calvados, 1874). Frantziako Unibertsitatean Historia Modernoko katedra eskuratu ondoren (1812), Luis XVIII.aren lehen gobernuan Barne Arazoetako idazkari nagusi izan zen, eta Estatuko Kontseiluko bazkide (1816). Duc Decazes-en gobernua desegin zenean (1821), kargu politiko guztiak galdu zituen. 1830ean, Diputatu Ganberan sartu eta Karlos X.a erori zenean, Luis Filiperen gobernuan Herri Hezkuntzako ministro izan zen; kargu hartan zela, Frantziako irakaskuntzaren oinarriak finkatu zituen. 1840an, Londresen enbaxadore izan zen. 1848ko Iraultzak baztertu zuen betiko politikatik. Belgikan eta Ingalaterran erbesteraturik egon ondoren, 1849an itzuli zen, baina politikan sartu gabe. Harenak dira: Histoire de la révolution d´Angleterre (1826-1827), Histoire de la civilisation en Europe (1828), Histoire de la civilisation en France (1829-1832) eta Mémoires pour servir à l´histoire de mon temps (1858-1867).
[aldatu] Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek lizentzia librearekin laga zituen, euskal Wikipedia osatzeko proiektu baterako.