Markina-Xemeingo Udal-hilerria

Koordenatuak: 43°16′03″N 2°29′34″W / 43.2676°N 2.4929°W / 43.2676; -2.4929
Wikipedia, Entziklopedia askea
Markina-Xemeingo Udal-hilerria
Kultura ondasuna
Kostaldeko Donejakue bidea Kostaldeko Donejakue bidea
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Bizkaia
HerriaMarkina-Xemein
Koordenatuak43°16′03″N 2°29′34″W / 43.2676°N 2.4929°W / 43.2676; -2.4929
Map
Ondarea
BICRI-51-0005152
38

Testuingurua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1355. urtean Markinako hiribildua sortu zenetik, Markinako hiribilduak eta Xemeingo elizateak, lurperatzeak beste Euskal hiribildu eta elizateek bezala antolatzen zituzten. Hilobiak partzelatutako eta zenbatutako guneak ziren, tenpluko nabeetan banatuta, hain zuzen ere, azken hiru tarteetan. Familia dirudun batzuek, beraien hilobia nabarmentze aldera, harrizko hilobi-kutxak tenpluko hormetara egokitu zituzten.

Xemeingo Andra Mari parrokiako zoladuraren eraberritzean, ohiko partzelatzea erreproduzitzeko irizpide egokiak hartu ziren kontuan.

Tenplu barruko hilobiak jabetza pribatukoak ziren, jabe hauek hilobien mantentzeari ekiten zioten, erregimen zaharrean eraikin guztiaren mantentzeari ekiten zioten bezala.

Markina-Xemeingo Udal-Hilerriaren klaustroa.

Hilobiaren sakralitatearen ideia Euskal gizartean oso barneratuta zegoen eta, ondorioz, oso zaila izango zen XVIII. mendeko lurperatze-araudi berrietara ohitzea.

Hilerriaren lekualdatzea faktore askoren menpe dago. Horietariko bat demografikoa da. Eliztar askodun eliza-parrokialak elizetako atariak bizkor inbaditu zituzten, mende askoan hilerri izenez ezagunak. Elizate txikietan, ordea, tenpluan bertan lurperatzea ez omen zen inoiz arazo bat izan. Beste faktore batzuk ekonomikoak dira, hau da, lursail horren eskuratzea. Eta azkenik, ohiko hilobiratzearen aldekoak, debeku eta ezerosotasunen gainetik.

Tenpluarekiko hilerri perimetralaren egoera oso tradizionala da Euskal Herri kontinentalean. Hala ere, inguru penintsularrean ez horrenbeste, orokorrean lurperatzeak biztanleriatik oso urrun eraman izan baitziren, erreformaren sustatzaileen izpirituan aurki zitekeen bezala.

Azken kasu hau ez da Xemeingo elizatearen kasua, Lezamako Andra Mariarena ere ez, ezta Barrika, Abadiñoko edo Goikolegeako kasua ere, hauek hilerria tenplu parrokialean erantsita baitute.

Elizaren kanpoaldeko eraikuntzak 1783. urteko hornikuntza erreal batean du jatorria. Ondorengo hau agintzen zen: "Zailtasun garaiezinen bat ez dagoen bitartean, hilerriak eleizetatik kanpo eta leku aireztatuetan eraikiko dira".

Finantziazioa hiru zatitan banatuko zen: alde batetik, hamarrenak kobratzen zituztenen lantegietan funtsik ez balego; beste alde batetik, txiroen funts-pioak; eta, azkenik, udaletxeak, azken hauek eraikina zibila izateagatik.

Antza denez, araudi honi ez zitzaion kasu handirik egin Euskal hiribildu eta elizateetan, honen ostean, era tradizionalezko hilerrien handitze-lanak ere egin baitziren.

Eliza barruan egiten ziren lurperatzeen aurka, Elizak ere paper bat jokatu zuen, botere legegilea baino zalantzagarriagoa, erretoreek legez kanpoko lurperatze hauek gogorki zigortzen baitzituzten. Higinio Almarzaren (Calahorrako bete gabeko egoitzako gobernadorearen) komunikazioak  eliza barruan lurperatzea legez kanpo dagoela gogorarazten du. Lege zibilek eskatzen duten bezala, elizaren arauek agintzen dutela eta bai templuei eta bai osasun publikoari begirunea izatea gomendatzen dute.

Honen ez betetzeak hiribilduetako alkateei erantzukizuna eskatzea eragiten du. Ondorioz, alkate hauek hildakoen zerrenda bat aurkeztu behar izaten zuten zeinetan hildakoen hilobiratze tokiari egiten zitzaion aipamena, erretoreak sinatuta.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Xemeingo hilerriaren historia tenpluen begirunean eta batez ere osasunaren ardura mantentzen ahalegintzen den izpiritu ilustratu batean dago markoztatuta.

