Lajos Kossuth
Lajos Kossuth de Udvard et Kossuthfalva (Monok, Zemplen, Hungaria, 1802ko apirilaren 14a - Turin, Italia, 1894ko abuztuaren 11) hungariar politikaria izan zen.
[aldatu] Biografia
Zuzenbideko ikasketak egin ondoren, diputatu hautatu zuten. Parlamentuan, 1832tik 1836ra bitarteko urteetan izandako eztabaidak plazaratu zituen eta, ondorioz, atxilo hartu eta espetxeratu egin zuten. Aske geratu zen 1840. urtean, eta Pesti Hirlap egunkaria sortu zuen, eta haren zuzendari izan zen (1841-1844). Handik gutxira, Austriarekiko merkataritzari boikota egitea eskatzen zuen defentsarako elkartea sortu zuen, eta diputatu egin zuten berriro (1847).
Iraultza-garaian, konstituzio bat idatzi zuen, eta Finantzako ministro izan zen, Batthyanyren gobernuan (1848). Vienarekiko harremanak hautsi zirenean, defentsarako batzordeko lehendakaria zen, eta, gudarostea aldeko zuela, Hungaria guztia menderatu zuen. Budapest austriarrek konkistatu zutenean, Debrecen hirira erbesteratu zen, baina Budapestera itzuli zen, Bemeko garaipenari esker, eta Hungariako independentzia aldarrikatu zuen (1849. urteko apirilaren 14). Errusiarren parte-hartzeak Turkiara erbesteratzera behartu zuen, eta handik Londresa jo zuen. Italiako Gerran (1859), hungariar legioa osatu zuen, baina ez zuen parte hartzeko betarik izan, gerra berehala amaitu baitzen. Estatu Batuetan bizi izan zen, eta uko egin zion Hungariako gobernuak eskainiriko amnistiari. Turingo hirira erretiratu zen betiko.
[aldatu] Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek lizentzia librearekin laga zituen, euskal Wikipedia osatzeko proiektu baterako.