Alexandro I.a Errusiakoa

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Alexandro I.a, Vladimir Borovikovski-ren margolan batean

Alexandro I.a Errusiakoa San Petersburgon jaio zen 1777ko abenduan eta Tanganrog-en hil zen 1825eko abenduan. Errusiako tsarra izan zen 1801eko martxotik aurrera, Poloniako errege 1815etik aurrera eta Finlandiako lehen duke titulua izan zuen 1809tik aurrera.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alexandro Paulo Petrovitx duke handiaren, gero Paulo I.a tsarra izango zenaren, eta bere emazte Sofia Dorotea Wurtembergekoaren semea zen, eta Katalina II.a Errusiakoaren biloba. Batetik, Katalina II.aren gortean pentsamendu librearen giroa bizi izan zuen, eta, bestetik, gobernadore militarrarengandik autokrazia errusiarraren tradizioak ikasi zituen. Aitak gizateriaren aldeko maitasun teorikoa eta gizakiaren kontrako mespretxu praktikoa konbinatzen irakatsi zion. Joera kontraesankor horiek bizitza osoan izan zituen, eta aurrera eraman zuen politikaren fluktuazioetan islatzen zen.

Napoleonekin adiskidetasunezko harreman laburra izan zuen, baina nobleen eta familiartekoen presioaren eraginez, aliantza apurtu egin zen eta Frantziaren etsai bihurtu zen berriro ere.

1825ean hil zen, tifusak jota.

Agintaldia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1801eko martxoaren 23an tronuratu zen, aita asasinatua izan ondoren. Konspiratzaileek Paulo tsarra boteretik kendu bai, baina ez zutela hilko esan zioten. Kontrakoa gertatzean, errudun sentitu zen, enperadore izatera hilketa baten bidez iritsi zelako. Pixkana-pixkana Eliza ortodoxorantz gerturatu zen, eta politika kontserbadorea eraman zuen ordutik aurrera hil zen arte.

Lehen momentutik agertu zuen mundu mailan paper garrantzitsua jokatzeko asmoa, eta gaztetasunak ematen zion grina guztia jarri zuen bere ideal politikoak errealitate bihurtzeko eginkizunean. Haren erreforma-asmoak erakunde ingelesetan inspiratuta zeuden, baina uneko posibilitateak guztiz gainditzen zituzten, eta erreforma gutxi iritsi ziren errealitate izatera.

Elizaveta Alekseievna, Alexandro I.aren emaztea

Erreforma[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Agintari erreformatzailea izateko lehen baldintza falta zitzaion: mendekoengan konfiantza, eta ezaugarri horrek kutsatu zituen aurrera eraman zituen erreforma guztiak. Inperioaren inguruko probintzietan esperimentatu zuen, eta errusiarrek ziotenez, Poloniari, Finlandiari eta probintzia baltikoei ematen zizkien eurei ukatzen zizkieten onurak.

Errusian ere erreforma zenbait egin ziren, baina autokrataren eta bere funtzionarioen interferentzia susmagarriak zirela medio, ezin izan zuten iraun. Eratu berriak ziren Ministroen kontseilua eta Estatuaren kontseilua, esaterako, tsarraren eta bere begikoen tresna esklabo bihurtu ziren.

Presio ikaragarriak izan bazituen ere, ezin izan zuen mirabetza edo esklabotza abolitu. Alexandro erreforma horren aldeko zen, baina nobleekin problemak izateko beldur zen. Aspalditik zen arazo handia mirabetza, eta horixe izan zen Mendebaldea bizitzen ari zen Industria Iraultza Errusiak bizitzeko eragozpen nagusia.

Ezkontza eta ondorengoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alexandro Luisa Badengoarekin (jaiotza-izena: Elizaveta Alekseievna) ezkondu zen, eta bi alaba izan zituzten, urte gutxirekin hilak biak ere.

Horiez gain, bederatzi seme-alaba izan zituen hainbat maitalerekin.

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Alexandro I.a Errusiakoa Aldatu lotura Wikidatan