Jacqueline Guerroudj

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jacqueline Guerroudj

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakJacqueline Netter
JaiotzaRouen1919ko apirilaren 27a
Herrialdea Frantzia
HeriotzaAljer2015eko urtarrilaren 18a (95 urte)
Hobiratze lekuaEl Alia Cemetery (en) Itzuli
Familia
Ezkontidea(k)Abdelkader Guerroudj (en) Itzuli
Seme-alabak
Hezkuntza
Hizkuntzakfrantsesa
Jarduerak
Jarduerakpolitikaria

Jacqueline Guerroudj, Jacqueline Netter jaiotzez, (Rouen, 1919ko apirilaren 27aAljer, 2015eko urtarrilaren 18a)[1] militante komunista eta antikolonialista frantsesa izan zen, FLNko kidea eta Aljeriako gerran mujahida. Bera eta bere senar Abdelkader Guerroudj hiltzera kondenatu zituzten, Fernand Iveton-en konplize zirelakoan, baina indultatu egin zituzten, hein batean Simone de Beauvoir-ek egindako kanpaina mediatikoari esker.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jacqueline Netter 1919ko apirilaren 27an jaio zen Rouenen, familia burges eta dirudun batean. Bere aiton-amonak, Alsazia-Lorrenako juduak, Rouenera joan ziren bizitzera Lehen Mundu Gerran. Aita Rouengo erakustazokako komisario nagusia eta aseguru-zuzendaria izan zen. Jacquelinek filosofia eta zuzenbideko ikasketak egin zituen.[2]

Pierre Minne-rekin ezkondu zen. Pierre irakaslea zen, bera bezala, eta Frantziako Alderdi Komunistako militantea. Beren alaba, Danièle Minne, 1939an jaio zen. 1942an, naziek Toursen atxilotu eta preso sartu zuten bere jatorri juduagatik. Zorionez, senarraren, zenbait militante komunistaren eta apaiz baten laguntzaz, eremu librera ihes egitea lortu zuen, eta horrela, deportazioa saihestu ahal izan zuen.[2]

Senar-emazteak eta haien alaba Senegalera joan ziren; baina Pierreren aktibismo antikolonialagatik eta senegaldarrekin, bereziki Alioune Diop eta Léopold Sédar Senghor-ekin, zuten harremanengatik, bertatik kanporatu zituzten 1947an.[2]

1947an, Minne familia Aljeriara joan zen. Bertan, Pierrek, Hezkuntza Nazionaleko funtzionarioak, filosofiako irakasle gisa jardun zuen Tilimsengo Slane ikastetxean;[3] Agintariak haren zelatan zebiltzan bere aktibismoagatik, filosofia marxistari buruzko eztabaida-taldeak antolatu baitzituen.[4][5]

Minne senar-emazteak banandu egin ziren Aljeriara joan ondoren, eta Jacquelinek irakasle lana lortu zuen Tilimsen eskualdean, lehenengo Chetouane-n (Negrier, garai hartan), Marokoko muga ondoan, eta gero Ain Fezza-n.[2][6]

1950ean, Jacqueline Netter berriro ezkondu zen Abdelkader Guerroudj-ekin. Guerroudj, Aljeriako Alderdi Komunistako aktibista, Jacquelinek lan egiten zuen eskolako zuzendaria zen. 1955eko apirilean, Jacqueline eta Abdelkader Guerroudj lanetik kaleratu zituzten beren jarduerengatik eta Aljeriatik bidali zituzten 1955eko maiatzaren batean.[2][5]

Zenbait hilabete Frantzian igaro ondoren, Aljerrera itzuli eta 1956ko urtarriletik aurrera Aljeriako Alderdi Komunistak sorturiko Combattants de la libération gerrillari taldean eta FLNn, Yacef Saadi-ren sarean, kolaboratu zuten.[2][5]

Jacqueline Guerroudj senarra baino hamalau egun geroago espetxeratu zuten, 1957ko urtarrilean. Harekin batera, heriotza-zigorra ezarri zioten "Combattants de la libération" epaiketan, 1957ko abenduan, Abderrahmane Talebekin batera, Fernand Iveton-en, Aljeriako gerran guillotinatu zuten europar bakarraren, konplize izana egotzita.[2][5] Simone de Beauvoirrek eta Jean-Paul Sartrek "Guerroudjtarrak eta Taleb-Abderrahman ez dira hil behar" batzordea sustatu zuten, eta Jacqueline Guerroudj-en patua heriotzara kondenatutako beste emakumeekin lotuta geratu zen: Djamila Bouhired eta Djamila Bouazza, eta Baya Hocine eta Djohar Akrour adin txikiko gazteekin.[5] Azkenean, 1962ko martxoaren 8an, Eviango akordioen ondorioz, indultatu egin zituzten, Djamila Bouazza eta Djamila Bouhired-ekin batera.[2]

1962an, Aljeriaren independentziarekin, Jacqueline Guerroudj Aljerrera itzuli zen bizitzera, eta han hilabete batzuk eman zituen lehen hezkuntzako irakasle gisa. Ondoren, Batzar Nazionaleko idazkaritza sortzeko ardura eman zioten, eta bertako buru izatera iritsi zen. Lanpostu hori utzi eta Aljerko Unibertsitateko Ekonomia Institutuko liburuzain gisa lan egin zuen, erretiroa hartu arte.[2]

Jacqueline Guerroudj Aljeriako gerran hiltzera zigortutako sei emakumeen artean zaharrena izan zen.[7][8] 2015eko urtarrilaren 18an hil zen, Aljerren, eta El Alia-ko hilerriko[9] Martirien hilobi-monumentuan lurperatu zuten.

Obra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Artikulu hau, osorik edo zatiren batean, frantsesezko wikipediako «Jacqueline Guerroudj» artikulutik itzulia izan da, 2023-03-18 data duen 202418394 bertsioa oinarritzat hartuta. Sartze-datarik ez duten erreferentziak, edo 2023-03-18 baino lehenago datatuak, jatorrizko artikulutik ekarri dira itzulpenarekin batera.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]