Kataluniaren independentziarako kontsulta

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Kataluniaren autodeterminaziorako erreferenduma
Cataloniageostub.png
Kataluniako mapa senyeraz koloreztatua.
Galderak Nahi al duzu Katalunia Estatu bat izatea?
Erantzuna baiezkoa izan ezkero: Estatu independentea izatea nahi al duzu?
Data 2014ko azaroaren 9a
Lekua  Katalunia
Bozkatzaileak 18 urtez gorako kataluniarrak
Emaitzak

   Bai eta Bai: 1.860.000
Bai eta Ez: 232.182,

   Ezezkoak: 104.772

   Bai eta Zuri: 22.466


Denera: 2.305.290

Kataluniaren independentziarako kontsulta Kataluniako herritarrek Katalunia Estatu independentea izango den erabakitzeko 2014ko azaroaren 9rako deitutako kontsulta da. Kontsultarako deialdia Generalitateko presidente Artur Masek iragarri zuen 2013ko abenduaren 12an, Kataluniako Parlamentuan gehiengo osoa (Parlamentuko 135 diputatuetatik 87) osatzen duten Convergència i Unió, Esquerra Republicana de Catalunya, Iniciativa per Catalunya Verds - Esquerra Unida i Alternativa eta Candidatura d'Unitat Popular taldeetako parlamentarien sostenguarekin. Erreferendumean bi galdera egingo zaizkie herritarrei: «Nahi al duzu Katalunia Estatu bat izatea?» eta, baiezkoan, «Estatu independentea izatea nahi al duzu?». Espainiako Gobernuaren ordezkariek erreferenduma legez kanpokoa dela eta ez dela egingo adierazi dute.

Azaroak 9: kontsulta eguna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1.255 lokal zabaldu zituzten Katalunia osoko 942 herritan (guztira, 947 herri zeuden Katalunian), eta 6.430 parte-hartze gune eta 8.000 boto-kutxa baino gehiago. 40.930 pertsonak eman zuten izena antolaketa-lanetan laguntzeko. 5,4 milioi pertsonek parte hartu zezaketen kontsultan[1].

1.142.210 lagunek eman zuten botoa 13:00etarako, datu ofizialen arabera[2]. Bozkalekuak ixteko eskatu zuen UPDk badaezpadako neurri gisa, baina Bartzelonako guardiako epaileak ebatzi zuen "neurrigabea" zela[3]. 1.977.531 lagunek eman zuten botoa 18:00etara arte. Gironan hautetsontzi bat puskatu zuten lau kaputxadunak atxilotu zituzten[4]. Rajoyk adi jarraitu zuen galdeketa, Moncloa Jauregitik[5].

Emaitzak. Azkenik, botoen %100 zenbatuta, 2.236.806 herritar joan ziren bozkatzera. 1.861.753 izan ziren boto independentistak; 232.182 estatua bai baina independentzia nahi ez zutenak; eta 104.772 boto unionistak. Lehenengo galderari bai (Katalunia estatu izatearen alde) erantzun baina bigarrena zuri utzi zutenak 22.466 izan ziren, hau da, boz guztien %0,97. Portzentaietan, boto-emaileen %80,76k egin zuten Katalunia estatu independente izatearen alde eta %10,1ek Katalunia estatu izatea nahi zuten, baina ez independente. Azkenik, %4,5 ziren Katalunia estatu izatea nahi ez zutenak. Bai-Bai aukerak Erdialdeko Katalunian (%88,29) eskuratu zuen babesik handiena, eta txikiena Bartzelonan (%77,52). Kataluniako hiriburua hartzen zuen eskualdean izan zen ezezkoaren aldeko boto gehien, hau da, %5,26[6].

Kontsultaren ondorengo egoera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azaroaren 10ean, Generalitateak ardura bere gain hartu eta ez zuen inor identifikatu. Prozesuan deliturik izan den argitzeko ikerketa hasi zuen Fiskaltzak. Maria Dolores de Cospedal PPko idazkari nagusiak Espainiako Gobernuak galdeketaren antolatzaileen aurka joko zuela adierazi zuen[7].

