Lankide:A5taldea/Proba orria

Wikipedia, Entziklopedia askea

Itsas ugaztunak ozeano- eta itsas ekosistemetan bizi diren ugaztun urtarrak dira. Talde honen barruan sartzen dira itsas txakurrak, baleak, manatiak, itsas igarabak eta hartz zuriak. Itsas ingurunean elikatzeko beharra da animalia horiek talde bakarrean elkartzen dituen ezaugarri bakarra.

Itsas ugaztunen kopurua txikia da lehorrean bizi diren ugaztunekin konparatuta. Itsas ekosistemetan dituzten zereginak askorarikoak dira, besteak beste, itsas ekosistemen mantentzean eta harrapakinen erregulazio-prozesuetan hartzen dute parte.

Aborigeneak izan ziren lehen aldiz itsas ugaztunak ehizatu zituzten pertsonak, haietatik elikagaiak eta beste baliabide asko lortzeko. Beste itsas ugaztun asko industriaren eta merkataritzaren oinarria izan ziren, eta ustiatutako espezieen populazioen gainbehera azkarra gertatu zen, batez ere zigilu eta baleena. Harrapakaritza komertzialak hainbat espezieren iraungipenera eragin du, adibidez, itsas bisoiena, Japoniako itsas lehoiena eta Karibeko itsas txakur mediterranearrena. Harrapaketa komertziala amaitu zenean, hainbat espezieren kopurua handitu egin zen, iparraldeko elefante zigiluarena eta bale grisarena besteak beste. Egun, beste animalia batzuek arrisku larrian jarraitzen dute, Ipar Atlantitkoko baleak adibidez. Dena den, nahiz eta harrapakaritza komertziala amaitu, itsas ugaztun asko hil daitezke nahigabe arrantzarako erabiltzen diren sareetan harrapatuta geratzen direnean. Ozeanoetako trafikoa handitzeak itsasontzien eta ugaztun handien arteko talka maizago gertatzea eragin du. Habitataren degradazioa animalia hauek jasaten duten beste mehatxu bat da, elikagaiak bilatzeko eta harrapatzeko gaitasunean eragiten baitu. Kutsadura akustikoak, adibidez, animalien ekolokalizazioan eragin dezake, eta berotze globalaren eraginak artikoetako inguruneak suntsi ditzake.

Taxonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Existitzen diren espezieen sailkapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eboluzioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Itsas ugaztunak 129 espeziek osatzen duten askotariko taldea da, eta bizi ahal izateko ozeanoa behar dute. Talde horiek soilik biltzen dira talde batean itsas ingurunea elikatzeko behar dutelako eta horrekiko mendekotasuna dutelako. Itsas inguruneen beharrizan maila asko aldatzen da espeziearen arabera. Itsas ugaztunek ur-ingurunean bizitzeko garatzen dituzten moldapenak oso desberdinak dira baita espezieen arabera ere. Zetazeoak eta sirenioak guztiz urtarrak dira eta, ondorioz, uretako bizimodua izatera behartuta daude. Baleak eta itsas lehoiak, aldiz, erdiurtarrak dira eta, haien denbora gehiena uretan ematen duten arren, lehorrera bueltatu behar dira estalketa, muda edo haziera moduko funtzio garrantzitsuak betetzeko. Azkenik, itsas igarabek eta hartz zuriek ez dute ur-ingurunean bizitzeko horrenbeste moldapen. Mota desberdinetako itsas ugaztunen dieta ere askotarikoa da. Batzuk zooplanktonaz elikatzen dira, beste batzuk arrainez, txipiroiz, itsaskiz eta algez, eta gutxi batzuk bestelako ugaztunez elikatzen dira.

Zetazeoak urtar bilakatu ziren duela 50 milioi urte inguru. Ikerketa molekularretan eta morfologikoetan oinarrituta, zetazeoak genetikoki eta morfologikoki Artiodactyla, behatz kopuru bikoitia duten ungulatuak, ordenaren barruan kokatu dira. "Cetartiodactyla" hitzak esan nahi du baleak ungulatuetatik eratorri zirela. Izena bi ordenak, Cetacea eta Artiodactyla, elkartzetik dator. Definizio horren barruan, baleen eta izurdeen ahaide lehortar gertukoena hipopotamoa dela uste dute ikertzaileek.

