Frans Snyders

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
"Orein-ehiza".

Frans Snyders (Anberes, Flandria, 1579ko azaroaren 11 - Anberes, 1657ko abuztuaren 19a) flandriar pintorea izan zen.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Brueghel Gaztearen ikasle izan zen, eta 1602an maisu-titulua lortu zuen. Pintore barrokoa zen. Izadi hilak, fruituak, loreak eta animalien irudiak egin zituen hasieran, baina geroago indar handiko ehiza- eta borroka-irudiak, adierazkortasun bizikoak, ondu zituen, Pieter Aertsen eta Joachim Beuckelaerren koadroetan oinarriturik, baina estilo originala erabiliz betiere.

Snydersen lan nagusiak: "Izadi hila", "Oilarren borroka" (1625), "Basurdearen ehiza", "Fruta saltzailea" (1636) eta "Orein-ehiza", bere maisulan handienetakoa. Azken hori Filipe IV.ari erakutsi zioten, eta horri esker eman zion erregeak ehizari buruzko zenbait obra egiteko enkargua.

"Fruta-saltzailea"

1603-1609 bitartean Italian bizi izan zen, Erroman, Napolin eta Milanen. Sorterrira itzuli zenean arrakasta handia lortu zuen izadi hilen margolari gisa, eta horrela erakarri zuen Rubensen arreta. Haren adiskide egin zen, eta harekin batera aritu zen lan askotan, 1611-1616 urteen artean. Era berean, Snydersek lehoi- eta basurde-ehizari buruz margotu zituen zenbait koadrotan Rubensen ukitua antzematen da. Rubensen pinturatik hartu zituen ezaugarrien artean, aipagarriena kolorearen eta konposizioaren zentzua da, eta baita apaingarrien oparotasuna ere; koloreen erabilerari dagokionez, kolore nahasketa erabili ohi zuen, gorria eta zuria nabarmentzen direla betiere. Baina ez zen Rubens izan Snydersekin lan egin zuen artista ospetsu bakarra; izan ere, Snydersek zenbait irudi margotu zituen Anton van Dycken eta Jacob Jordaensen koadro batzuetan.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Frans Snyders Aldatu lotura Wikidatan