Espainiako Gerra Zibila Euskal Herrian

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Euskal Herriko historia
Lauburu harria.jpg
Historiaurrea eta Antzinaroa
Erdi Aroa
Aro Modernoa
Aro Garaikidea
Kronologiak


Espainiako Gerra Zibilak Euskal Herrian 1936 eta 1937 urteen artean iraun zuen. Bertan, Espainian eztabaidan zeuden printzipio sozio-ekonomiko eta ideologikoei nazio-auzia ere batu zitzaien.

Eduki-taula

Aurretikoak [aldatu]

Sakontzeko, irakurri: Espainiako Bigarren Errepublika eta Hego Euskal Herriko hauteskundeak Espainiako Bigarren Errepublikan
Eibarko Udaletxea, Errepublika-aldarrikapenaren 77. urteurrenean altxatutako bandera.

1931n Espainia Errepublika bihurtu eta erregimen berria aldarrikatu zuen lehendabiziko udalerria Eibar izan zen 1931ko apirilaren 13an[1]. Laster, Konstituzio berria onartu zen, eskuineko alderdien gustukoa ez zena.

Espainian gizarte-asaldura izan zen garai hartako ezaugarrik nabarmenena. Ezkerreko alderdiek Elizaren aurka azaldutako jarrerak eskuineko alderdiak mugiarazi zituen. Gainera, azken horiek beren gizarte-pribilegioak kolokan ikusi zituzten, ezker iraultzailearen indarra zela eta.

1932ko irailaren 9an Kataluniak bere autonomia-estatua lortu zuen. Hego Euskal Herriak ez zuen eskuratu horrelako testurik gerra hasi zen arte.

1936ko otsailaren 16an, hauteskundeak egin eta Fronte Popularrean elkartutako ezkerreko alderdiek (tartean Eusko Abertzale Ekintza) irabazi zuten[2]. Hego Euskal Herrian, berriz, eskuineko alderdiak irten ziren garaile. Eskuineko blokeak hamabost diputatu, Fronte Popularrak hamabi diputatu eta EAJk hamar diputatu[3][4] lortu zituzten. EAJk, guztira, 130.000 eta 140.000 arteko boto[5] lortu zituzten. EAJak, batez ere, herri txikietan eskuratu zituen boz gehien.

Altxamendua [aldatu]

Gauzak horrela, 1936ko uztailaren 17an Francisco Franco jenerala Melillan Errepublikaren aurka altxa zenean, harekin bat egin zuen Iruñean zegoen Mola jeneralak eta nafar errekete karlistek[6][7]. Araban ere, Jose Luis Oriol lurjabe karlistak, bere botereaz baliatuz, altxamenduaren alde jarri zuen ia herrialde osoa. Bizkaia errepublikaren alde agertu zen eta Gipuzkoan zalantza uneak izan ziren hasiera batean. Horrela, laster Hego Euskal Herria bitan zatitu zen.

Matxinoek EAJ beraien alde jartzea espero bazuten ere, alderdi kontserbadore eta kristaua baitzen, alderdi hau Errepublikaren alde azaldu zen. Hala ere, alderdiaren jarrera eztabaidan zen azken unera arte: Bizkaian eta Gipuzkoan duda barik egin zuen legaltasunaren alde; Nafarroan eta Araban, berriz, elkarren aurkako jarrerak izan ziren alderdi barnean: neutraltasunaren aldekoetatik altxamenduaren aldeko atxikimendu gutxi gorabehera bortxatuetara. Horren adibide izan zen Molak Donostia hartu eta gero Arturo Campionek Diario de Navarra egunkarian idatzitakoa, nahiz eta hau ez zen EAJkoa[8] edo Araban Jabier Landaburuk izandako jarrera[9]. Duda horiek zirela eta, Emilio Molak hilabete itxaron zuen, 1936ko abuztuaren 18ra arte, abertzale erakundeen deuseztatzea agintzeko[9].

Euskal Elizaren jarrera ere heterodoxoa izan zen. Marcelino Olaetxea Iruñeko apezpikuak hasieran gerraren piztea gaitzetsi eta uko egin zion tropa karlistak bedeinkatzeari. Hala ere, abuztuaren 6an, Mateo Mujika Gasteizko apezpikurekin batera, gutun pastorala izenpetu zuen katolikoak «etsai komunaren aurka» borrokatzera deitzeko. Momentu jakin hartan gutuna idaztera behartuak egon ala ez[10], gerora matxinoen aldeko jarrera zalantzarik gabekoa izan zen.

Apaizeriaren jarrera ere gizartearena bezalakoa izan zen. Nafarroan gehienek matxinoen alde egin zuten, armak ere hartuz[11]. Bizkaian eta Gipuzkoan, apaiz asko abertzaleak izanda, politika nahiago zuten nagusiei zor zieten mendetasuna baino. Hori zela eta, 1936ko udazkenerako 15 euskal apaiz fusilatu zituzten matxinoek, matxinada bultzatzeagatik[9].

