Gertrude Stein

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Gertrude Stein.

Gertrude Stein (Allegheny, Pennsylvania, AEB, 1874ko otsailaren 3a - Neuilly-sur-Seine, Frantzia, 1946ko uztailaren 27a) Estatu Batuetako idazlea izan zen.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1903an Parisen hartu zuen bizilekua, bere anaia Leorekin batera. Haren etxea idazleen (Apollinaire, Cocteau) eta abangoardiako pintoreen (Matisse, Gris, Picasso) biltoki izan zen, eta Cézanne, Rousseau eta beste artista batzuen koadro-bilduma handi bat egin zuen. 1907an Alice Toklas ezagutu zuen, gerora bizitza osoan adiskide mina izan zuena. Garai hartan idatzi zituen lehen liburuak: Three Lifes (1909, "Hiru bizitza") eta Making of Americans (1911), 1925ean argitaratu zena.

Kubismoaren ezaugarriak literaturara aldatzen saiatu zen. Horren erakusgarri da Tender Buttons (1914, "Botoi hauskorrak") olerki-liburua. 1920tik aurrera, Estatu Batuetatik Parisa joandako Scott Fitzgerald, Ernest Hemingway, Sherwood Anderson idazleen adiskide izan zen, eta eragin handia izan zuen haiengan. 1933an The Autobiography of Alice B. Toklas ("Alice B. Toklasen autobiografia") idatzi zuen; liburu horretan, bere buruaz hitz egiten du, batez ere, eta ordura arte izan ez zuen ospea eman zion.

1935ean Estatu Batuetara joan zen hitzaldiak ematera, eta ikusmin handia sortu zuen han, judua, beste emakume batekin bizi zena eta abangoardiako idazlea izanik. Europara itzuli zen, eta han eman zituen bere azken urteak. Steinen idazkera abangoardiakoa eta esperimentala zen, ingeles literatura-tradizioa irauli nahi zuena; estiloa errepikakorra du, eta literatura genero guztiak landu eta nahasi zituen.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Gertrude Stein Aldatu lotura Wikidatan