La Paz espetxea

Koordenatuak: 42°50′43″N 2°40′05″W / 42.84531°N 2.66817°W / 42.84531; -2.66817
Wikipedia, Entziklopedia askea
La Paz espetxea
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Araba
HerriaGasteiz
Koordenatuak42°50′43″N 2°40′05″W / 42.84531°N 2.66817°W / 42.84531; -2.66817
Map
Inaugurazioa1861

La Paz espetxea (Gasteiz, Araba) probintziako kartzela izan zen 1861 eta 1973 artean. Espainian sistema zelular berria erabili zuen lehen espetxea izan zen.[1]

Sorrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

La Paz espetxea sortu baino lehenago, Gasteizko kartzela San Vicente elizaren ondoko eraikin batean zegoen.[2]

Bere sorrera Arabako Batzar Nagusietan erabaki zen 1853 urtean; 1858 eta 1859 artean eraiki zen, Martin Sarazibar probintzia arkitektuaren proiektu eta zuzendaritzapean .[2] Teknikoki, hirugarren klaseko espetxea zen, auzitegi-barrutia zerbitzatzen zuena, Arabako Foru Aldundiaren menpe. [3] Bere eraikuntzak 53.572 pezeta kostatu zituen.[4]

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

La Paz espetxea Espainian sistema zelularra erabili zuen lehen kartzela izan zen,[2] XVIII. mendetik filantropoen eta higienisten aldetik zetorren erreibindikazioa kontuan hartu zuena, Erdi Arotik zetorren ikuspegia gaindituz, presoaren bergizarteratzera zuzendutako eredu berritzaile batekin.[3] Sistema zelularra presoen banaketan oinarritzen zen (egoera prozesalaren eta delitu motaren arabera), baita gauez banakako ziegetan atseden hartzea, eta egunez lan komunetan aritzea.[1]

La Paz espetxea Belgikako espetxe baten eredua jarraituz eraiki zen, eta Donostiako Ondarretako espetxea eraikitzeko eredu bezala balio izan zuen.[5]

Eraikin panoptikoa diseinatu zen,[1] forma erradialean, eta hiru solairu. 72 ziega orokor zituen; 3 erizaintzakoak; 2 gela emakumeentzat; 2 gela preso politikoentzat; gela 1 eskola bezala erabiltzeko; lokutorio 1; eta 4 patio.[3]

Erabilera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hasieran bere ahalmen maximoa 60 presotakoa zen; baina XX. mende hasieran 94tara igo zen. Espetxeko langileak zuzendaria, zuzendariordea, bi laguntzaile, bost zaindari, medikua, apaiza eta morroia ziren; kanpoko zaintza militarren ardurapean zegoen.[3]

Espainiako Gerra Zibilean atxilotze guneak gainezka egon ziren; 1937 eta 1939 artean, La Pazen bakarrik, 5000 preso inguru izan ziren.[5] Haietatik dozenaka eraman zituzten epaiketarik gabe hiltzeko, eta ezkutuan hobi komunetan lurperatzeko. Hemendik eraman zituzten, esaterako, 1937ko martxoaren 31n Azazetako sarraskian hil zituzten hamasei pertsonak, horien artean orduan Gasteizko alkate zena, Teodoro González de Zarate. [6]

Gerra Zibilean eta frankismoan, La Paz espetxea diktaduraren errepresioaren ikur bihurtu zen.[3] Herritarren artean "Hotel Rejas" bezala ezagutzen zen.[4]

Amaiera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gasteizen hedapen urbanistikoarekin, garai batean aldirietan egoniko espetxea inguraturik geratu zen. 1947 inguruan, arrazoi urbanistikoak argudiatuz, La Paz kartzela, artilleria kuartela eta udal laborategi kimikoak eraistea adostu zen; kartzelaren eraisketak, gainera, Posta kalea Herrandarren kaleraino luzatzea ahalbidetuko zukeen. Luis Saratxo alkate zela espetxe berria eraikitzen hasi bazen ere (Campo de los Palacios izeneko gunean) obrak bertan behera gelditu ziren,[7] eta La Paz espetxeak martxan jarraitu zuen 1973 urtera arte. Eraikina 1975ean eraitsi zen, Posta kalea luzatuz.[2]

1973ko uztailaren 11an, La Pazko azken presoak Langraiz Okako kontzentrazio-esparrura eramanez. Esparru hau erreformatu eta Arabako Probintzia Espetxe bihurtuko zen 1981etik aurrera.[3]

Oroimen historikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2018tik aurrera, Gasteizko Udalak "Memoriagune" izeneko lekuak seinaleztatzeari ekin zion, oroimen historikoarekin lotutako lekuetan informazio plakak ezarriz.[8] Martxoaren 7an La Paz espetxeari zegokiona inauguratu zen,[9] bertan preso egondako eta eraildako pertsonen senideen parte hartzearekin.[10] Memoriagune honek, besteekin batera, eraso anonimoak jasan izan ditu.[11]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c «INVENTARIO DE BIENES DE LA CÁRCEL CELULAR DE VITORIA EN EL MOMENTO DE SU INAUGURACIÓN EN 1861» www.euskonews.eus (Noiz kontsultatua: 2023-04-18).
  2. a b c d (Gaztelaniaz) «Antigua cárcel en la calle de la Paz» Recordando Vitoria-Gasteiz 2009-04-11 (Noiz kontsultatua: 2023-04-16).
  3. a b c d e f Espainiar Jaurlaritza. Institución - Centro Penitenciario de Nanclares de la Oca (Iruña de Oca, Álava, España). http://pares.mcu.es/.
  4. a b «Vitoria en fotos: Cárcel en calle La Paz» Vitoria en fotos 2020-10-14 (Noiz kontsultatua: 2023-04-17).
  5. a b «VITORIA-GASTEIZ - Represión franquista en el País Vasco. Cárceles, campos de concentración y batallones de trabajadores en el comienzo de la posguerra» www.vitoria-gasteiz.org.es (Noiz kontsultatua: 2023-04-17).
  6. «Memoriaguneak - Arabako Probintziako Espetxea (Bake kalea)» www.vitoria-gasteiz.org (Noiz kontsultatua: 2023-04-17).
  7. (Gaztelaniaz) Tarazona, Un reportaje de Julio Corral Ilustración Marian. (2018-01-29). «La cárcel del Campo de los Palacios» Diario de Noticias de Álava (Noiz kontsultatua: 2023-04-17).
  8. «Memoria Historikoa - Memoriaguneak» www.vitoria-gasteiz.org (Noiz kontsultatua: 2023-04-17).
  9. (Gaztelaniaz) Cancho, Rosa. (2018-03-08). «Vitoria inaugura su tercer rincón de la memoria en la calle Paz» El Correo (Noiz kontsultatua: 2023-04-17).
  10. (Gaztelaniaz) «Vitoria instala su tercer espacio de memoria para recordar a presos fusilados» Diario de Noticias de Álava 2018-03-07 (Noiz kontsultatua: 2023-04-17).
  11. Memoriaguneei egindako erasoak gaitzetsi ditu alkateak, “Frankismoaren biktima guztien memoria eta duintasunarekiko begirunerik eza erakusten baitute” « Prentsa oharrak. (Noiz kontsultatua: 2023-04-17).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]