Nafarroako errepresioa eta sarraskiak [aldatu]

Sartagudako "Memoriaren Parkea".
Sakontzeko, irakurri: Gerra Zibileko biktimak Nafarroan

Hasiera-hasieratik, Espainia osorako garrantzi handikoa izan zen Iruñean Mola jeneralak egin zuen altxamendua, oligarkiak, karlistek, Eliza katolikoak eta hedabide nagusiek lagundua[7]. Ondoren, Nafarroa osoan matxinatuen aurkako indarrak erabat desagerrarazteko ahaleginetan, errepresio bortitza ezagutu zen. Karlistaz eta falangistaz osatutako eskuadroiek hiru mila bat lagun hil zituzten[11].

Bortizkeriaren biktima nagusiak FNTT eta Unión General de Trabajadores sindikatuetako kideak izan ziren. Bi sindikatu horiek nagusi ziren Erriberan, eta lurrik gabeko nekazariak ordezkatzen zituzten. Aipagarria da, alde horretatik, Sartagudako sarraskia: 1.300 biztanleko herrian ia 90 bizilagun hil ondoren, Sartagudak Alargunen Herria ezizena hartu zuen[12].

Hala ere, Errepublika garaian garrantzi handikoak izan ziren beste auziek, esate baterako Euskal Herriarentzako Sortarauak, ez zuten izan nekazaritza-auziak eragindakoak bezainbesteko errepresiorik. Izan ere, altxatuek Nafarroaren euskal nortasuna ez zuten dudatan jartzen[13].

Errepresio hartan, hildako gehien izandako udalerriak Iruñea (298), Lodosa (133), Mendabia (99), Azkoien (89), Corella (87), Sartaguda (84), Milagro (78) eta Azagra (71) dira.

Hona hemen adibide bi:

  • Lodosan 1936ko uztailaren 18an, altxamendu militarraren lehen albisteak herrira iritsi zirenean, bertako langile erakundeek herria okupatu eta erasotzaileei aurre egiteko agindua eman zuten. Horrela, uztailaren 19an herriko gune estrategikoetan barrikadak jarri zituzten, Mendabiarako zubian esaterako. Eskopeta eta trabukoak hartuta, gizon armatuen taldeak atera ziren. Arratsaldeko lauretan Guardia Zibila, matxinatuen aldekoa, kalera irten zen. Tiroketak gertatu ziren bata bestearen atzetik. Guardia zibilek, egoeraz jabetzea lortu ez eta, falangistei laguntza eskatu zieten.
  • Mendabian Gerra Zibilaren lehen egunetan bertako 99 pertsona erail zituzten altxatutako falangista eta erreketeek. Hildako gehien izan zituzten herrietakoa da Mendabia, beraz. 1936ko urtarrileko hauteskundeetan, ezkerreko alderdiek garaipena erdietsi zuten Mendabiako udalean, aurreko bi urteetan izandako eskuindar gobernua garaituta. 1936ko uztailaren 18an legezko gobernuaren aurka izandako altxamendu militarraren oihartzuna, egun bat beranduago iritsi zen herrira, uztailaren 19an. Udalak eta herriko langile-elkarteek egoera kontrolpean zuten hasieran, eta matxinatuen aldeko Guardia Zibilaren aurka borrokatu ziren. Larri zauritutako bi izan ziren: udaletxeko atezaina eta guardia zibil bat.

Lizarrako eta Tafallako kartzeletan, epaiketarik gabeko exekuzioak izan ziren, 1936ko irailean eta urrian, hurrenez hurren[7].

Gipuzkoaren konkista [aldatu]

Eibarko O'Donnell kaleko zuloa.
Errepublikaren aldeko gudariak Elgetan, 1936-37 urteen inguruan.
CNT-FAI eta FIJL erakundeen kartela.
Sakontzeko, irakurri: Gipuzkoako kanpaina eta Irungo gudua

Donostian Carrasco koronelak altxamenduarekin bat egin zuen, ez ordea berehala[14]. Horrela, herri mugimendua erabakigarria izan zen Donostiaren defentsa errepublikazalerako. Leku funtsezkoetan zeuden falangistak neutralizatu ondoren Urbieta kalean, uztailaren 21ean egin zieten aurre, azkenik altxatzea erabaki zuten Loiolako kuarteleko tropei. Trenez probintziatik iritsitako laguntza indarrek (Guardia Zibilaren laguntzarekin) erabaki zuten gudua alderdi baten alde, eta altxatuen tropei atzera eginarazi zieten. Egun batzuen buruan, uztailaren 28an, militarrek amore eman zuten Donostiako Defentsa Juntaren aurrean, baina armak anarkistek hartu zituzten[15]. Amore emate horretan, EAJko kideen lana erabakigarria izan zen, hauek negoziazioak bultzatu baitzituzten: EAJk 1936ko abuztura arte ez zuen Errepublika aldeko jarrera ofizialik hartu.

Sozialistek eta anarkistek Donostia eta Irungo kaleak kontrolatu zituzten eta abertzaleak ez ziren zenbait katoliko eta kontserbadore fusilatu. Donostiako Ondarreta, Hondarribiko Guadalupe eta Tolosako kartzeletan sarraskiak eta judizioz kanpoko exekuzioak izan ziren, miliziano abertzaleek gelditu ezin izan zituztenak[9].

