Protoindustria

Wikipedia, Entziklopedia askea

Protoindustria Behe Erdi Aroan (XIV. mendea) agertu eta XVIII. mendera arte hedatu zen ekoizpen sistema zen. Salgaiak era kapitalistan zeharo ekoizteko lehen modu izan zenez gero, industria iraultzarako oinarriak jarri zituen. Protoindustriaren fenomenoari landa-industria edo etxe-sistema (verlagssystem alemanez; putting-out-system ingelesez) ere deitu izan zaio, eta ez da nahasi behar lan gremialarekin edo erregearen manufakturekin. Bi hauek, berez, mendekotasun-harremanetan oinarritutako ekoizpen sistema prekapitalistak ziren, eta ez zuten protoindustriak bezalako garrantzirik izan harreman kapitalisten garapen historikoan.[1]

Protoindustria sistemaren ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Protoindustria artisautza gremialaren ekoizpen sistemaren lehiakide gisa agertzen da Aro Modernoan. Gremioek artisau-lantegi bakoitzak sortuko zituen produktuen kopurua eta merkatura ateratzean izango zuen prezioa zehazten zuten, baita artisauen soldatak ere. Sistema horrek Errenazimentuaren atarian hainbat bankari eta merkatari metatzen hasi ziren kapitalen inbertsioak eragozten zituen, baita lehia librea ere. Azken hauek erabaki zuten Erdi Aroko hirien legeen mugetatik ihes egitea eta ehungintza landara eramatea: horrela sortu zen merkatari-enpresariaren figura historikoa, burgesia industrialaren aitzindaria. Enpresari hauek lehengaiak ematen zizkieten nekazariei, haien etxeetan aldez aurretik zituzten tresnak erabilita bukaerako produktuak ekoitzi zitzaten eta, ondoren, amaitutako salgaiak hiriko merkatuetara edo esportaziora zeramatzaten. Hori dela eta, oraindik gutxi garatutako harreman kapitalista baten aurrean gaudela esan genezake, harremanaren nolakotasun kapitalista argia bada ere (saltzearren erosi)[2] , langileek darabiltzaten tresnak euren jabetzapean baitaude. Nekazariek haien biziraupenaren zati bat autokontsumorako nekazaritza ekoizpenarekin bermatzen zutenez gero, haien soldata hiriko langileena baino askoz txikiagoa zen, eta merkatariek gremioek baino merkeago sal zitzaketen landan egindako ehungintza sektoreko produktuak. Familiek (gehienetan emakumeak ziren irute lana egiten zutenak) nekazaritza jarduera nagusiaren osagarri gisa bakarrik onartzen zituzten mandatu horiek; adibidez, zergak dirutan ordaindu ahal izatearren.[3]

Protoindustia historian zehar[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Protoindustriak ehungintza sektorearen garapena ahalbidetu zuen. XIV. mendean agertu zen Italiako iparraldean; XV. menderako, Florentzian, merkatari-enpresariek artilezko oihalaren ekoizpen osoa kontrolatzen zuten. Lehengaia erosteaz eta ekoizleen etxeetatik banatzeaz gain, familia garrantzitsu batzuek, hala nola Medici-ek, lantegi propioak zituzten ekoizpenerako, legedi gremialatik at.

XVI. mendean, penintsulako gerren eta enpresarien kapitala Europako printzeei maileguak aitortzeko desbideratzearen ondorioz, Italiako protoindustria gainbeheran sartu zen. Europako iparraldean, Bruselan eta Ganten, esaterako, oihalgintza tradizionala (gremio-sistemaren araupean sortutakoa) arazoak izaten hasia zen Ingalaterran garatu berriko etxeko industriarekin lehiatzeko. Hor sortutako ehungintzari new draperie (oihalgintza berria) deitzen zaio, eta Europako merkatuak gainezkatu zituen Ingalaterrako produktuekin, Flandesko eta Italiako old draperie-ri (oihalgintza zaharrari) lehia bizia eginez. Oihalgintza zaharrarenak luxuzko produktuak ziren; oihalgintza berriak, ordea, kalitate txarragoko artiletik abiatuta (gaztelakoa eta irlandakoa, hain zuzen ere, itxituretan lortutakoaz gain) egiten zituen oihalak, gremioen kontroletik kanpoko herrietan aurkitutako eskulan merkeagoa erabiliz. Beraz, amaierako produktua ez zen hain garestia, eta Europan sortzen ari ziren hirigune berrietan kontsumi zitekeen.[4]

