Gérard Debreu
Gérard Debreu frantses ekonomista izan zen (Calais, 1921 - Paris, 2004). Parisko Unibertsitatean egin zituen ikasketak (1956), eta sei urte geroago lanean hasi zen Berkeleyko Unibertsitatean (Kalifornia), Zientzia Ekonomikoetako eskolak ematen lehenbizi, eta Matematika irakasle gisa 1975etik aurrera. 1950eko hamarraldian, Kennet Arrow irakaslearekin batera, merkatu-ekonomia baterako matematika-eredu bat prestatu zuen. Ekonomistek Debreu matematikari onenetakotzat daukate. Eskaintza eta eskariaren alorra landu zuen batez ere, Adam Smithen teoriak matematikoki berresteko asmoz. 1972an, Frantziako Ohorezko Legioaren saria eman zioten. 1975ean, Estatu Batuetako herritartasuna hartu zuen. 1983an, Ekonomiako Nobel saria jaso zuen, merkatu-orekari buruz egindako lanengatik. Haren obra nagusia, Balioaren teoria (1959), ekonomia-liburu klasikoetako bat da.
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.