Hurrena mugarekin lotura mantentzea izan zen helburua. Likinianok gidatutako anarkistak ziren indartsuenak Donostian, eta Irun aldera jo zuten sozialista, komunista eta ANVko abertzale ezkertiarrekin elkarturik, Aiako Harriaren inguruan Bortziritik sartzen ari ziren Solchaga jeneralaren indar karlistei aurre egiteko. Borroka latza izan zen mendian eta hiriburuan eskuindarren hilketak ugaldu ziren, Ondarretako kartzelaren erasoa barne.

Altxamenduaren lehendabiziko astean, Nafarroan zortzi zutabe antolatu ziren, batik bat erreketeez osaturik, baina baita neurri handi batean falangistez eta soldadu erregularrez ere. Zutabeak laster joan ziren Gipuzkoa aldera muga konkistatzeko asmotan. Bidean gipuzkoar tradizionalista eta karlista asko batu zitzaizkien.

1936ko abuztuaren 5ean, zortzi zutabeetako hiruk Irungo mugarantz jo zuten muga-postuak hartzeko, Errepublikari hornidurak eta komunikazioak mozteko asmotan.

Abuztuaren 26an, San Martzialeko gotorlekua eraso eta, Legio eta hegazkinen laguntzari esker irailaren 2an bereganatu zuten[16].

Uda amaieran Irun galdu zuten errepublikarrek, utzi baino lehen anarkistek su eman ziotela, eta Donostian irailaren 13an sartu ziren beste bost zutabe matxinatuak. Ondoren, nahiz eta momentu hartan Donostiak bere populazioaren bi heren galduak eduki, hiriko biztanle asko eta asko ihesi joanak baitziren, inbaditzaileek "garbiketa" sistematikoa burutu zen.

Gudaroste karlistak berriz bildu eta Bizkaia aldera jo zuten. Irailaren 22an Deba ibaira heldu ziren. Ordura arte, Gipuzkoa defendatzeko borroka ezkerreko milizianoek egin zuten, EAJren laguntza indar gutxiagokoa izanik[9].

Irailaren 29an, Oria ibaian behera sartu ziren tropak Mola jeneralak zuzenduta, baina errepublikarrek eutsi egin zieten. Urriaren 12an Molak aurreratzea gelditzeko agindu zuen, eta horren ondoren frontea egonkortu egin zen, ia Gipuzkoa osoa matxinoen eskutan zegoela. Frontea Bizkaia eta Gipuzkoa arteko mugan zehar zegoen:

Orduan esan daiteke Camino de los Toldos izenekoa zela benetako fronte lerroa:

Hau da, mendebaldean, errepublikarren kokalekua zuten aldea: bere posizioetatik erraza zen harana eta San Asensio zabaldegia tirokatzea.
  • Ekialdean, haranaren hegala baino lehen dagoen zelaigunean, Camilo Alonso Vegak zuzendutako 9 batailoiek osatutako "IV Brigada de Navarra" zegoen. Bederatzi batailoietatik seik erdigunea eraso zuten, San Asensio zabaldegira. Beste hiru batailoik hegaletan bigarren mailako erasoaldiak egin zituzten. Tertzio Karlistek Falange eta Morokoko erregularren laguntza izan zuten.

Karlistek 1937ko udaberria baino lehen jadanik eraso bazuten ere, ezin zuten frontea gainditu. 1936ko irailaren 25ean San Asensioko ermitaraino heldu ziren baina atzera egin behar izan zuten. Era berean, urriaren 4an Gaztelumendi hartzea ere lortu zuten[18]. Hala ere, bitan atzera boteak izan zirenez, posizioa mantendu baino ez zuten egin.

Euzko Jaurlaritzaren sorrera [aldatu]

Sakontzeko, irakurri: 1936ko Euskadiren Autonomia Estatutua
Jose Antonio Agirre Lekube, lehenengo lehendakaria, 1939an Aberri Egunaren ospakizunetan, deserrian.

Bizkaian kuarteleratutako armadak 1936ko uztailean errepublikarren alde egin zuen. Berehala Defentsa Biltzarrak osatu zirenez, uztailaren 23an EAJk miliziano taldeak osatzeari lotu zitzaion. Uztailaren 29an, EAJk guardia bolondres biltzeko deia egin eta abuztuaren 5an Bizkai Buru Batzarrak bere milizianoen desfilea antolatu zuen Bilbon[9].

Gerrako lehen hiru hilabeteetan, Bizkaia eta Gipuzkoako zenbait eliza arpilatu eta suntsitu zituzten anarkista taldeek, eta 50 apaiz inguru erail. EAJk, bere miliziak antolatzeke zituen eta, ezin zituen ekintza horiek geldiarazi[9].