Sirenioak, itsasoko behiak, itsastar bilakatu ziren duela 40 milioi urte inguru. Sirenioen lehen agerpena fosilen erregistroan Eozeno goiztiarrean izan zen, eta Eozeno bukaerarako esanguratsuki dibertsifikatu ziren. Ibaietako, estuarioetako eta itsas kostako animalia urtarrak azkar zabaltzeko gai izan ziren. Beste itsas ugaztun batzuk ez bezala, Sirenio zaharrena, †Prorastomus, Jamaikan aurkitu zen. Ezaguna den Eozeno goiztiarreko lehen Sirenio tetrapodoa †Pezosiren izan zen. Ezagunak diren lehen itsas behiak, Prorastimidae eta Protosirenidae familiatakoak, Eozeno garaikoak dira, eta txerri tamaina zuten lau hankako anfibioak ziren. Dugongidae familiako lehen kideak Eozeno garaiaren bukaeran agertu ziren. Orduan, itsas behiak guztiz urtarrak ziren jada.

Eozeno garaian, pinipedioak beste kaniformeetatik banandu ziren duela 50 milioi urte. Ugaztun lehortarrekin duten lotura ebolutiboa ezezaguna zen 2007ra arte non Miozeno goiztiarreko Puijila darwini-ren gorotzak aurkitu ziren Nunavut-en (Kanada). Igaraba modernoek bezala, Pujiila-k isats luzea, gorputz-adar motzak, eta hegatsen ordez sare moduko oinak zituen. Otariidae (belarridun itsas txakurrak) eta Odobenidae (mortsak) leinuak duela 28 milioi urte banandu ziren. Fozidoak (belarri gabeko itsas txakurrak) duela 15 milioi urtetatik existitzen dira gutxienez, eta ebidentzia molekularrek erakusten dute Monachinae (itsas txakur fraileak) eta Phocinae leinuak duela 22 milioi urte banandu zirela.

Ebidentzia fosilek erakusten dute itsas igaraben (Enhydra) leinua Ipar Pazifikoan isolatu zela duela 2 milioi urte gutxi gorabehera, orain iraungitako Enhydra macrodonta eta itsas igaraba modernoa (Enhydra lutris) emanda. Hasieran, itsas igarabek ipar Hokkaido eta Errusian eboluzionatu zuten, eta geroago zabaldu ziren ekialdera, irla Aleutianetara, Alaskara, eta Ipar Amerikako kostatik behera. Itsas igaraba nahiko berria da itsasoko bizitzan duela 50 milioi urte sartu ziren zetazeoekin, duela 40 milioi urte sartu ziren sirenioekin eta duela 20 milioi urte sartu ziren pinipedoekin alderatuta. Alderdi batzuetan, ordea, itsas igaraba hobeto egokituta dago itsas bizitzara pinipedoak baino, pinipedoak lehorrera edo izotzetara joan behar baitira erditzera.

Hartz zuriak hartz arreetatik (Ursus arctos) eratorriak direla uste dute ikertzaileek: Pleistozeno garaiko glaziazio batean hartz arrea isolatu ondoren hartz zuri bilakatu zela. Ezaguna den hartz polar fosil zaharrena duela 130.000-110.000 urteko baraila-hezurra da, Prince Charles Foreland-en aurkitua 2004an. Hartz polarraren mitokondrio-DNA (mtDNA) hartz arrearenetik bereizi zen duela 150.000 urte. Gainera, hartz arre talde batzuek erlazio estuagoa dute hartz zuriekin beste hartz arre batzuekin baino, beraien mtDNAren arabera; horrek esan nahi du hartz zuriak agian ez liratekeela espezietzat hartu behar.

Oro har, lehorreko amniotoen itsasoaren kolonizazioa Zenozoikoan maizago gertatu zen Mesozoikoan baino. Joera hori bultzatu zuen faktorea izan zen kostatik gertu zeuden itsas inguruneen emankortasunaren handipena. Trantsizioa erraztu zuen endotermia ere erabakigarria izan zen.

Banaketa eta habitata[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Itsas ugaztunak modu zabalean daude banatuta lur planetan zehar, nahiz eta haien banaketa ozeanoen produkzioarekin bat egiten duen. Espezieen aberastasun handian 40º-ko latitudeen inguruan ageri da, bai iparraldean eta bai hegoaldean. Ipar eta Hego Amerika, Afrika, Asia eta Australia inguruan agertzen den ekoizpen primario handiaren ondorioz gertatzen da. Espezieen hein totala aldakorra da itsas ugaztun espezieen arabera. Batez beste, itsas ugaztunek Ozeano Indikoaren azaleraren 1/5a betetzen dute. Ikusitako tamainaren aldakortasuna baldintza ekologiko desberdinen eta ingurumen-baldintza aldakorrei aurre egiteko duten gaitasunaren araberakoa da. Itsas ugaztunen espezieen aberastasun handiaren eta gizakiak ingurunean duen eraginaren arteko harremanak gainjarri egiten dira.

