Pankreako urin

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Pankreako urina pankreak isurtzen duen jario exokrinoa da, digestio prozesuan parte hartzen duena. Urin gastrikoaren antzera, janarien digestio kimikoa errazten duten entzima hidrolitikoak ditu, proteinak, gluzidoak eta lipidoak deskonposatzen dituztenak. Horrela zelula mintzak zeharkatu ezin dituzten makromolekula handiak molekula txikiak bihurtzen ditu, zelula mintzak zeharkatu ahal izango dituztenak.

Pankreako urina alkalinoa da (pH=8), eta neutralizatu egiten du urdailetik datorren kimoaren azidotasuna.

Jario exokrino hau pankreako hodi nagusitik (Wirsungen hoditik) ateratzen da eta duodenoaren 2. zatira iritsi, Vateren papilaren parean isurita izanik. Duodenoan jarduten du, beraz, janarien digestio kimikoari ekinez.

Osaketari dagokionez, pankreako urinak ura, gatz mineralak, bikarbonato sodikoa eta entzima hidrolitikoak (tripsina, karboxipeptadasa, amilasa eta lipasak) ditu. Tripsinak eta karboxipeptidasak proteinak eta peptidoak hidrolizatzen dituzte; amilasak almidoia, eta lipasek lipidoak. Entzima hidrolitiko horiek guztiak funtsezkoak dira kimoaren molekulak behar bezala digeritzeko.

Pankreako jarioa nerbio-sistema eta sistema endokrinoaren bidez kontrolatuta dago. Gizakiak egunero urin honetako 1,2 litro inguru jariatzen ditu.