Roald Dahl
Roald Dahl (Llandaff, Cardiff, 1916ko irailaren 13 - Great Missenden, Buckinghamshire, Ingalaterra, 1990eko azaroaren 23) eleberri eta ipuin laburren idazle galestarra izan zen, norvegiar jatorrizkoa. Umeentzako zein heldueentzako arrakastaz idatzi zuen. Haren liburu famatuenetako batzuk: Charlie eta txokolate-lantegia, James and the Giant Peach, Matilda, The Witches, The BFG, eta Kiss Kiss.
Biografia
Roald Dahl Cardiffeko Llandaffen jaio zen, Galesen, 1916ko irailaren 13a. Gurasoak norvegiarrak ziren, aita Harald Dahl eta ama, berriz, Sofie Magdalene Hesselberg de Dahl. Roald izena eman zioten semeari Roald Amundsen esploratzailearen omenez, Norvegian heroi nazionala baitzen garai hartan. 1920an, Roaldek 4 urte zituenean, bere 7 urteko arreba Astri Dahl hil zuen apendizitisak. Handik aste gutxitara 57 urteko aita ere hil egin zitzaion, neumoniaz. Ama alargunak ez zuen Norvegiara itzuli nahi izan eta Erresuma Batuan geratu zen, senarrak seme-alabak eskola ingelesetan hezteko nahia baitzuen. Ama ere denbora gutxira hilko zuen kantzerrak.
8 urte besterik ez zituen zuzendariak Roald Dahl eta bere 4 lagunak jipoitu zituenean eskolako kaiola batean aurkitu zuten xagua goxokien potean sartu zutelako. Amari gehiegizko zigorra iruditu zitzaion eta semea eskolatik atera egin zuen.
9 urte zituenean, mutila St. Peter's Schoolera bidali zuten, Weston-super-Mareko eskola pribatura eta hantxe ikasi zuen 1923tik 1929ra arte.
13 urtetik aurrera, berriz, Derbyshireko Repton Schoolen egin zuen heziketa; prefektoaren laguntzailea izan zen eta fiveseko eskola ekipoaren kapitain ere izan zen, argazkigintzan zaletzen joan zelarik. Reptonen egon zen urteetan, Cadbury txokolate fabrikak eskolara bidali ohi zituen produktu berriak hango ikasleek probatzeko xedean. Dahlen ametsa izaten zen Cadbury jauna harrituko zuen txokolate barra berri bat asmatzea eta honek eman zion bere haurrei zuzenduriko bigarren liburua izango zen Charlie and the Chocolate Factory idazteko ideia.
Haurtzaro eta nerabezaroan zehar, Norvegian pasatu zituen udako oporrak. Hautzaroa da Boy liburuaren gaia. Ez dela autobiografia dio behin eta berriro, haurtzaroan bizitako gertakizunetan oinarritzen bada ere.
Eskola bukatu eta gero, Ternua esploratzen eman zituen 3 bat aste Public Schools Exploring Societyn eta, 1934ko uztailean, Royal Dutch Shell petrolio enpresan hasi zen lanean. 2 urtez Erresuma Batuan trebatzen aritu ondoren, Dar es Salaamera destinatu zuten, Tanganikan (gaurko Tanzanian). Han bizi beste Shelleko 2 lankideak bezala, luxu handiz bizi zen Dar es Salaamen, sukaldari eta laguntzaile pertsonal eta guzti. Baina arriskuak ere ez ziren nolanahikoak izan, Tanganikan erregaia banatzeak txingurri edo lehoiekin aurrez aurre egotea esan nahi baitzuen.
1939ko azaroan, Royal Air Forcen sartu zen. Dar es Salaametik Nairobiraino ia mila kilometro egin ondoren, hegaldi trebakuntzarako onartu zuten beste 16 gizonekin batera. Horietako 13k galduko zuten bizia gerora aire borrokan. 7 ordu eta 40 minutuko esperientzia zuen bere De Havilland Tiger Mothen eta bakarrik hasi zen hegan. Habbaniyan jarraitu zuen entrenamendua (Bagdadik mendebalderantz, 80 bat km-tara), Iraken eta, 6 hilbete zeramatzanen Hawker Hartsen hegan, ofizial egin zuten eta RAF egin zuten 80. eskuadroian. Gloster Gladiator zaharkituak erabili behar izan zituen eta, bere harridurarako, ez zuen inongo trebakuntzarik jaso arlo honetan, ezta aire borrokan ere.
