Julio Ramón Ribeyro
Julio Ramón Ribeyro (Lima, Peru, 1929ko abuztuaren 31 - Lima, 1994ko abenduaren 4a) perutar idazlea izan zen.
[aldatu] Biografia
XX. mendeko perutar idazle gailenetako bat. Bere ipuingintza, batez ere, mende horretako oparoena eta aipagarrienetako bat izan zen. Hala ere, bere obraren parte handi bat atentzio handia eman gabe argitaratu zen, eta merezi zuen arreta eta ezagutza jaso gabe. Agian bere garaiko literatura-modei kasu handirik egin ez zielako, eta errealismoaren ereduei leial iraun zuelako, bere herrialdeko hirietako giro miserableenak eta erdiko klaseen arazo tragikomikoak deskribatzeko.
Hil zen urtean, Liman zegoela, bere bizitzako literatura-sari inportanteena irabazi zuen: Juan Rulfo saria, Mexikon emana. Nahiz eta bere obra osoa Peruri eta, batez ere, hiriburuko errealitateari estuki lotuta egon, bere produkzioaren parte handiena Europan egina izan zen. 1952an iritsi zen Europara, bere lehen ipuin-bilduma argitaratu baino lehen: Los gallinazos sin plumas (1955). Parisen jarri zen bizitzen, eta han geratu zen, bere bizitzako azkeneko urteak arte. Nahiz eta bere obra Peruko hiri-errealismoaren adierazpen aipagarriena izan, Ribeyrok ipuin fantastikoa ere landu zuen, eta bere istorio batzuk herriko girokoak ere badira, Crónica de San Gabriel (1960) eleberria edo Silvio en el Rosedal (1976) kontakizuna —bere lanik onena, beharbada— bezala. Bere ipuingintzaren emaitza La palabra del mundo (1973-1977, "Munduaren hitza") bildumako hiru liburutan irakur daiteke, edo Cuentos completos lanean (1994, "Ipuin guztiak").
Ipuinez gainera, eleberriak, antzerki-lanak, literatura-kritika, aforismoak, Prosas apátridas (1975-1978, "Prosa aberrigabeak") eta egunkari bat, La tentación del fracaso (1992, "Porrotaren tentazioa"), idatzi zituen.
[aldatu] Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek lizentzia librearekin laga zituen, euskal Wikipedia osatzeko proiektu baterako.