Rafael del Riego
Rafael del Riego y Nuñez (Tuña, Tineo, Asturias, 1784ko apirilaren 9a - Madril, 1823ko azaroaren 7a) espainiar militar eta politikaria izan zen.
Biografia [aldatu]
Frantsesen aurka borrokatu zen Espainiako Independentzia Gerran, eta Napoleonen gudarosteak preso eduki zuen 1814 arte. Armadan sartu zen berriro eta konstituzioaren aldeko mugimenduaren buru bihurtu zen 1820ko urtarrilaren 1ean. Andaluzian zehar ibili zen, absolutismoaren aurkako altxamendua sustatuz, eta Fernando VII.ak Cádizko konstituzioa onartu orduko armak utzi zituen. Galiziako jeneral goren izendatu zuten, baina arazo batzuk izan ondoren Aragoira aldatu zuten.
1821ean betikoz kendu zioten kargua, ezker muturreko liberalen alde zegoelako. Diputatu egon zen gorteetan, masoi-talde baten bozeramaile eta 1823an gudarosteko buru jardun zuen berriro San Luisen Ehun Mila Semeen erasoari erantzuteko. Traidore batzuek saldu zuten Sierra Morenako mendietan, eta preso hartu eta Madrila eraman zuten. Epaitu eta urkatu zuten.
Hil ondoren, Espainiako iraultzaile liberalen irudi nagusi bihurtu zen, eta berak 1820an bere gudari talde iraultzaileentzat idatzarazi zuen martxa militarra izan zen errepublikazaleen himno nagusia. Orobat, Espainiako Bigarren Errepublikako (1931-1939) himno ofiziala izan zen Riegoren Himnoa deituriko martxa.
Ikus, ere [aldatu]
Erreferentziak [aldatu]
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Izan ere, egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.