Itsas ugaztun gehienak, itsas txakurrak eta itsas igarabak besteak beste, kostaldean bizi dira. Itsas txakurrek habitat lehortarrak ere erabil ditzakete, bai uharteetan eta bai ingurune kontinentalean. Ingurune tropikaletan, hondartza hareatsu eta harritsuetan, itsas kobazuloetan, mareek sortutako putzuetan edo hondar-bankuetan biltzen dira ugalketarako edo atseden hartzeko. Beste espezie batzuek gizakiak sortutako plataformetan ere hartzen dute atseden. Itsas txakurrak ingurune lehortarrean mugitu daitezke, hareazko dunetan atseden hartu eta itsaslabarrak igo ahal dituzte. Zetazeo gehienak, bestalde, itsaso zabalean bizi dira, eta kaxalote moduko espezieak 300-760 m bitarteko sakoneretan igeri egin dezakete janaria bilatzeko. Sirenioak kostaldean bizi dira, sakonera txikiko uretan, 9 m-ra itsas mailaren azpian. Dena den, Sirenio batzuk sakonera handiagoetan algak bilatzen ikusi dira. Itsas igarabak babestutako eremuetan bizi dira, hesi-arrezifeetan edo kostalde arrokatsuetan. Dena den, izotz mugikorretan edo gune areatsuetan ere egon daitezke.

Itsas ugaztun askok migratu egiten dute urtaroen arabera. Baleek eguraldi-aldaketen ondorioz agertu eta desagertu egiten diren izotz blokeen arabera migratzen dute. Gainera, balea batzuek distantzia luzeko migrazioak egiten dituzte, ur tropikaletan erditu eta kumea hezi ahal izateko. Hartz zuriek, aldiz, haien harrapakinei jarraituz migratzen dute. Badia batzuetan, urteko aldi batzuetan izotza guztiz desagertzen da eta hartz zuriek bere burua behartua ikusten dute lehorrera migratzeko, hurrengo izozte-garaia heltzen den arte.

Moldapenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Itsas ugaztunek bizitza urtarreko hainbat ezaugarri fisiologiko eta anatomiko gainditu behar dituzte. Ezaugarri horietako batzuk berezkoak dira espezie batean. Itsas ugaztunek hainbat ezaugarri garatu dituzte lokomozio eraginkorra lortzeko, hala nola, arrastea ekiditeko torpedo formako gorputzak, propultsiorako eta gidatzeko gorputz-adar eraldatuak, eta propultsiorako eta orekarako isats- eta bizkar-hegatsak. Itsas ugaztunak termorregulazioan adituak dira, ilaje dentsoak, gantzak, edo odol-zirkulazioaren doikuntzak baitituzte; gainera, torpedo formako gorputzek, gorputz-adar motzek, eta tamaina handiak bero-galera ekiditen laguntzen diete.

Itsas ugaztunak urpean denbora luzez egoteko gai dira. Pinipedioek eta zetazeoek odol-hodien sistema handiak eta konplexuak dituzte, urperatze sakonak egiteko beharrezko oxigenoa metatzeko. Beste metaketa-gune batzuk muskuluak, odola, eta barea dira, oxigeno-kontzentrazio handiak metatzeko gaitasuna dutenak. Bradikardia, hau da, bihotz-taupaden erritmoa moteltzea, eta basokonstrikzioa, oxigeno gehiena garuna eta bihotza bezalako berebiziko organoetara bideratzea, egiteko gai dira, denbora luzeagoz urperatuta mantentzeko eta oxigeno falta gainditzeko. Oxigenoa agortzen bada, itsas ugaztunek glukogeno-erreserba ugari dituzte, murgiltze luzeetan gertatzen diren hipoxia-egoeretan glukolisi anaerobikoa egiteko.

