Joseph Roth

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Joseph Roth
Joseph Roth
Joseph Roth 1918an.
Datu pertsonalak
Izen osoa Moses Joseph Roth
Jaio 1894ko irailaren 2a
Brody (Austria-Hungariako Inperioa)
Hil 1939ko maiatzaren 27a
Paris (Frantzia)

Joseph Roth (Brody, Austria-Hungariako Inperioa, 1894ko irailaren 2a - Paris, 1939ko maiatzaren 27a) jatorri juduko Austriar idazlea izan zen. Bere obra ezagunena Radetzkymarsch da (1932, Radetzky martxa).

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Brodyn sortu zen, garai hartan Austria-Hungariako Inperioaren barnean zegoen Galitzia eskualdean, familia judu batean.

Batxilergoa bukaturik, literatura eta filosofia ikasketak egin zituen, Lviveko Unibertsitatean hasieran (1913) eta Vienan ondoren (1914-1916).

Lehen Mundu Gerran esku hartu zuen Austriako armadan sartua. Gerrak eta Inperioaren bukaerak eragin handia izan zuten bere bizitzan.

Gerraren ondoren Vienan kazetari aritu zen. 1920an Berlinera joan zen Neue Berliner Zeitungen lan egitera. Geroago Berliner Börsen-Courieren eta Frankfurter Zeitungen ere idatzi zuen. Azken honetan, 1923tik 1932ra arte, korrespontsala izan baitzen, Europan zehar bidaia asko egin zituen.

1922an, Vienan, Friederiche Reichlerekin ezkondu zen. Urte gutxiren buruan eskizofreniak jo zuen emaztea eta 1929tik aurrera ospitale psikiatrikotan sarturik egon zen. Friederiche Naziek hil zuten 1940an.

Rothen lehenengo eleberria, Das Spinnennetz (Armiarma-sarea), 1923an zatika argitaratu zen Vienako egunkari batean. Arrakasta eta ospea Hiob (1930) eta Radetzkymarsch (1932) eleberriek eman zioten.

1933an, Naziak boterera iritsi zirelarik, Berlinetik Vienara alde egin zuen. Alemanian, denbora luze gabe, bere liburuak erre zituzten. 1934an Parisera erbesteratu zen eta handik zenbait bidaia egin zituen, Austria, Polonia eta Herbeheretara esate baterako. 1936 eta 1938 artean Irmgard Keun Alemaniar idazlearekin maitasun-harremana izan zuen.

Azken urteetan, alkoholismoa zela eta, bere osasuna hondatuz joan zen. 1939ko maiatzaren 27an hil zen, Parisen, eta bertako Thiais hilerrian ehortzi zuten. Bere hilarrian "austriar idazlea - Parisen erbestean hila" ("écrivain autrichien-mort à Paris en exil") bertzerik ez dago idatzia. Hiletan juduak, katolikoak, monarkikoak eta komunistak elkartu omen ziren.

Lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Das Spinnennetz (Armiarma-sarea), 1923
  • Hotel Savoy, 1924
  • Die Rebellion, 1924
  • April. Die Geschichte einer Liebe, 1925
  • Der blinde Spiegel, 1925
  • Juden auf Wanderschaft, 1927
  • Die Flucht ohne Ende (Amaierarik gabeko ihesa), 1927
  • Zipper und sein Vater, 1928
  • Rechts und links, 1929
  • Der stumme Prophet, 1929
  • Hiob (Job), 1930
  • Radetzkymarsch (Radetzky martxa), 1932
  • Der Antichrist, 1934
  • Tarabas, 1934
  • Beichte eines Mörders (Hiltzaile baten aitormena), 1936
  • Das falsche Gewicht, 1937
  • Die Kapuzinergruft (Kaputxinoen kripta), 1938
  • Die Legende vom heiligen Trinker (Edale santuaren kondaira), 1939
  • Die Geschichte von der 1002. Nacht, 1939
  • Der Leviathan (Leviatana), 1940

Euskaraz[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Leviatana (Der Leviathan), 1998. Susa argitaletxea. Itzultzailea: Edorta Matauko.
  • Edale santuaren kondaira (Die Legende vom heiligen Trinker), 2001. Igela argitaletxea. Itzultzailea: Matías Múgica.
  • Hiltzaile baten aitormena (Beichte eines Mörders), 2003. Igela argitaletxea. Itzultzailea: Matías Múgica.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Joseph Roth Aldatu lotura Wikidatan