Eraikuntzari buruzko historia dokumentala oso laburra da Xemeinen kasuan. Tenpluak elizaren barruan hilobiak zituela dakigu, eta 1811. urtean gaur egun hilerria dagoen tokian hilobiak zeudela ere bai. Zabalik zegoen baina horma batekin ixten ahalegindu ziren  hilerri bat zen. Lan hau egiteko, Martin Muniozguren maisua kontratatu zuten, eta honen komisio-emaileak Markinako Udaletxea eta Xemeingo Andra Mariko kopatroiak dira.

Markinako eta Xemeingo legearen betetzaileak gizabidetsuak kontsideratu daitezke. Hala ere, eraiki zen hilerria ez da gaur egun ezagutzen duguna. Muniozgurenen proiektuak bakarrik parrokiari erantsita dagoen hilerriaren ixketa begiztatzen du. Nahiko argi dago udaletxeak araudia begirunez jarraituz, 1811. urteko Domu Santu egunerako hilerri egokitu bat izatea nahi zuela.

Xavier María de Munibe e Idiáquez.

Gaur egungo hilerriaren eraikuntza geroagokoa da. Mendearen erdialdeko urteei dagokio dokumentu batzuetan eta eraikuntzan bertan dagoen inskripzio bati erreparatuz gero. Hilerri berriaren eraikuntzari Markinako udaletxeak 20.000 errealekin lagundu zion. Erreal hauek, besteak beste, José de  Sodupe eta Pedro José de Loyolari ordaintzeko erabili ziren. Kontratista hauek 1853 eta 1854ko ordainagiriak aurkezten dituzte. Baita Markinako arkitektu izan zen Mariano Laskurain trazatzaile edo proiektistak ere. 1850. urtean hasi ziren obrak aurreko urtean lursailak erosi ondoren. Kaperan 1851. urtea agertzen da bukatze-urte bezala.

Galarragak esaldi bikain batzuk ditu idatzita Xemeingo hilerriari buruz:

Bizitzaren eta heriotzaren  ideiek eta hauen hautemateak berebiziko garrantzia izango dute. Arkitektura arloan, hilerria, zenotafioa eta hilobi-monumentua izango dira garaiko ideiak hobekien azalduko dituzten objektuak.

Zentzu honetan, Markinako hilerriaren irudi narea aipatuko dut, ilustrazioko asalduren egiazko laburbilduma. Gure aberrian Durandek Frantzia Napoleonikoan irudikatu zuen eraikuntza arkitektonikoaren harri-orri berdintsua irudikatzen baitu.

Lan honetan Ilustrazioko pentsamendu, itxaropen eta frustrazio guztiak agertzen dira; exotikoaren balorazioa, bere xehetasunean, ate neoegiptoarrean eta kaperaren monumentuan, Piranesiren egonezina agertzeko ahaleginetan, bai hondakinen balorazioan eta bai mundu geografiko eta kulturalki urrunduetan ere. Edozein hitzarmen klasikotik atera zitekeen oinaren lasaitasuna. Peñafloridako konteari -Euskalerriaren adiskideen elkartearen sortzailearen bilobari- eginiko hileta eraikuntza berantikorra, Frantziako hilerrien monumentaltasunean oinarritzen da, Parisko Lachaise aitaren hilerrian esaterako, baina Boulléeren mausoleoen eta zenotafioen arkitektura galdu gabe eta are gutxiago ante- eta post-mortem pentsamenduaren eta arrazoimen ilustratuaren goraipamena. [1]

Arkitektura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Xemeingo hilerria 36 x 25 metroko egitura errektangularra da, baina zeharkako ardatzean dagoen 7,40 x 5,65 metroko kapera batek gailenduta. Kaperaren multzoa, tarte errektangular batek estalitako propileo batek lehenesten du. Horma-perimetralak barrutiko gune portikatuaren estalki armatuaren karga-hormak dira, lau klaustro edo hormarte, eta Markinako kareharri grisez eginiko zutabe doriar lauek eta harroin gabekoek zurkaizten dute multzo osoa.

Markina-Xemeingo Udal-Hilerriaren barne ikuspegia.

Oinetara sarrera axiala da multzo guztian. Denborarekin ate osagarri batzuk irekitzen joan dira. Batek parrokiarekin du komunikazioa eta beste hiruk iparraldetik, hilerriaren handitze guneekin. Hasierako hilerriaren erdialdea inguratzen duen hilerriak ez du barrutiaren irudia ezkutatzen, besteak beste, guztia irekita dagoelako.

Xemeingo hilerriaren barne irudia, hilobiei dagokion atalean, asko aldatu da azken 70 urteetan. XX. mendeko lehen herenerarte, lursailean altxatutako hilobiak oso urriak ziren: Zabalatarrena, Alonso-Nieulantarrena, Arrillagatarrena eta argi eta garbi José María de Muniberena, Peñafloridako XI. kontea. Beste hilobiak lursail bakunak ziren, induskatutako hilobiak.