Soinuak desberdin bidaiatzen du uretan; horregatik, itsas ugaztunek hainbat egokitzapen garatu dituzte komunikazio, ehiza, eta harraparien detekzio eraginkorrak lortzeko. Baleen eta izurdeen egokitzapen esanguratsuena ekolokalizazioaren garapena da. Horzdun baleek maiztasun altuko izpi-pultsuak igortzen dituzte beraien burua begira dagoen noranzkoan. Soinuak hezurrezko sudur-hobietako airea ezpain fonikoetatik bideratuz eratzen dituzte. Soinu horiek garezurreko hezur konkabo dentsoak eta haren oinarrian dagoen aire-zaku batek islatzen dituzte. Izpi enfokatu hori “meloi” izeneko organo gantzatsu batek modulatzen du. Organo gantztsuak leiar akustiko bezala jokatzen du, dentsitate desberdinetako lipidoz osatuta baitago.

Itsas ugaztunek ezaugarri ugari garatu dituzte elikatzeko, beraien hortzaldian ikus daitezkeenak. Esaterako, pinipedioen eta odontozetoen masail-haginak propio moldatuta daude arrainak eta txibiak harrapatzeko. Alderantziz, bale-bizarrak planktona eta arrain txikiak iragazteko garatu dira.

Hartz zuriek, itsas igarabek, eta itsas txakur iletsuek ilaje luzea, oliotsua, eta iragazgaitza dute airea harrapatu eta isolamendu termikoa ahalbidetzeko. Baleek, izurdeek, mazopek, manatiek, itsasuskiek, eta mortsek, ordea, ilaje luzea galdu dute, eta epidermis lodi eta dentsoa eta gantz-geruza lodia garatu dute, arrastea ekiditeko. Itsas hondoan elikatzen direnak, manatiak adibidez, ura baino pisutsuagoak izan behar dira hondoarekin kontaktua mantentzeko edo urperatuta egoteko. Itsas azalean bizi diren animaliek, itsas igarabek adibidez, alderantzizkoa behar dute, eta animalia igerilariek, izurdeek esaterako, flotagarritasun neutroa behar dute uretan gora eta behera ibiltzeko. Oro har, hezur lodi eta dentsoak dituzte itsas hondoko animaliek, eta dentsitate baxuko hezurrak, aldiz, ur sakonetan bizi diren ugaztunek. Hartz zuriak eta itsas igarabak bezalako itsas ugaztun batzuk pisua mantentzen duten gorputz-adarrak mantendu dituzte, eta horiei esker lurrean ibiltzeko gai dira, lehorreko animaliek bezala.

Ekologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dieta[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zetazeo guztiak dira harrapakariak eta haragijaleak. Haginak dituzten baleak arrainez eta zefalopodoz, gehienbat, eta krustazeoz eta bibalbioz elikatzen dira. Beste balea-espezie batzuk eta ponipedio-espezie batzuk iragazleak dira. Partekatzen duten harraparitza-metodo bat arrainzaintza da, zeinean arrain-bolumen txiki batez arduratzen diren. Ondoren, taldeko kide bakoitzak arrantza egiten du, zaindutako arrainez elikatzeko. Izurdeek erabiltzen duten arrantza-mekanismoa desberdina da, azaleko uretan dauden arrainez elikatzen dira, harrapatzeko errazagoak direlako. Orka arruntek eta izurde handiek haien harrapakina kostaldera bideratzen dute bertan ehizatu ahal izateko. Orka arruntak ezagunak dira marrazo zuriak eta arraiak geldiarazteko gai direlako. Haragijaleak diren arren, haien hesteetako mikrobiota herbiboro lehortarren antzekoa da, seguruenik aitzindari belarjale bat dutelako.

Balea bizardunek beren bizar-plaka erabiltzen dute planktona harrapatzeko; bi metodo erabiltzen dituzte horretarako: lunge-elikadura eta trago-elikadura. Lunge-elikadura egiten duten animaliek beren baraila luzatzen dute ahoa emendatu ahal izateko. Luzatze horrek haien eztarrian ildoak eratzen dituelarik,  barneratu dezaketen ur-bolumena handitu egiten da. Metodo hori bakarrik izaten da energetikoki eraginkorra elikagai-masa handi baten aurrean aplikatzen dutenean. Trago-elikadura egiten duten animaliek ahoa irekita egiten dute igeri eta, horrela, ura eta harrapakinak barneratzen joaten dira. Kasu honetan, harrapakinek tamaina egokia eta igeriketa geldoa izan beharko dute harrapatuta geratzeko.

Igarabak dira arroken artean mugitzeko gaitasuna duten itsas animalia bakarrak. Igarabek barraskiloen moduko organismoak jasotzen dituzte hondoko urtean bibalbioen bila murgildu ahal izateko. Atzaparrekin ehizatzen duen itsas ugaztun bakarrak dira: gorputz-adar bakoitzaren azpian poltsa bat dute elikagaiak bildu ahal izateko eta azalera garraiatu ahal izateko. Igarabek beren soinaren gainean flotatzen duten bitartean elikatzen dira, poltsetan gorde duten elikagaiak atzaparrekin hartuz eta ahora eramanez. Oro har krustazeoez eta arrainez elikatzen dira.