Egun berean, Kataluniak munduari erakutsi nahi zion bere etorkizuna politikoa erabakitzeko eskubidea zuela eta Europako agendan kokatu nahi zuen aldarrikapen hori[8].

Bestalde, Generalitateak Rajoyren hitzak salatzeko asmoa zuen Konstituzionalean, izan ere, Generalitatearen bozeramaileak gogor kritikatu zituen jasotako "mehatxuak" eta "Espainiako Gobernuaren jarrera antidemokratiko eta oldarkorra"[9].

Erreakzioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kontsultaren ondorengo erreakzioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azaroaren 10ean, bi milioi lagunek kontsultan parte hartzea arrakastatsutzat jo zuen A9a Masek. "Demokrazia ariketa handia" izan da, "Kataluniak berak erabaki nahi du bere etorkizuna", esan zuen[5].

Alderdi politikoei dagokienez, CDCk hauteskunde plebiszitarioak nahi zituen. ERC parlamentu eratzailearen aldekoa zen. CUPek independentzia aldarrikapena nahi zuen. Bestalde, ICV bete beharreko galdeketaren alde agertu zen eta PSC erreforma federalaren alde. Azkenik, PPCk guztia ahazteko nahia adierazi zuen eta Albert Rivera Ciutadanseko buruak hauteskundeak aurreratzeko eskatu zion Masi[10].

Egun berean, kontsulta Espainiaren 'barne arazo' bat zela esan zuen Bruselak. “Estatu kideen ordena konstituzionalarekin zerikusia duten barne antolakuntzako auzien inguruan ez du adierazpenik egin behar Europako Batzordeak, ez da bere papera” esan zuen EBk[11]. Cameronek, berriz, Espainiaren 'batasuna' aldarrikatu zuen. Gainera, lehen ministroak erreferendumek Konstituzioa errespetatu behar zutela azpimarratu zuen[12]. Nazioarteko hedabideen azaletan, kontsulta katalanak oihartzuna izan zuen. Albistea jaso zuten munduan zeharreko hedabide gehientsuenek parte-hartzeko prozesuaren izaera independentista nabarmendu zuten[13].

Azaroaren 12an, “Justizia erabili izana” eta “politikarik ez egitea” gaitzesi zuen Artur Masek. Bera izan zen Kataluniako Parlamentuan egin zuten kontrol saioko protagonista. CiUko diputatuek zutik hartu zuten Mas saioaren hasieran[14].

Azaroaren 13an, Rajoyk Moncloan egin zuen agerraldia “bakarrizketa” izan zela kritikatu zuen CiUko bozeramaileak. Bestalde, “eskuzabaltasuna eta zorroztasuna” eskatu zien Turullek kontsultaren aldeko alderdiei. Gainera, ‘Mas auzitara eraman ala ez, berdin zaigu’ adierazi zuen[15].

Kataluniako kontsultaren eragina Euskal Herrian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azaroaren 4an, Euskal Herriko bi udalek, Azpeitiakoak (Gipuzkoa) eta Durangokoak (Bizkaia), Kataluniako Generalitateari «laguntza» eskaini zioten igandean egin asmo zuen galdeketari begira[16].

Azaroaren 6an jakin zenez, azaroaren 7an BERRIAren mahai ingurua egongo zen, Kataluniaz eta Kataluniatik Vilaweben estudioetatik eskainiko zuen BERRIAk, 10:00etan. Martxelo Otamendi izango zen zuzendari, eta gonbidatuak, Martin Aranburu politologoa, Maria Colera itzultzailea eta Ana Rodet Bartzelonako Euskal Etxeko presidentea[17]. Azaroaren 7an, Vilaweben estudioetatik eskaini zuen BERRIAk Kataluniako galdeketari buruzko mahai ingurua. Martxelo Otamendik zuzendu zuen saioa, eta Martin Aranburu, Maria Colera eta Ana Rodet izan ziren gonbidatuak. "Neurtu behar da noiz egin desobedientzia eta noiz ez" izan zen esaldi aipagarriena[18].

