Josep Maria Subirachs

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Monumentua Macià Lehendakariari, Plaça Catalunya, Bartzelona.

Josep Maria Subirachs i Sitjar (Bartzelona, 1927ko martxoaren 11 - ibidem, 2014ko apirilaren 7a) Kataluniako eskultore eta margolaria izan zen. Irudi-, fundizio- eta mekanika-lantegietan hasi zen ofizioa ikasten. 1942 eta 1947 bitartean Enric Monjo eskultorearekin ikasi zuen, eta gero Enric Casanovasen lantegian hasi zen lanean; Casanovas azken mediterraneismoaren berritzaileen taldeko kidea zen, eta Subirachsek haren ikasletzat eduki du beti bere burua. 1951n Kataluniako berrikuntzaren eskultoreen taldeko kide gisa agertu zen, Giacometti eta Ángel Ferranten eraginpean egin zituen lan batzuei esker, Leongo Virgen del Camino santutegiko fatxada eta ateko eskulturei esker, besteak beste. Hurrengo urteetan, 1956. urtea arte, Parisen, Belgikan eta Alemanian izan zen, ikasketak sakontzen. Urte horietan, figurazioa alde batera utzita, arte abstraktuan murgildu zen, eta terrakota, burdina eta hormigoia bezalako materialak lantzen hasi zen. Garai hartakoak ditu, adibidez, Forma 212 (1957) edo Tekel (1958). 1957. urtetik aurrera forma geometrikoagoak erabili ditu, "ziriak" eta "tenkadurak" sailetan, besteak beste. Material mota desberdinak erabiltzen dituenez, bere obretako asko eskultura collagetzat har daitezke, eta klasikoen aipuez, giza aztarnez edo irudi geometrikoez hornituak izaten dira. Giza gorputzaren oso ideia berezia du, gainera. Monumentu publiko asko egin ditu, horietako asko Bartzelonan. Askotan, gainera, bere abertzaletasunaren erakusgarri dira: Montserrateko Kaperarako erliebeak; Francesc Maciàren eskultura Vilanova i la Geltrún; Gaudíren Familia Santuaren Nekaldiaren fatxadarako eskultura eztabaidagarriak. Bere obra museo ospetsuenetan aurki daiteke, Bilboko Arte Ederretako Museoan, besteak beste.

2005ean topaturiko 134124 Subirachs asteroideak bere izena dakar.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commons-logo.svg
Commonsen fitxategi gehiago dago honi buruz:
Josep Maria Subirachs