Pinapidoak krustazeoz, bibalbioz, zefalopodoz arrainez, zooplanktonez eta odol-beroko harrapakinez elikatzen dira eta oro har, ez dira oso espezifikoak. Normalean ornogabe sesilez, taldeetan antolatzen diren animalia endodermikoez edo animalia geldoez elikatzen dira. Bakartiak diren espezieak kostaldeko uretan, badietan edo erreketan aurkitzen dira. Arrain-banku handiak aurkitzen dituztenean, modu kooperatiboan ehizatzen dute.

Hartz zuria hartz-espezie karniboroena da. Oro har itsas txakur marmolairez eta itsas txakur bizardunez elikatzen dira hartz zuriak. Izotzaren, uraren eta airearen arteko interfasean ehizatzen dute batez ere; zigiluak lehorrean edo uretan ehizatzen dituzte bakarrik. Ehizatzeko, usaimenaren bidez zigiluen arnasketarako zuloak hautematen dituzte eta horien inguruan makurtzen dira zein ateratzen diren arte. Hartz zuriak zigiluaren arnasketa nabaritzen duenean, bere atzaparra zuloan sartu egiten du, zigilua gordelekutik ateratzeko. Hartz zuriek ehizatzeko erabiltzen duten beste mekanismo bat da izotzean etzanda dauden zigiluak ehizatzea. Erabiltzen duten azken mekanismoa, emeek erditzeko elurretan eraikitzen dituzten gordelekuak erasotzea da.

Sirenidoak itsasoko landareez elikatzen dira gehienbat. Landare osoa ingeritzen dute normalean, sustraiak barne. Hori egitea posible ez bada, hostoez elikatzen dira bakarrik. Itsasoko landare mota asko aurkitu dira dugongoen urdailean eta ondorioztatu da, itsasoko belar gutxi daudenean algez elikatzen direla.

Funtsezko espezieak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Igarabak oso espezie garrantzitsuak dira; ekosistemetan duten eragina beraien tamainak eta kopuruak diruditena baino handiagoa da. Belarjale bentiko batzuen populazioak kontrolpean mantentzen dituzte, bereziki itsas trikuen populazioa. Itsas trikuak alga arreez elikatzen dira, eta horien heriotza eragiten dute. Alga arreen basoek eskaintzen duten habitata eta bertako nutrienteak galtzeak ondorio nabariak ditu itsas ekosistemetan. Ipar Pazifikoko gune batzuetan ez dago igarabarik, eta ondorioz, itsas trikuen ekosistema ez-emankorrak agertzen dira, itsas triku ugarirekin eta alga arreen basorik gabe. British Columbian igarabak berriz sartzeak nabariki hobetu du itsas ekosistemen osasuna. Aleutiarretan, Komandante uhartetan, eta Kaliforniako kostan igarabak berriz sartuz antzeko emaitzak lortu dira. Hala ere, Kaliforniako alga arreen baso batzuk berreskuratu egin dira igarabak sartu gabe; beraz, itsas trikuen populazioa beste faktore batzuek kontrolatzen dute gune horietan. Igarabek itsas trikuen populazioak kontrolatzeko duten gaitasuna garrantzitsuagoa da kosta irekietan babestuago dauden badia eta estuarioetan baino.

Goi-harrapakariek eragina dute harrapakinen populazio-dinamikan eta defentsa-estrategietan (kamuflajean adibidez). Hartz zuria da goi-harrapakari nagusia. Beste hainbat espeziek, bereziki azeri artikoek (Vulpes lagopus) eta ipar-kaioek (Laur hyperboreus), hartz zuriek hildako hondarrak jaten dituzte. Hartz zurien eta itsas txakur marmolaireen arteko harremana hain estua da, ezen itsas txakur marmolaireen ugaritasunak hartz zurien dentsitatea erregulatzen duen, eta era berean, hartz zurien harrapakaritzak itsas txakur marmolaireen dentsitatea eta ugaltze-arrakasta erregulatzen dituen.  Hartz zuriek itsas txakurrez elikatzeak eragindako presio ebolutiboak itsas txakur artikoen eta antartikoen arteko desberdintasunak azaltzen ditu. Ur-azaleko harrapakaririk ez duten itsas txakur antartikoek ez bezala, itsas txakur artikoek arnas-zulo gehiago dituzte, atseden gutxiago hartzen dute izotz gainean dauden bitartean, eta oso gutxitan sabelusten dute izotz gainean. Itsas txakurkume artikoen ilajea zuria da, seguraski kamuflajerako, itsas txakurkume antartikoen ilajea, aldiz, iluna da.

