Hussein I.a Jordaniakoa

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Hussein I.a Jordaniakoa, 1997

Hussein I.a Jordaniakoa (Amman, 1935 - 1999) Jordaniako erregea izan zen. Talal ibn Abd Allah bere aita gaixotu zenean egin zuten errege (1952). Faisal II.a Irakeko erregearekin batera, Arabiar Batasuna sortu zuen (1958) Arabiar Errepublika Batuari aurre egitearren, baina Faisal hil zutenean desegin egin zuen erakundea.

Sei Eguneko Gerran Zisjordania galdu zuen (1967), eta Zisjordaniatik Jordaniara etorri ziren milaka palestinarrak gogor zapaldu zituen (1970eko iraila). 1977an PAE (Palestinaren Askapenerako Erakundea) erakundearekin harremanetan hasi zen, eta bakeak egin zituen palestinarrekin. Golkoko Gerran Iraken alde egin zuen, gerran parte hartu gabe. 1993an Israelen eta PAEren artean bake-akordioa izenpetu ondoren, Husseinek, palestinar errefuxiatu gehien zituen arabiar nazioaren buru gisa, eskualdeko hitzarmenak egiterakoan Jordaniak esku hartu behar zuela defenditu zuen.

1993ko azaroan, 1956. urteaz geroztik egiten ziren lehendabiziko hauteskunde demokratikoak izan zituzten jordaniarrek, eta Jordaniaren eta Israelen arteko bakeak egiteko erregeak proposatutako estrategia atera zen aurrera. 1994an izenpetu zen, azkenean, bakea.

1997an israeldarren eta palestinarren arteko bitartekaritza egin zuen, eta Israelgo Lehen ministroak, Benjamin Netanjahu eskuindarrak eta Palestinako Nazioko Agintaritzaren presidenteak, Jassir Arafatek, Zisjordaniari eta Hebroni buruzko hitzarmenei ekin ziezaien lortu zuen.

1995ean Asturias Printzea Saria jaso zuen.

1965etik bere anaiak Hasanek zuen oinordeko-titulua, baina 1999ko urtarrilean sei hilabetez Estatu Batuetan minbiziaren aurkako tratamendua jaso ondoren Jordaniara itzuli zenean, bere seme Abdullah izendatu zuen oinordeko. Hori egin eta hilabete baino lehen hil zen Hussein.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Hussein I.a Jordaniakoa Aldatu lotura Wikidatan