Pilar Iragorri Iriarte

Wikipedia, Entziklopedia askea
Pilar Iragorri Iriarte

Bizitza
JaiotzaOiartzun1926ko martxoaren 27a (98 urte)
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
Familia
Anai-arrebak
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakekintzailetza
Sinesmenak eta ideologia
Erlijio-ordenaMisioaren Kongregazioa
Sekularismo

Pilar Iragorri Iriarte (Oiartzun, Gipuzkoa, 1926ko martxoaren 27a) misiolari sekularra da eta apostolutza jarri du bizitzako lehen lerroan. Borondatezko lankide gizarte gaietan eta aldi berean, abertzalea eta euskaldun militantea.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iturriotz auzoko Garmendi baserrrian jaio zen. Hamabost senide izan ziren, bera 13.a. Ama Sarobe baserriko Joxepa Iriarte izan zen eta aita, berriz, Garmendiko Jose Inazio Iragorri. Altxamendu militarra hasi zenean 10 urte zituen eta biziki gogoratzen du garai hartan bizitutako egoera gogorra. Errekete konpainia osoa sartu zitzaien baserrian, alferezarekin eta geroago, berriz, militarrak izan ziren euren koartela bertan finkatu zutenak. Baserrian gainkaldeko menditxoak libratzen zuen etxea San Markoko gotorlekutik jaurtitzen zituzten bonbetatik eta horrek egiten zuen lekua defentsarako hain egokia.  Eskasi handia bizitu zuten familiaren beharrak ase ezinik. Eskola auzoan bertan zegoen; 6 urterekin hasi eta 12rekin  bukatu zuen. Gaztaroa garaiko gazteen modura bizitu zuen. Baserrian lanean eta brodatzen ikasi zuen eskola utzita. Igandeetan, Txikierdi edota Altzibarko bileran, dantzan pasatzen zuten arratsalde guztia. Hori izaten zen euren dibertsioa.[1]

Misiolari Sekularra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaztetatik sumatu zuen misioetarako gogoa eta behin Donostiako “Santa Teresa, Gogo-jardunetako Etxean” egindako egonaldi baten ondoren, erabaki zuen Misiolari Sekularren Institutuan (IMS)[2] sartzea 25 urterekin. 1939ko abenduaren 3an sortu zen Institutua. Maria Camino Gorostiza Lekunberri[3] eta Rufino Aldabaldetrekuk[4] eman zioten hasiera Institutuari. Etxe zentrala Gasteizen zuten eta postulatuek bertan egiten zuten nobizio-aldia. Pilarrek bi urte eta erdi egin zituen bertan. Modu honetara:

  • 1952/05/14an hasi zen Prestakuntza-Etxean probaldia egiten.
  • 1953/03/27an Lehen Kontsagrazioa.
  • 1953/12/08an Botoak hartu zituen.
  • 1954/10/27an irten zen Prestakuntza-Etxetik.
  • 1955-09-24an Gurutzea hartu zuen. (Covadongan zegoen ordurako).
Maria Camino Gorostiza. IMS-eko zuzendari nagusia.
D.Rufino Aldabaldetreku. IMS sortzailea.
Gurutzea. IMS.

Eskola gutxikoa zen baina ikasteko grina handikoa eta gaitasuna zuena. Madrilen zegoela Institutuak eman zion aukera arte ikasketak egiteko. Tailerra muntatu zuten eta bertan sortu zituzten hain bereziak izan ziren IMSeko amabirjinak. Geroago, Asturiasen, Covadongan zegoela, pelukeria ikasketak egin zituen Mieresen eta hori izango zen, etorkizunean, bere ogibide nagusia. Bartzelonako Poblenou eta Zaragozako Oliver langile-auzoetan urte asko eman zituen, barne migratzaile familiekin lanean.

Salamankako amabirgina, IMS.
Amabirgina. IMS.