1936ko irail bukaeran, Bizkai Buru Batzarrak inoiz baino duda gehiago zituen Errepublikari emandako sostenguaz, batez ere irailaren 25ean Altuna-Mendi eta Cabo Quilates itsasontzi-espetxeetan egindako sarraskiak eta gero. Buruzagi jeltzaleak arrakastarik gabe saiatu ziren britainiar diplomaziarekin harremanetan jartzen, Londresek euskal gobernu autonomo bat babes zezan. Mugimendu horien berri izan ondoren, Errepublikako Gobernuak Valentzian urriaren 1ean onartu zuen Euskadiren Autonomia Estatutua. Gainera, gerraren bilakaera kontuan hartuta gaizki hartutako erabakia izan arren, Gibraltarko itsasartea blokeatzen ari zen eskuadra Bizkaiko golkora bidali zuen, horrela Francoren armadari Afrikatik Iberiar penintsularako bidea irekiz. Itsasontziek Bilbon 20 egun eman zituzten. Garai hartan ere, Bilbora merkantzia-ontzi errusiarra heldu zen armekin, horri esker bizkaitarren adorea sendotuz[9].

1936ko urriaren 8an Gernikako Batzar Nagusian Jose Antonio Agirrek Euzko Jaurlaritzaren lehendakari kargua zin egin zuen[19]. Gobernuak bederatzi hilabete iraun zuen. Batasun gobernua sortu zuen abertzale, komunista, errepublikazale eta sozialistekin. Beronen ekimena praktikan estatu independente batena izan zen, halabeharrez gerrak bultzatuta: bere unibertsitate, diru, armada, eta abarrekin.

Estatutu berria Elgetako Estatutua izenaz ere ezaguna izan zen, matxinoek Elgeta konkistatu zutenean onartua izan zelako. Agirrek zin egin zuenean, ekitaldian parte hartu zuten gudari gazteek "Estatutua ez, Autonomia bai" oihukatu zuten. Luis Arana Goirik ados ez zegoela adierazteko alderdia utzi zuen egun hartan, baina alderdikideei alderdia ez uzteko eskatu zien[9].

Euzko Jaurlaritza sorberriak hartutako lehendabiziko neurrietako bat indar polizial guztiak desegitea eta bere ordez Ertzaintza jartzea izan zen. Horrela, ordena publikoa hobetu zuen eta, salbuespenak salbuespen, exekuzio politikoekin bukatu. Hala ere, ezin zituen Bilboko sarraski basatiak geldiarazi: 1937ko urtarrilaren 4an, Larrinagako espetxean zeuden 224 preso politiko erail zituzten miliziano sozialistez osatutako batailoiek[20]. Gudariek sarraskia gelditzea lortu zuten, 100 preso salbatuz. Eusko Jaurlaritzak erantzuleak epaitu eta haietako sei fusilatu zituen. Eraso honen ondoren, Euzko Jaurlaritzak frontetik zortzi batailoi kendu zituen Bilbon ordena publikoa mantentzeko[9].

1936ko urriaren 5ean Bilboko Burdin Hesia eraikitzeari ekin zion Jaurlaritzak.[21] Lanak bukatu eta hilabetera, lanen zuzendariordea atxilotu eta fusilatu zuten, matxinoekin harremanetan jartzen saiatzeagatik[9].

Urriaren 16an, Euzko Jaurlaritzak errekluten lau kintak soldadutzara deitu zituen. Urri erdian, Bilbora hegazkin, kanoi, metrailadore eta armaz jositako itsasontzia heldu zen. Urriaren 26an, Agirrek eusko indar guztiak berak zuzendutako Euskadiko Defentsa Batzarraren aginduetara zeudela aldarrikatu zuen, hau Errepublikako Armadatik independentea zela adieraziz. Azaroaren 7an, Eusko Gudarostearen Aginte Nagusia sortu zuten. Eusko Gudarosteak 1936ko azaroaren 20an entrenamendu gabeko infanteriako 27 batailoi zituen, 25.000 lagun ingururekin. Gainera, frontean 10.000 eta 12.000 miliziano inguru zituen, orduan geldirik[9][22].

Legutioko ofentsiba [aldatu]

Sakontzeko, irakurri: Legutioko gudua

Matxinoak Madril hartzeari ekin ziotenez, Errepublikako Gobernuak Eusko Jaurlaritzari frontea hautsi zezan eskatu zion. Azaroaren 30ean egin zen Euskal Armada eratu berriaren erasoaldi bakarra eta azkena, Legutioko gudua edo ofentsiba izenekoa. Horretarako 29 batailoi, 5 ingeniarien konpainien laguntza zutenak, 25 kanoi eta 8 gerra-gurdi aukeratu zituen Gasteiz konkistatzeko. Operazio honen helburua zen altxatutakoek Sevilla eta Irun artean zuten komunikazio-lerroa zatitzea. Hori lortu nahian, Bizkaia hegoaldetik eta Deba Goienatik bi zutabek eraso zuten karlistek defendatutako Legutio[23]. Francok errefortzuak bidali eta abenduaren 12an errepublikarrek erasotzeari utzi zioten, 1.000 hildako inguru izan ondoren[9]. Alde batetik, erasotzaileen prestakuntza faltak koordinaziorik eza ekarri zuen eta, bestetik, erasoaldiaren porrotean ikusi zen bi gudarosteen arteko desberdintasuna: nahiz eta zenbaki aldetik bien artean alde nabarmenik ez egon, aireko ejertzitoak, bere bonbardaketekin, abantaila handia ematen zion Molaren armadari.

