Alexandro II.a Errusiakoa
| Alexandro II.a | |
|
|
|
|---|---|
| 1855eko martxoaren 2a – 1881eko martxoaren 13a | |
| Aurrekoa | Nikolas I.a |
| Ondorengoa | Alexandro III.a |
| Koroatzea | 1855eko irailaren 7a |
| Dinastia | Romanov |
|
|
|
| Jaiotza | 1818ko apirilaren 29a[1] Mosku, Errusiar Inperioa |
| Heriotza | 1881eko martxoaren 13a[2] San Petersburgo, Errusiar Inperioa |
| Ezkontidea | Maria Alexandrovna |
| Senideak | Aita: Nikolas I.a Ama: Alexandra Feodorovna |
| Erlijioa | Errusiar ortodoxoa |
| Sinadura | |
Alexandro II.a (errusieraz:Александр II Николаевич, Aleksandr II Nikolaevitx) (Mosku, 1818ko apirilaren 29a[1] - San Petersburgo, 1881eko martxoaren 13a[2]), 1855-1881 bitartean Errusiako enperadorea izan zen.
Nikolas I.aren semea zen, eta Vasili Zhukovski poeta liberalaren ardurapean hazi zen. Krimeako gerra galdu ondoko urteetan (Parisko Ituna, 1856), Alexandro II.ak, mendebaldeko herrien aldean Errusiak bizi zuen atzerapenaz oharturik, garrantzizko erreformak eragin zituen: basailuak askatu, 1861; administrazioaren erreforma, 1864; hezkuntza publikoaren erreforma; azkenik, burdinbide-sarearen garapenaz bultzada handia eman zion ekonomiari.
1863. urtean bat egin zuen Alemaniarekin, abertzale poloniarren altxamendua zapaltzeko. Turkiaren aurkako gerran abiatu zelarik (1877-78), Bismarckek laguntza ukatu eta atzera egin zien Alexandro II.ak Europari buruz zituen asmoei (San Stefanoko Ituna). Bitartean, Kaukasoko konkista amaitu (1859) eta Erdialdeko Asian barneratu zen (Tashkent, 1865; Bukhara eta Samarkanda, 1868). Errusia barnean, bestalde, politika absolutistaren aurka altxatu zen mugimendu herrikoi bat (Narodnaia Volia 1870) garatu zen. Mugimendu horretako nihilista-talde batek hil zuen bonba batez.
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ a b 1818ko apirilaren 17a Juliotar egutegian
- ↑ a b 1881eko martxoaren 1a Juliotar egutegian