XVII. mendean zehar, Ingalaterrako nazioarteko merkataritzaren osagaiak aldatu egin ziren. Oihalgintza berriak esportazioen laurden bat izatetik hauen osotasuna suposatzera pasa zuen, mota honetako ehunen arrakastaren seinale. Fenomeno hau merkataritza-gerrak bezain garrantzitsua da mende amaierako Ingalaterrako nagusitasun geoekonomikoa ulertzeko. XVII. mendea protoindustriaren hedapen-mendea da, krisi-mende bat baita, non nekazalgoaren zati batek uztetan ez lortutakoa beste bitartekoekin eskuratu behar izan zuen biziraupena ziurtatzeko. Frantziako (Normandia, Languedoc, Champagne) eta Alemaniako (Silesa, Westfalia) zenbait eremutan sistema honen pean hainbat produktu ekoizten ziren ehunez gain, nahiz eta hauek beti izan gehiengoa. Frantzian, protoindustria Colberten politika merkantilistak sustatutako manufaktura errealarekin batera garatu ahal izan zen, bi sistemek merkatu desberdinak hornitzen baitzituzten. Mende amaieran, Kataluniako merkatari-enpresariek ehungintza berrituaren jarduerari eman zioten hasiera euren lurraldean, oraingoan lihozko industria bati, Gaztelako artileko industria ez bezalakoa, Ingalaterrako lehiak hondoratu zuena. XVIII. mendearen bigarren erdian, gremioak behin betiko bertan behera utziz joan ziren Europako Estatuak, lege aginduen bidez. Ingalaterra bezalako herrialdeetan, legeak aldez aurreko egoera baten berri ematen zuen soilik: gremioen gaitasun ekonomikorik ezarena protoindustriaren 'lan askearen’ aurrean.[5]

Artileaz gain, lihoak eta kotoiak garrantzi handiagoa hartuko lukete merkatuetan, hein handi batean etxe-sistemari esker; azken material hori funtsezkoa izan zen Ingalaterrako industria-iraultzarako. Merkatari-enpresariek lehengaiak jarritako etxe pribatuetako lana izan zen gremioetatik at egindako lantegietako lan prozesuen oinarri historikoa, zeinetan enpresaburuak tresnak eta lan-eremua ere jartzen baitzituen: ekoizpen sistema batetik besterako trantsizioak industrializazio kapitalistaren etorrera seinalatzen du; domestic system-etik rural-system-era.

Protoindustria Euskal Herrian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aurreko atalean aipatutako moduan, Katalunian protoindustrialek lihoan ziharduten. Euskal Herrian, berriz, ehungintzak ez zuen ia garrantzirik izan. Burdina izan zen nazioarteko merkataritzaren mapan euskal lurraldea jarri zuen produktua. Ez da nahastu behar XVIII. mende amaierako Bizkaiko jarduera siderurgikoa (hots, protoindustria) XIX. mende bukaerako industrializazioarekin, non ekoizpen-prozesua forma guztiz kapitalistan ematen baitzen. 1770eko hamarkadan, euskal lurraldeetan (Bizkaian eta Araban), burdina meatzeetatik ateratzen zen eta, ondoren, forma ematen zitzaion. Prozesu hau burutzen dutenak barnealdeko nekazariak dira batez ere, euren uztatik bizi zirenak eta landa-lanaren diru-sarrerak industriakoekin osatzen zituztenak. Langile hauek euren jabetzan zegoen baserriko tresnak erabiltzen zituzten (gurdiak, behi-azienda...) produktua burdina galdatzen eta lantzen zen sutegi txikietaraino garraiatzeko. Kostaldean bizi ziren nekazariak, aldiz, nekazaritzan jarduteaz gain, arrantzan (gizonak) edo arrantzarako sareak egiten (emakumeak) aritzeko beharrean ikusten zuten euren buruak. Bere bidaietako oroitzapenetan, Wilhem von Humboldtek berak euskal nekazariek egiten zituzten lan osagarri ugariak nabarmendu zituen.