1936ko azaroaren 24an Errepublikako Gobernuak Espainia iparraldeko gudaroste guztiak Ejército del Norte (Iparraldeko Armada) izenekoan batzea erabaki zuen, Francisco Llano de la Encomiendak zuzenduta. Bateratzea teorian baino ez zen egin, Agirrek ez zuen eta onartu. Lehendakariak komisario politikoen sistemari uko egin zion, eta Iparraldeko Armadaren Aginte Nagusian prestakuntza militar eskaseko komunistak zeudela-eta arranguratu zen. 1937ko urtarrilean Agirrek honela idatzi zion Llanori, hau Bilbon zegoela: Eusko Jaurlaritzak bere indar guztien antolakuntza berria onartu arte... esklusiboki Eusko Jaurlaritzaren agindupean egongo dira. 1937ko otsailean, Llanok Bilbo utzi eta Santanderren jarri zen[9].

1937ko otsailean ere, Euzko Gudarosteko zazpi batailoik Asturiasko fronteari laguntzera joan ziren[24]. Candido Sasetaren aginduetara, Oviedo hartzeko kanpainan hartu zuten parte.

1937ko martxoaren 5ean, Eusko Itsas Gudarostearen Bouren eta Canarias gurutze-ontziaren arteko Matxitxakoko itsas bataila gertatu zen. Guduaren ondorioz, euskotarrek Bou Nabarra galdu zuten[25][26].

Bizkaiko ofentsiba eta Gernikako bonbardaketa [aldatu]

Sakontzeko, irakurri: Durangoko bonbardaketa, Intxortetako gudua, eta Gernikako bonbardaketa
Durangoko bonbardaketaren irudia hegazkinetik egina

Negua eta gero, 1937ko udaberri aldera hasi zen Bizkaia menderatzeko frankisten ofentsiba, Iparraldeko frontea izeneko kanpaina hasiz. Horretarako, Molak lau errekete-brigada nafar erabili zituen, 28.000 lagun ingururekin: Brigadak Araban eta Gipuzkoan osatutako 10 batailoi, karlista nafar asko eta Espainiatik etorritako tropa erregularrek osatuta zeuden. Gainera 65. Kondor Legioko 140 hegazkinen, eta artilleriako 7 kanoi-bateria italiarren laguntza izan zuen. Horiek bere alde zuten airea eta baita itsasoa ere, Euskadiren kostaldean ezarritako blokeoarengatik.

Ofentsiba hartan arma berri bat erabili zuten, ordura arte munduko inongo gerratan ikusi gabea: erretaguardiako herritar zibilak bonbardatzea eta herriak suntsitzea, morala jaisteko eta erresistentzia ahultzeko xedez.

Horrela,martxoaren 31n, Durango bonbardatu zuten. Durangoko bonbardaketan Aviazione Legionariako italiar hegazkinek 336 pertsona hil zituzten[27]. Ofentsibaren etapa honetan, Eibar, Elgeta, Elorrio eta Otxandio ere bonbardatuak izan ziren, lehen lerrotik gertu zeuden herriak baitziren. Euzko Gudarostearen posizioen aurka aire eta artilleria bidez gogor egin ostean, altxatuek lurretik ekin zioten Bizkaiaren inbasioari. Soldadu faxistek Zabalanditik hautsi zituzten errepublikarren posizioak. Arratzola laster hartu baina orografia zela eta ezin zuten arin ibili. Eguraldi txarra zela eta, apirilaren 7an ofentsiba eten egin behar zuten. Apirilaren 13an Euzko Gudarosteak kontraeraso egin eta zenbait posizio berreskuratu zuen[9]. Une honetan, apirilaren 20 eta 24aren artean, Intxortetako gudua ezaguna gertatu zen, matxinatuak eusko gudarien fronte-lerroarekin talka egin zutelarik, Elgeta inguruan[18]. Hasiera batean, Euskadiko konpainiek erasoaldia atzera botatzea lortu bazuten ere, azkenean Intxortak eta Udalaitz menderakaitza erasotzaileen eskuetan gelditu ziren, frontea hautsiz eta matxinatuei Bizkaiarako sarrera irekiaz.

Faxistek Durango konkistatu zuten eta hilabete hartan Eibar ere galdu zuten errepublikarrek[28].

Bi egun geroago, 1937ko apirilaren 26an, Gernika bonbardatu zuten alemaniarrek. Eta handik bi egunetara sartu ziren tropa frankistak herrian. Hilabeteko erresistentzia bortitza suntsituta gelditu zen.

Gernika egindako sarraskia munduan ezaguna egin zen, bai George Steer kazetari britainiarrak "The Times" egunkariarentzat egindako kronikari bai Pablo Picassok Parisko Nazioarteko Erakusketarentzat egindako koadroari esker[29]. Eusko Jaurlaritzak orduan egindako estimaketaren arabera, Gernikan 300 hildako eta 889 zauritutako izan ziren[30]. Gernikako arbola, euskal herritarren eskubideen ikurra dena, zutik jarraitu zuen eta matxinoek herria konkistatu zutenean hantxe plazaratu zuten karlisten guardia.

