Karlos XIV.a Joan Suediakoa

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Karlos XIV.a Joan Suediakoa

Karlos XIV.a edo Karlos Joan Suediakoa, bataioz Jean Baptiste Bernadotte (Paue, Frantzia, 1763ko urtarrilaren 26a - Stockholm, Suedia, 1844ko martxoaren 8a) Frantziako Lehen Inperioko mariskala izan zen eta, 1818ko otsailaren 5etik, Suedia eta Norvegiako erregea. Suediako gaur egungo dinastiaren lehenengo erregea izan zen.

Pauen sortu zen, bere aita, Henri Bernadotte, bertako prokuradorea zelarik. 1780an armadan sartu zen. 1792tik aurrera Frantziako Iraultzako Gerretan, eta baita Napoleondar Gerretan ere, nabarmendu zen. 1804an, Frantziako Lehen Inperioa hasi zenean, mariskal izendatu zuten eta 1805ko iraila arte Hannoverreko gobernadorea izan zen. Austerlitzeko guduan izan zuen jokabidea eskertzeko Pontecorvoko printze egin zuten (1806ko ekainaren 5ean). Hala ere ika-mika franko izan zituen Napoleonekin. Wagramgo guduan Bernadotte Saxoniako armadaburu izan zen. Bere aginduak bete ez zituela eta, batailaren erdian Napoleonek kargugabetu zuen.

1810eko abuztuaren 21ean Suediako Karlos XIII.a erregearen oinordeko aukeratu zuten. Azaroaren 5ean Stockholmera iritsi zen eta Karlos XIII.ak semetzat hartu zuen. 1813an Suedia Napoleonen aurkako Seigarren Koalizioan sartu zuen, Erresuma Batua, Errusia, Austria eta Prusiarekin batera. Leipzigeko guduan (1813) esku-hartze erabakigarria izan zuen.

Karlos XIII.a hil eta gero, 1818ko otsailaren 5ean, Suedia eta Norvegiako errege izendatu zuten. Aski erregealdi baketsua izen zuen. Stockholmen hil zen, 1944ko martxoaren 8an. Bere oinordekoa Oskar semea izan zen (Oskar I.a Suedia eta Norvegiakoa).

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Karlos XIV.a Joan Suediakoa Aldatu lotura Wikidatan