Hidrostatika

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Hidrostatika jariakinen mekanika (hidraulika ere deitua) alorreko adar bat da, zeinak oreka-egoeran (ez dago mugimendua edo posizioa aldatzen duen indar erresultanterik) dauden jariakinak aztertzen dituen. Hidrostatikaren ikerketa babesten duten teorema nagusiak Pascal-en eta Arkimedes-en printzipioak dira.

Presioa (P), indarra (F) eta sekzioarekin (A) honako ekuazio bidez erlazionatzen da: P=F/A

Hidrostatikaren oinarrizko ekuazioa, aldiz, honakoa da:

P = Po + ρgy

Non:

P: presioa

Po: gainazal-presioa

ρ: jariakinaren dentsitatea

g: Lurraren grabitate-intentsitatea

y: altuera garbia


Likidoaren ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Biskositatea: Likido baten jariatze-erresistentziaren neurri bat da.
  • Gainazal-tentsioa: Gertakari hau likido bateko molekulen arteko erakarpenaren ondorio da.
  • Kohesioa: Substantzia bereko molekulak elkarturik mantentzen dituen indarra da.
  • Itsaskortasuna: Kontaktuan dauden bi substantzia desberdinetako molekulen artean agertzen den erakarpen-indarra da.
  • Kapilaritatea: Likido baten eta pareta zurrun baten artean kontaktua dagoenean gertatzen da, bereziki kapilar deitutako tutu oso meheak direnean.


Pascalen printzipioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pascalen printzipioa Blaise Pascal (1623–1662) matematikari frantziarraren lege bat da, eta honako esaldian labur daiteke: «jariakin konprimaezin (gehienetan likido konprimaezina izan ohi da) baten azalera bati aplikaturiko presioaren gehikuntza, jariakinaren zati guztietara balio berarekin transmititzen da, ontzi deformaezin batean dagoenean». Hau da, likido konprimaezin bati ontzi itxi batean presio bat aplikatzen bazaio, hau norabide guztietara transmititzen da, intentsitate eta norabide berdinarekin. Gertakari hau, adibidez, prentsa edo katu hidraulikoetan hauteman daiteke, bi gailuek lege hau baitute oinarri. Ontzia deformaezina izatea ezinbestekoa da, presio-aldaketak jariakinaren puntu guztietara zabaldu beharrean, ontziaren paretak deformatuz eragin ez dezan.

Arkimedesen printzipioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arkimedesen printzipioak ezartzen duenez, fluido batean partzialki nahiz erabat murgilduta dagoen edozein gorputz solidok goranzko norabidean bulkada-indar bat jasaten du murgildutako gorputza dela eta, desplazatutako likido-bolumenaren pisuaren balio bera duen indar baten ondorioz.

Gorputz solidoak ez du zertan erabat murgildua egon jariakinean, izan ere, jasandako bulkada gorputzaren pisua baino handiagoa bada, gorputzak flotatu egingo baitu eta soilik partzialki murgilduko baita.