Azaroaren 7an jakin zenez, Hego Euskal Herrian lau hiriburuetan manifestazioak egingo ziren azaroaren 9an, kontsulta alternatiboari babesa emateko asmoz. Gure Esku Dago plataformak, berriz, mosaiko erraldoia egingo zuen[19].

Azaroaren 9an, hedabideen aurrean EAJ eta EH Bildu batera agertu ziren Bartzelonan[20]. Bestalde, elkarretaratzeak egin zituzten Hego Euskal Herriko hiriburuetan erabakitzeko eskubidearen alde[21].

Azaroaren 10ean, Josu Erkoreka bozeramaileak katalanak eta Artur Mas presidentea zoriondu zituen bozketan izandako “arrakasta” zela eta. Kataluniako bozketa “erreferentea” zen Euskadirentzat, bere ustez[22].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «A9ko galdeketa: 1.255 lokal, 8.000 hautestontzi eta 40.930 boluntario», EiTB, 2014-11-07
  2. ITSASO ZUBIRIA ETXEBERRIA, «Lehen orduak normaltasun osoz azaroaren 9an», Argia, 2014-11-09, CC-BY-SA lizentzia
  3. Jon Ordoñez, «Epaileak bozkalekuak ixteari uko eginda, aurrera jarraitzen du galdeketak», Berria, 2014-11-09
  4. Jon Ordoñez - Jon Olano, «Bozkalekuak zabaltzetik boto zenbaketara, egun historikoa», Berria, 2014-11-10
  5. a b Maider Beistegi, «Bi milioi lagunek parte hartuta, arrakastatsu jo du A9a Masek», EiTB, 2014-11-09
  6. «1.860.000 boto independentziaren alde», Berria, 2014-11-10
  7. «Ardura bere gain hartu eta inor ez du identifikatu Generalitateak», Berria, 2014-11-10
  8. Maddalen Iriarte, «Eta orain zer?», EiTB, 2014-11-10
  9. «Generalitateak Rajoyren hitzak salatuko ditu Konstituzionalean», EiTB, 2014-11-10
  10. Jon Ordoñez, «Biharamuna, "dena ahaztu" nahi duena zein independentzia aldarrikatu nahi duena», Berria, 2014-11-10
  11. «Kontsulta Espainiaren 'barne arazo' bat dela esan du Bruselak», EiTB, 2014-11-10
  12. «Cameronek Espainiaren 'batasuna' aldarrikatu du», EiTB, 2014-11-10
  13. Iker Gonzalez, «Kontsulta katalanak oihartzuna izan du nazioarteko hedabideen azaletan», EiTB, 2014-11-10
  14. «Artur Mas: 'Inoiz baino beldur gutxiago diegu Estatuaren mehatxuei'», EiTB, 2014-11-12
  15. «Turull: ‘Mas auzitara eraman ala ez, berdin zaigu’», EiTB, 2014-11-13
  16. ««Laguntza» eskaini dute Azpeitiko eta Durangoko udalek», Berria, 2014-11-05
  17. Edu Lartzanguren, «BERRIAren mahai ingurua bihar, Kataluniaz eta Kataluniatik», Berria, 2014-11-06
  18. Jon Olano, «"Neurtu behar da noiz egin desobedientzia eta noiz ez"», Berria, 2014-11-07
  19. IKER GOMEZ,«Manifestazioak hiriburuetan eta mosaiko erraldoia, A9ri babesa emateko», EiTB, 2014-11-07
  20. E. Esnaola, «EAJ eta EH Bildu gaur batera Bartzelonan, hedabideen aurrean», Berria, 2014-11-09
  21. «Elkarretaratzeak egin dituzte Euskal Herrian, erabakitzeko eskubidearen alde», Berria, 2014-11-09
  22. «Erkoreka: 'A9a erreferentea da baina ez dugu zehatz-mehatz jarraituko'», EiTB, 2014-11-10

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]