Gernikatik kostaldera jo zuten matxinoek. Apirilaren 30tik maiatzaren 4rako egunen artean Bermeoko gudua izan zen, non Mundakako itsasadarra galdu zen.[31]

1937ko maiatzaren 5ean Agirrek eusko operazio militar guztien agintea bere gain hartu zuen. Armei heltzeko edota gotorlekuak eraikitzeko lanak egiteko gai ziren bizkaitar guztien mobilizazioa agindu zuen. Guztira 70.000 gudari inguru bazituen ere, teorian baino ez zen hala denentzako armak ez zituelako. Eusko Gudarosteari laguntzera hainbat gudari etorri ziren Kantabria eta Asturiastik, baina, bortizkeriaz eta estremismoz jokatzen zutenez, euskal herritarrek ez zituzten begi onez ikusi.[9]

Agintea lortu eta berehala, Agirrek maiatzaren 6tik maiatzaren 14rako egunen artean Sollubeko guduan zuzendu zuen Eusko Gudarostea. Gudu hartan, Bizkaiko lur laua galdu zuen.[31]

Bilboren galera [aldatu]

Sakontzeko, irakurri: Bilboko gudua
Bilboko portuaren bonbardaketa, 1937ko ekainaren 5ean.

Bizkaia ia guztia hartuta, frankistei Bilbo gelditzen zitzaien hartzeko. Batailaren garrantziaz jabetuta Franco eta Mola berberak izan ziren guda zelaian.

Maiatzaren 8an Errepublikako Gobernuak bidalitako 50 ehiza-hegazkinetatik 45 heldu ziren Bilbora. Tamalez, ondo defendaturiko aireportuen ezak eta eskifaien eskarmentu eskasak laster amaitu zuten hegazkinekin.[9]

Maiatzaren bukaerarako, Nafarroako errekete-tertzioak Bilboko Burdin Hesitik hurbil ziren, eta hesiaren % 40 baino ez zegoen eginda. Matxinoek ahulezia guztien jakitun ziren, Pablo Murga ingeniariaren traizioari esker —eta, askoz neurri txikiagoan, Alejandro Goikoetxea ingeniariaren traizioari esker— planoak lortu zituztelako.[9][32][21] Gainera, Burdin Hesiaren defentsa sistema zaharkitua zen, orduan sortu berriak ziren hegazkin bidezko erasoei aurre egiteko ez baitzen aproposa,[33][34][21] eta Burdin Hesia fetitxe modukoa izan zen: eusko gudariek uste osoa zuten menperaezina zela, eta frankistei aurre egin gabe atzera egin zuten, defendatzeko egokiagoak ziren hainbat posizio utzita, Burdin Hesian babes egokiagoa izango zutelakoan. Eusko Gudarosteko ofizial izandako Joseba Elosegik gogor kritikatu du Bilboko Burdin Hesia egin izanak eusko armadari eragindako kaltea.[35]

Mola jeneral matxinoa 1937ko ekainaren 3an hil zen hegazkinez Gasteizera zihoan eta hegazkina egungo Alcocero de Molan erori zenean.[36]

Ekainaren hasieran, Errepublikako Gobernuak Bilbora Mariano Gamir Ulibarri euskal herritarra bidali zuen, eta Agirreri aginte gorena haren esku uzteko eskatu. Gamir militar profesional eta independentea zenez, Agirrek onartu egin zuen, eta 40.000 gudarien agintea eman zion gudua aurrera ateratzeko. Ekainaren 11an, matxinoak Bilboko Burdin Hesia setiatzeari lotu zitzaizkion, eta 36 orduz erasota, 500 hildako inguru izanik, gainditzea lortu zuten. Bilbo erortzear zegoenean, Agirrek Gamirrek Bilbo defendatzeko gai ez bazen Ezkerraldeko industria txikitu behar zuela jakin zuen. Irunen gertatutako eta Donostian jeltzale eta sozialista eta anarkisten milizianoek izandako borrokak jakinda, bere eragozteko asmoa adierazi zion. Agirrek gudariei sabotajearen saiakerak geldiarazteko agindua eman eta 2.000 presos politiko inguru askatu zituen frankisten lerroetaraino lagunduak zirenak. Hala ere, EAJko batailoi eta Asturiasko batailoien arteko borrokak izan ziren, azkenak Deustu erre nahi zutelako.[9][37]

Hala ere, eta aireko bonbardaketak lagun, erresistentzia gailentzeko gai izan ziren setiatzaileak. Ekainaren 19an Bilbo hartu zuten. Hamar egun geroago Bizkaia osoa Francokkonkistatuta zegoen. 20.000 gudari inguruk Kantabria aldera jo zuen.[9]

Santoñako amaiera [aldatu]