Orkak goi-harrapakariak dira bizi diren gune guztietan, eta eragin nabariak izan ditzakete harrapakinen espezieetan. Beraien dieta oso zabala da, eta hainbat itsas ornodunez elikatzen dira: izokinak, arraiak, marrazoak (baita marrazo zuriak ere), balea handiak, eta 20 pinipedo espezie barne. Orkak balea jaioberriez elikatzen dira, eta hori baleak ur tropikaletara migratzearen eta bertan kumeak erditzearen eragilea izan daiteke, ur tropikaletako orka kopurua ur polarretakoa baino askoz baxuagoa delako. Gizakien baleen ehiza baino lehenago, pentsatzen da balea handiak zirela orken elikagai nagusia, baina baleen populazioaren jaitsiera nabariaren ondorioz, orken dieta zabaldu egin zen itsas ugaztun txikiagoetara. 1990eko hamarkadako Aleutiarretako igaraben populazioaren jaitsiera orken harrapakaritzaren ondorio izan zela uste da, baina ez dago hori erakusten duen ebidentzia zuzenik. Itsas igaraben jaitsieraren ondoren, itsas txakur arrunten eta itsas lehoien populazioak jaitsi ziren. Itsas txakur arruntek eta itsas lehoiek jatorrizko harrapakina ordezkatu zuten.

Baleen zikloa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2010eko ikerketa batek erakusten du baleak eragin positiboa dutela arrantzaleengan, “baleen zikloa” izenekoa dela eta. Baleek nitrogenoa bezalako mantenugaiak garraiatzen dituzte itsas hondoetatik  azalerara. Garraio horrek goranzko ponpa biologiko bezala jokatzen du. Maineko golkora modu honetan heltzen den nitrogeno kantitatea golkora isurtzen duten ibai guztiek dakarten nitrogeno kantitatea baino handiagoa da, zehazki, 23.000 tona ingurukoa urtero. Baleek ozeanoaren azalean sabelusten dute. Beraien gorotzak garrantzitsuak dira arrantzarako, burdinan eta nitrogenoan aberatsak direlako. Baleen gorozkiak likidoak dira, eta ondoratu beharrean, gainazalean geratzen dira, eta fitoplanktona horietaz elikatzen da.

Hiltzerakoan, baleen gorpua itsas hondora doa, horrela itsas bizitzarentzat habitat garrantzitsu bat eskainita. Gaur egun ondoratutako balea-gorpuek eta ebidentzia fosilek erakusten dute ondoratutako balea-gorpuek bizidun talde ugari agertzea eragiten dutela, 407 espezietara helduta. Balea-gorpuen degradazioa hiru fasetan gertatzen da. Lehenengo fasean, organismo mugikorrak, marrazoak eta mixinak adibidez, ehun bigunak jaten dituzte hilabete batzuetatik bi urterako denbora-tartean. Ondoren, bigarren fasean, krustazeoak eta poliketoak bezalako oportunista aberasleek hezurrak eta sedimentuak, materia organikoa dutenak, kolonizatzen dituzte urte batzuetan zehar. Azkenik, hirugarren fasean, sufrearen bakterioek hezurrak degradatu, eta hidrogeno sulfuroa (H2S) askatzen dute eta organismo kimioautotrofoen hazkundea ahalbidetzen dute. Organismo kimioautotrofoek aldi berean muskuiluen, txirlen, lapen, eta itsas barraskiloen agerpena eragiten duten. Azken fase honek hamarkadak iraun ditzake, eta batez beste, 185 espezieko gune aberatsak sortzen ditu.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c Taylor, Barbara L.; Perrin, William F.; Reeves, Randall R.; Rosel, Patricia E.; Wang, John Y.; Cipriano, Frank; Scott Baker, C.; Brownell, Robert L.. (2017-06). «Why we should develop guidelines and quantitative standards for using genetic data to delimit subspecies for data-poor organisms like cetaceans» Marine Mammal Science 33 (S1): 12–26.  doi:10.1111/mms.12413. ISSN 0824-0469. (Noiz kontsultatua: 2019-11-29).