Vatikano II. Kontzilioak eragina izango zuen Institutuaren plantemanduetan eta euren apostolutza egiteko modua aldatu zen. Pilarrek Euskal Herrira bueltatzea erabaki zuen eta Errenterian jarri zen bizitzen, bere pelukeria irekita. Apostolutza egiten jarraitu zuen baina euskaldun izaeratik. Hori oso garrantzitsua izan zen harentzat.

60 urte bete zituenean, Ecuadorreko Guayaquil herrira joan zen bertako misio-etxean[5] lan egitera. Asko markatuko zuen egonaldi hark. Onerako. Bost urte pasa zituen bertan eta, egoera berri askoren artean, han ezagutu zuen, lehen aldiz, kartzelako mundua. Behin Euskal Herrian eta, jada, jubilatua, Donostian jarri zen bizitzen eta konpromiso berrietan sartu zen. Elizbarrutiko Kartzeletako pastoraltzan eman zituen 22 urte. Martutenera joaten zen astean hirutan. Pelukeria jarri zuen barruan, hango neskei ofizioa erakusteko eta horrez gain barrukoen mandatuak egiten zituen. Denborarekin, ordea, astean egun batera mugatu zioten bisita eta orduan igandetako mezara joateko aprobetxatzen zuen. 90 urte bete zituenean utzi zuen kartzelara joateko konpromisoa.[1]

Beste ardura Etorkinen Pastoraltza izango zuen. Pilarri natural ateratzen zaio laguntza ematea baina Ecuadorreko egonaldiak izan zuen eraginik migranteen egoeraz arduratzeko. Donostiako Gros auzoko lokal batean jardun zuen. Sukaldea jarri zuten eta hemengo lan ohituretan trebatzen zituzten etorkinak, lana bilatzen lagundu etab. Azken finean, integratzen lagundu.

Zaharren egoitzara joateko erabakia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2012ko otsailaren 11n Donostiako Zorroaga egoitzara joan zen bizitzera. 86 urte gainean, oraindik animoz sasoiko emakumea zen eta laster helduko zion konpromiso berriari. Oraingo honetan Mintzaneteko mintzalaguna egin zen eta horretan aritu zen denbora luzez euskaldun berriei laguntza ematen.[6][7]

Egoitzako bizitzan asko inplikatu zen. Ardurak hartzen zituen eta partaide izaten zen antolatzen ziren ekintza guztietan, askotan, gainera, protagonismoa hartuz. Egoitzatik kanpo komunikabideek ere maiz jotzen zuten beregana.[8] Beti bitalista, hiztun ona eta soziablea, erraz prestatzen zen elkarrizketetarako edo beste edozertan parte hartzeko.[1]

2022ko ekainaren 29tik Oiartzungo Petra Lekuona egoitzan bizi da.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c Lartzanguren, Edu. «Pilar Iragorri: «Beti izan dut kartzelarako gogoa»» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-10-02).
  2. (Gaztelaniaz) Instituto de Misioneras Seculares. (Noiz kontsultatua: 2023-10-03).
  3. (Gaztelaniaz) «ESPAÑA. MARÍA CAMINO GOROSTIZA, CO-FUNDADORA DEL INSTITUTO DE MISIONERAS SECULARES» Evangelizadoras de los apóstoles 2017-11-21 (Noiz kontsultatua: 2023-10-02).
  4. (Gaztelaniaz) «ALDABALDETRECU URBIETA, Rufino - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2023-10-03).
  5. (Gaztelaniaz) «Inicio - Hasiera» Misioak (Noiz kontsultatua: 2023-10-02).
  6. Mintzanet, Author. (2019-04-08). ‘Mintzanet +65’ proiektuari buruz hitz egin dugu Euskadi Irratian. (Noiz kontsultatua: 2023-10-02).
  7. Mintzanet, Author. (2015-09-21). Mintzaneteko partaideen lehenengo bazkaria. (Noiz kontsultatua: 2023-10-02).
  8. «Pilar Iragorri / SOMOS.» www.bagara-somos.eus (Noiz kontsultatua: 2023-10-03).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]