Sakontzeko, irakurri: Santoñako hitzarmena

Aurretik italiarri ukatutako negoziazio bidea berriz ireki zuen Euzko Jaurlaritzak Alberto Onaindia apaizaren bitartez[38]. Euskal Herria galduta zegoen eta ez zegoen borrokan jarraitzeko asmorik gehienen aldetik. Borrokan jarraitu nahi zutenek Katalunia aldera joateko desioa zuten han Asturiasen baino indar handiagoz baitzeuden errepublikazaleak. Juan Ajuriagerrak abuztuaren 21ean sinatu zuen Santoñako hitzarmena Corpo Truppe Volontarie armada italiarrekin[9]. Gudariak Santoñan elkartu eta presondegitik 2.500 preso politiko inguru askatu zituzten. Komandanteak "Euzkadiko Errepublika" aldarrikatu eta ofizial bi fronte-lerroa zeharkatuz Corpo Truppe Volontarie armadako agintariekin jarri ziren hizketan. Bertan, italiarrek euskalerritar gudarien bizitzaren truke guztizko errendizioa eskatzen zuten. Horrela jokatzeak errepublikaren lehentasuna ez onartzea zekarren, eta euskal herritarrek Espainiako errepublikari egindako traizioa zen.[39] Hala ere, italiarrek beraiek traizioa egin zioten hitzartutakoari eta gudariak eta agintariak frankisten esku utzi zituzten ihes egiteko aukerarik eman gabe[40].

Miliziano ez abertzaleek osatutako batailoiek berriz Asturiasen borrokatzen jarraitu zuten, iparraldeko frontea desagertu arte[41].

Ondorioak [aldatu]

Altxamendua izan eta urtebete baino aurrerago Hego Euskal Herria galduta, Euzko Jaurlaritzak, ordutik aurrera, erbestean lan egin behar izan zuen.

1937ko udan hiribilduko defendatzaileek lehertutako Bilboko zubiak berreraikitzen hasi zuten matxinoek. Era berean, gudarako funtsezkoa zen Ezkerraldeko industria eta meatzaritza martxan zeuden.

Bilbo hartu eta egun batzuk geroago, Francok Bizkaia eta Gipuzkoako foruak biak «provincias traidoras» izendatuz. Altxamenduarekin bat egin zuten Araba eta Nafarroak, berriz, izandako zenbait eskubide foralak mantendu zituzten, tartean bere polizia eta zergen autonomia.

Euskal herritarrek bertan jasan zuten errepresioa eta zapalkuntza ideologikoak berrogei urte gehiago iraun zuen. Santoñan saldutako gudariak Euskal Herri inguruko kartzeletara (Logroño, Burgos...) preso politiko eramanak ziren. 1936ko uztailean hasitako errepresioa zabaldu eta areagotu egin zen. Iruñeko San Kristobal gotorlekuan zeuden presoek 1938ko maiatzaren 22an ihes egin zuten. 795 iheslarietatik, Frankistek ia denak harrapatu 585 eta 211 erail zituzten.[7] Erbesteratuak ere milaka izan ziren, Europan eta Hego Amerikan ibilitakoak.

Milaka hego euskalerritarrek jo zuten Ipar Euskal Herrira, baina han ez zuten batere harrera onik aurkitu. Izan ere, gerra zibilaren hasieratik frankisten alde buru-belarri aritu ziren Iparraldeko hautetsi eta hedabide gehienak, baita euskara hutsez argitaratzen zen Eskualduna astekaria ere. Errepublikaren eta Eusko Jaurlaritzaren aurkako eta kolpisten aldeko jarrera horretan, eusko abertzaletasunaren aurkari zen Jean Ibarnegarai euskal herritar diputatu antikomunista eta faxista izan zen gehien nabarmendu zen politikaria. Hala, bada, Hego Euskal Herriko iheslariak kontzentrazio esparruetan sartu zituzten, bereziki Gursekoan.[42]

Kronologia [aldatu]

Kronologia orokorra [aldatu]

1936 [aldatu]

1937 [aldatu]

Aire-gerraren kronologia [aldatu]

Durangoko bonbardaketaren oroitzeko plaka.
Sakontzeko, irakurri: Durangoko bonbardaketa eta Gernikako bonbardaketa

Itsas-gerraren kronologia [aldatu]

Sakontzeko, irakurri: Eusko Itsas Gudarostea
Almirante Cervera, gurutze-ontzi matxinoa.

Erreferentziak [aldatu]