Barnealdeko hainbat herritan, Zeanuri, Otxandio edo Turtziozen, adibidez, sektore siderurgikoak zeharka ematen zien lana biztanleria aktiboaren gehiengoari. Hau da, burdina galdatzeaz gain, meategietatik burdinolak hornitzeko ikatz begetal edo minerala erauz zezaketen. Bazeuden forjetako sua elikatzeko beharrezkoa zen egurra basotik ateratzen zutenak ere. Kostaldeko herrietan ez ezik, portua zuten hirietan, hala nola, Bilbon, landan ekoiztutako produktuak merkaturatzen ziren. 1777an Bizkaiko burdinaren ekoizpenaren %96 esportatzen zen atzerrira. Artilearekin batera, esportatzeko produktu nagusia zen burdina. Sistema protoindustriala euskal burgesia komertzial hasiberriak kontrolatzen zuen. Baserriko langileei soldata baten bidez ordaintzen zien bitartean, ekoizpenaren erritmoak eta kopuruak zehazten zituen. Hori dela eta, protoindustriak garrantzi handia izan zuen XVIII. mendeko euskal merkataritzaren suspertzean: Gipuzkoako edo Bizkaiko portuetatik ateratzen ziren euskal ontziek burdina zeramaten Europako iparraldera, eta manufaktura ingeles edo kolonialez, espeziez, alez edo arrainez beteta itzultzen ziren. Batzuetan artikulu horiek hegoaldeko merkatuetara esportatzen zituzten.[6]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Artola, Miguel. (2005). Contemporánea: la Historia desde 1776. Alianza Editorial, 24-27 or. ISBN 84-206-4765-9. PMC 63693981. (Noiz kontsultatua: 2021-03-11).
  2. Marx, Karl. (1972-1976). Elementos fundamentales para la crítica de la economía política : (Borrador) 1857-1858. Siglo Veintiuno, 177-198 or. ISBN 84-323-0224-4. PMC 5829173. (Noiz kontsultatua: 2021-03-11).
  3. Ribot, Luis. (2019). La Edad Moderna (Siglos XV-XVIII). (4. argitaraldia) Marcial Pons, 167-170 or. ISBN 978-84-16662-99-9. PMC 1126289777. (Noiz kontsultatua: 2021-03-11).
  4. Ribot, Luis. (2019). La Edad Moderna (Siglos XV-XVIII). (4. argitaraldia) Marcial Pons, 431-434 or. ISBN 978-84-16662-99-9. PMC 1126289777. (Noiz kontsultatua: 2021-03-11).
  5. Ribot, Luis. (2019). La Edad Moderna (Siglos XV-XVIII). (4. argitaraldia) Marcial Pons, 759-763 or. ISBN 978-84-16662-99-9. PMC 1126289777. (Noiz kontsultatua: 2021-03-11).
  6. Portilla, Manuel González. (1994). «Internacionalización de la Economía Vasca y Protoindustria» Revista de Demografía Histórica-Journal of Iberoamerican Population Studies 12 (2): 21–43. ISSN 1696-702X. (Noiz kontsultatua: 2021-03-12).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]