Petri II.a Errusiakoa

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Petri II.a Errusiakoa

Petri II.a Errusiakoa (errusieraz, Пётр II Алексéевич; 1715 1730) Errusiako tsarra izan zen 1727tik 1730era arte.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Petri II.a Alexis Petrovitx —Petri I.a Errusiakoaren seme zaharrena— eta Karlota printzesaren semea zen. San Petersburgon jaio zen, eta umezurtz geratzean, giltzapean jarri zuten. Aitona zuen Petri I.ak jaio zen unetik bertatik bazter utzi zuen.

Katalina I.a tsarinaren agintaldian ere bazter utzi zuten, baina hura hil baino urte batzuk lehenago, konturatu ziren Petri Handiaren ondorengo bakarrak ezin zuela presondegian segitu askoz denbora gehiago. Aleksandr Danielovitx Menshikov estatu-politikariak eta Andrei Osterman kantzelariordeak egin zuten bitartekari-lanari esker, 1727an, Petri II.a, 12 urte zituela, Katalina I.aren azken borondatea kontuan hartuz, Errusia guztien tsar aldarrikatu zuten.

Tsar gaztearen heziketa Andréi Osterman kantzelariordearen eskuetan utzi zen. Menshikov-ek pertsonalki zaintzen zuen Petri II.a, eta Petri bere alabetako batekin, Mariarekin, ezkontzea nahi zuen. Menshikoven mende egon zen urteetan, luxuzko jardueratan eta denbora-pasagarri ziren hainbatetan igaro zuen bere denbora, estatuko gaiak alde batera utzita. Ondoan zituen bi izeba, Ana eta Elisabet Petrovna printzesa handiak, Petri Handiaren alabak.

Petri eta bere izeba Elisabet Petrovna ehizan; Valentin Serov-en margolana

Laster hasi ziren Menshikoven aurkako konspirazioak tsarraren inguruko giroetan. Azkenik, 1727an lortu zuten beren helburua, eta Menshikov, bere titulu eta dignitate guztiak kendu ondoren, hiritik egotzi eta Siberiara deportatu zuten.

Horren ondoren, Petri Vasili Dolgorukov printze arduratsuaren eskuetan utzi zuten. Hark San Petersburgotik Moskura eraman zuen. Koroatzea, hain zuzen ere, Moskun izan zen, 1728ko otsailean. Dolgorukov familiak lortu zuen tsarra kontrolatzea; horretarako, Ivan Dolgorukovek —gizaseme galaia berori— Petri II.a beragana erakarri zuen, eta biek balizko harreman homosexual bat hasi zuten. Hamalau urte besterik ez zituela, Petri II.ak vodka neurririk gabe edan ohi zuen, eta jauregian bilkura pribatuak organizatzen zituen, eta etengabeko gehiegikeriek haren osasuna ahuldu egin zuten. Dolgorukov familiak, pauso bat gehiago emanez, tsarraren eta familiako emakumezko baten arteko ezkontza prestatu zuten. Horrela, Petri II.ak bere tutorearen alabari ezkontzeko hitza eman zion, eta ezkontza 1730eko urtarrilean egitea pentsatu zuten. Tsar gaztea, ordea, ezkondu aurreko egunean baztanga harrapatu eta hil egin zen.

Petri II.a Mikel Goiaingeruaren katedralean, Moskuko Kremlin-en, hilobiratu zuten; Petri Handiaren ondoren, hura izan zen ohore hau jaso zuen tsar bakarra.

Petri hiltzean, bere ondorengoa Ana Ivanovna, Ivan V.aren alaba, Petri Handiaren anaiordearen alaba, izan zen.

Ikus, halaber[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Petri II.a Errusiakoa Aldatu lotura Wikidatan