  1. Toribio Etxebarria, Viaje por el país de los recuerdos (1968) ISBN 84-7173-54-1
  2. 1936ko Espainiar Hauteskunde Orokorretako emaitzak
  3. ya.com: La victoria del Frente Popular
  4. navarraconfidencial.com: Las elecciones de 1936 en Navarra
  5. 1936ko Espainiar Hauteskunde Orokorrak
  6. Vázquez de Prada Tiffe, Mercedes: «La Guerra Civil», in Historia Ilustrada de Navarra, 1993, Diario de Navarra, ISBN 84-604-7413-5
  7. a b c d Askoren artean: Navarra 1936. De la esperanza al terror, 2004, Altaffaylla, Tafalla. ISBN 84-930957-9-6
  8. Auñamendi Entziklopedia
  9. a b c d e f g h i j k l m n o p q r s t u Stanley G. Payne: El Nacionalismo Vasco. ISBN 84-7235-196-3
  10. Jackson, Gabriel (2005). La República española y la guerra civil. RBA. ISBN 84-473-3633-6.
  11. a b Casanova, Julián (2001). La Iglesia de Franco. Madril: Temas de Hoy. ISBN 84-8460-080-7.
  12. Berria: "3.273 fusilatu oroimenean"
  13. Jimeno Jurio, Jose Maria: Navarra jamás dijo no al estatuto vasco (1977) Iruñea: Txalaparta ISBN 84-8136-021-X
  14. Pedro Barruso Barés: San Sebastián en los siglos XIX y XX
  15. Barruso, Pedro, Verano y revolución. La guerra civil en Gipuzkoa (julio-septiembre de 1936), Haramburu. Donostia, 1996. online
  16. Usabiaga, Marcelo, «Así fue la Batalla de Irún», Historia 16, 362. zenbakia, 2006ko ekaina, 72-85. orr. online
  17. www.berria.info
  18. a b www.noticiasdegipuzkoa.com: "Intxorta, la última trinchera"
  19. Alberto Bru, Jordi Pedrosa eta Txema Prada: Formación del Gobierno y del Euzko Gudarostea (Ejército Vasco)
  20. Villa, Imanol (2007-01-17), «Asalto a las cárceles», El Correo, http://www.elcorreo.com/vizcaya/prensa/20070107/vizcaya/asalto-carceles_20070107.html 
  21. a b c Imanol VILLA: «El Cinturón de Hierro», El Correo, 2007-02-11.
  22. Hugh Thomas, The Spanish Civil War, Londres: Penguin. 2003 ISBN 0-14-101161-0
  23. a b Jon Irazabal Agirre: La Guerra Civil en el Duranguesado (1936-1937), Abadiño: Gerediaga Elkartea, 2007. ISBN 84-933999-7-3
  24. Emparan Ortiz, José Ramón (1999): Kandido Saseta Etxeberria, Hondarribia.
  25. a b Berria: "Juan Telletxea 'Nabarra' ontziko marinelaren elkarrizketa"
  26. a b Berria: "Matxitxako itsas-batailaren deskripzioa"
  27. Jon Irazabal: 1937 martxoak 31 Durango, Gerediaga Elkartea, 2001, Abadiño.
  28. Alberto Bru, Jordi Pedrosa eta Txema Prada: "Guadalajara: Cambian las cosas"
  29. a b BBC: "The legacy of Guernica"
  30. Solé i Sabaté, Josep Maria eta Villarroya, Joan (2003). España en llamas. La Guerra Civil desde el aire. Temas de Hoy. ISBN 978-84-8460-302-3
  31. a b Francisco Manuel Vargas Alonso: Bermeo y la guerra civil. La Batalla de Sollube (1. ed 2007), Lankidetzan bilduma, Eusko Ikaskuntza, ISBN 978-84-8419-065-3
  32. Manuel Montero García (1980) Historia de Vizcaya.
  33. Mikel ARIZALETA: «El "pacto" de Santoña», Gara, 2007-08-27.
  34. Josu CHUECA: «Burdin Gerrikoa puskatuta», 36ko Gerra orain.
  35. Iñaki EGAÑA: Diccionario histórico-político de Euskal Herria, Txalaparta, 1996. Ikus 146. orrialdea.
  36. Molina Franco, Lucas: "Emilio Mola", in Historia de Iberia Vieja.
  37. Jose Luis de la Granja Sáinz: "Entre el pacto de San Sebastián y el de Santoña (1930-1937)", Historia 16, 1998.
  38. gerrazibilaeh.blogspot.com: "Santoñako amaiera"
  39. Xuan Cándano: El pacto de Santoña (1937): La rendición del nacionalismo vasco al fascismo. La Esfera de los Libros. Madril (2006) ISBN 84-9734-456-1
  40. Argia astekaria: "Santoña gudarien azken geltokia"
  41. Juan Antonio de Blas: La guerra civil en Asturias, 2. liburukia, ISBN 84-334-5539-7, 369–383. orr. Júcar 1986Online
  42. Josu CHUECA INTXUSTA: «Jean Ybarnegaray: Euskaldunen aterpea suntsitu zuen faxista», Argia, 2183. zenbakia, 2009-05-10.
  43. a b Jon Irazabal: «Los bombardeos comenzaron en Durango y acabaron en Hiroshima»
  44. Hugh Thomas, Historia de la Guerra Civil Española. Círculo de Lectores, Bartzelona, 1976. ISBN 84-226-0874-X.
  45. Cesar Vidal: La Destrucción de Guernica
  46. a b c Salas Larrazabal, Ramón (1983). Los Fusilados en Navarra en la Guerra de 1936. Madril: Industrias Gráficas España. ISBN 84-398-0024-X
  47. www.noticiasdenavarra.com: "Una plaza recordará a los 13 muertos y 23 heridos en el bombardeo de Tudela de 1937"
  48. II. Errepublikako Eusko Jaurlaritzako Oroagindua: "Itsasontziak errekisatu ditzan, Arrantza Zuzendari nagusiari eskubidea emanez".
  49. hmshood.com: "HMS Hood history".

Ikus, gainera [aldatu]

Bibliografia [aldatu]

  • "Espainiako Gerra Zibila Euskal Herrian" - J. Chueca, L. Fernandez. Egunkaria, Andoain, 1997.

Kanpo loturak [aldatu]