Muhammad Reza Shah Pahlavi

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Muhammad Reza Shah Pahlavi
Fuzeye erregina, Soraya erregina eta Farah erregina

Muhammad Reza Shah Pahlavi (Teheran, Iran, 1919 - Kairo, Egipto, 1980) Irango shah edo enperadorea izan zen, 1941etik 1979ra. Reza Shah Pahlaviren seme zaharrena zen. Suitzan hezi zuten, eta 1935ean itzuli zen Irana. 1941ean egin zuten enperadore, Sobietar Batasunak eta Britainia Handiak Iran okupatu eta haren aita, nazien laguntzailea zela eta, aginpidetik kendu ondoren. 1946an erretiratu ziren sobietarrak eta britainiarrak Irandik, eta Estatu Batuek enperadorea bere alde jartzea lortu zuten. Petrolioaren ustiakuntzak garrantzi handia hartu zuen berehala. 1950. urtetik aurrera, gatazka latzak izan ziren shahren eta Mohammad Mosaddeq ministro nazionalistaren artean; 1951n Mosaddeqek, Irango Parlamentuan, petrolioaren nazionalizazioa lortu zuen, baina gorabehera askoren ondoren, Muhammad Rezak Mosaddeq kargutik kendu eta baliorik gabe utzi zuen neurri hura, Estatu Batuen interesen alde betiere. Estatu Batuek emaniko laguntzez baliatu zen Irango modernizazioari ekiteko, eta ezkerreko politika-mugimendu oro ezabatzeko. 1970. urtetik aurrera, harreman estuagoak izan zituen Sobietar Batasunarekin eta Europako ekialdeko herriekin eta, ondoren, Txinarekin. Neutraltasuna aldarrikatu zuen kanpo arazoetan, eta lehen bezain irmo iraun zuen Irango ezkertiarren zapalkuntzan. 1978an, herri xehearen egoera zailaz baliatu ziren buruzagi xiiak, mendebaldeko gizarte-moldeak barneregi zituen Irango aginpideaz jabetzeko, eta 1979ko urtarrilean Ruhollah Khomeini, Parisko erbestean zegoen ayatollah xiiak, Irango buruzagitza hartu zuen. Muhammad Rezak Egiptora jo zuen, eta Kairon hil zen, 1980an.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Muhammad Reza Shah Pahlavi Aldatu lotura Wikidatan