Altxatutako hilobi horiek jende garrantzitsuaren hilobiak izan behar zuten, hobi bakunak baino leku handi eta nabarmenagoa behar zutenenak. Klaustroetan ohikoak diren lurpeko eta atxikitutako hobi hauek (1,95m x 0,70m) bi lerrotan banaturik daude eta hauen erditik doan korridore estu batek banatzen ditu. Zenbatutako hareharrizko hiru harlauza simplek estaltzen dituzte. Orduko hilobien uniformetasuna gaur egungo hauen errotulazioarekin apurtzen da, batzuk galdaketazkoak eta beste batzuk zizelkatuak edo landuak.

Antza denez, salbuespenak salbuespen, gune estali hau Xemeingo jatorrizko hilerria izango zen. Bertan, sartutako hilobietan irarritako data batzuk ikus daitezke, Xemeingo hilerriaren eraikuntzaren datarekiko hurbil-hurbilekoak, esaterako, 1861. urteko Narcisa Echevarriaren hilobia. Duela urte asko, klaustroak bete zirenean, hilerriak estali gabeko ingurua hartu zuen, panteoien konfekzioa era modernoan eginez, pasealekuekin banatutako tarteetan ordenatuta. Azkenean, ia-ia Gerra Zibilaren garaian, goian aipatutako iparraldeko estali gabeko ingurura igaro zeni hilerria.

Markina-Xemeingo Udal-Hilerriaren sarrera ataria

Askok Xemeingo hilerriaren berri izan dutenean, Pompeiako etxeak gogoratu dituzte. Egia esan, hilerri honek ez du erromatar etxeen peristiloen ezberdintasun handirik bere zutabeen segidarekin: 10 luzetara eta 6 zabaletara, guztiak elkarrekiko 3 metroko bitartearekin ordenatuta. Eraikinaren altxaera, armadura oinarritzen den 2.78 metrokoa, errenkada, honen gaineko tiranteak, zutabeen bitarte berdintsuak eta pareak, oso proportzionatuak dira inguruko galerien zabaleraren 4,50 metroekiko; hots, 0,40 metro gehituta, zutabe erromatar-doriarrak kokatzen diren gunearekiko.

Hilerriko kaperaren sarrera, atari greko-egiptoar batek osatzen du. Atari grekoaren birsorkuntza bat frontoi triangeluar lauarekin. Frontoi hori bi zutabe doriar leunen eta aldeetako bi paramentu trapeziarren gainean kokatzen da. Diseinua neogreziar eta neoegiptoarren nahaste bat da, Egiptoko atari bat gogorarazten duen silueta batekin. 1851. urtea eta  D.O.M. (Deo Optimo Maximo, Jainko Handi eta Onenarentzat) inskripzioak ditu bertan. Propileo hau harlanduan bikain egokitzen da. Forma hauek José María Muniberen mausoleoan ere ikus daitezke, lau kaskodun bobeda batekin estalitako paralelepipedoa. Alde bakoitzean akrotera bana duen frontoi triangeluarrak ongi nabarmentzen dira bertan. Bi inskripzio filosofiko luze ditu, titularraren epitafioa eta metalezko blasoi bat ere bai. Monumentua multzoaren arabera antolatuta dago.

Kaperaren esparrua, berez, bere hormetan eta lau angeluko bi zutabetan oinarritzen den sabai lau batekin dago estalita. Bi segmentuko nabar batez babesten da, eta alde banatan kokaturiko arku eskartzanodun bi sarrera ditu. Lurretik zerbait altxatzen da, hiru eskailera-mailek salbatutako maldarekin. Kapera XVI. mendearen bukaeran zur polikromatuan eginiko Kristoren irudiaren ale erromanista eder batek gailentzen du.

Hilerriaren esparrurako sarrera nagusiak, oinetara, Munibetarren mausoleoaren atari-egiptoar formalen elementuak errepikatzen ditu, egitura trapezoidal bat, eta bertan, dinteldutako sarrera baoa irekitzen da. Tinpanoan, kartel bat epitafio baten zain dago.

Xemeingo hilerrian, hizkuntza neoklasikoaren erabilera berezia ikusten da arkitektura egiptoarraren birsorkuntza hori dela eta. Hala ere, Isabel II.aren erreginaldiaren barruan nahiko ulergarria da. Erreginaldi horretan, arkitekturak ez baititu bakarrik arkitektura greko-erromatarraren formak onesten, arkitektura honen informazio iturriak ere onartzen baititu, esaterako: arkitektura arabiarra, egiptoarra eta, batez ere, mendebaldeko Erdi Arokoa. Testuinguru honetan, Xemeingo hilerriaren trazatzailearen ideia ulergarria da, hilerrian giro lasaia lortu baitu. Zentzu honetan, Laskurainen izaerak oso interesgarria dirudi. [2]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Gaztelaniaz) Galarraga, I.. (1982). Arte Vasco. Erein, 230 or..
  2. (Gaztelaniaz) MONUMENTOS DE BIZKAIA (TOMO I). Bizkaiko Foru Aldundia (Kultura Saila), 287, 288, 289, 290, 291, 292. or. ISBN 84-85455-32-0..