1940ko irailaren 19an, Dahl Abu Suweirtik (Egipto) Amiriyaraino joan zen bere Gladiatorrean erregai bila eta, gero, Foukara, Libian. Hortik 80. eskuadroiaren pistaraino joan zen, Mersah Matruh-tik 50 km hegoalderantz. Azkenean, pista ezin aurkiturik ibili zen, erregai gutxirekin, gaua gainean, eta basamortuan lur hartu beharrean izan zen. Tamalez, harri batekin talka egin eta abioia erori egin zen. Buruhezurra hautsi zuen eta baita sudurra ere, itsututa geratu zelarik. Nola edo hala lortu zuen sutan zegoen hegazkinetik irtetea eta konortea galdu zuen gero. Ondoren idatziko zuen lanean, istripua azaldu zuen. RAFek egin zuen ikerketaren arabera, Dahlek jaso zituen instrukzioak erabateko okerrak ziren eta britainiar eta italiarren arteko gune baterantz bidali zuten.
Erreskatearen ondoren, Dahl Mersah Matruhera eraman zuten, pixkanaka sendatzen zen bitartean. Ikusmenak ez zuen hobekuntzarik egin eta Alejandriako Royal Navyren ospitalera eraman zuten trenez. Mary Welland erizainarekin maitamindu zen eta hauxe izan zen ikusmena berreskuratu zuenean ikusi zuen lehen pertsona. 8 astez egon zen itsu eta medikuek ezingo zuela sekula hegan egin esan zuten, baina, 5 hilabete geroago, 1941eko otsailean, alta eman zioten eta lanean hasi zen. 80. eskuadroia Greziako Elevsis-en zegoen, Atenas inguruan, British Expeditionary Forceren ondoan Ardatzaren aurkako borrokan. 1941eko apirilean, Dahlek Mediterraneo itsasoa zeharkatu zuen Hawker Hurricane batean, Grezian bere eskuadroiarekin elkartuz. Going Solo liburuan kontatu zuen izandako abenturaren bat, bonbardero bat eraitsi zuenekoa adibidez.
1942an hasi zen idazten, Washingtonera bidali zutenean. Argitaratu zioten lehen lana Saturday Evening Posten atera zen 1942ko abuztuaren 1ean. Pan comido ipuina izan zen, Gloster Gladiatorrekin izandako istripua deskribatzen zuelarik. Hasieran A piece of cake deitu bazioten ere, Shot down over Libya izena eman zioten gero.
Ezkontzak eta seme-alabak
30 urtez egon zen Patricia Neal aktoresarekin ezkonduta, 1953tik 1983ra arte, eta 5 seme-alaba izan zituzten:
- Olivia Dahl (1955-(†)1962, entzefalitisak hil zuen 7 urte besterik ez zituenean)
- Tessa Dahl autorea (1957)
- Theo Dahl (1960). Seme bakarra, baina istripu baten ondorioz hidrozefalia izan zuen eta hil egin zen. Honen ondorioz, aita burubelarri sartu zen gerora Wade-Dahl-Till balbula deituko zitzaionaren garapenean.
- Ophelia Dahl (1964). Partners in Health erakundearen zuzendaria da eta munduko toki pobreenetako jendeari laguntzea du xede.
- Lucy Dahl (1965)
Tessaren alaba, berriz, El gran gigante bonachón en inspirazioa izango zena, Sophie Dahl modelo eta autorea da.
1983an, bere emaztearen lagun minarekin ezkondu zen, Felicity Ann d'Abreu Croslandekin.
Heriotza
1990eko azaroaren 23an, leuzemiak hil zuen bere etxean, Gipsy Housen, Great Missenden, Buckinghamshiren. 74 urte zituen eta San Pedro eta San Pablo parrokiako hilerrian eman zioten lur.
Roald Dahl Children's Gallery inaguratu zuten bere omenez gertu zegoen Aylesburyko Bucks County Museumen.
Dahlen heriotzaren ondoren, neurologia, hematologia eta alfabetizazio esparruan harturiko konpromisoak aurrera egin zuten Roald Dahl Foundation erakundearekin. 2005eko ekainean, Roald Dahl Museum and Story Centre inaguratu zuten Great Missendenen, Roald Dahlen lana eskertuz eta alfabetizazioaren bidean urrats gehiago emateko ahaleginetan.
Estiloa
Roald Dahl-ek idatzitako obren euzagarri nagusiak umore garratza, ironia eta satira dira. Istorio subertsibo eta ezohikoak idatzi izan ditu eta horietako zenbait debekatuta ere egon dira.
Dahl-ek hartzaile bakarra du buruan: haurrak. Haurren alde idazten du. Bere obra guztietan protagonistak helduek zapaldutako haurrak dira, baina arau transgreditzea erabakitzen duten haurrak. Horregatik egiten zaie deseroso heldu askori. [1]
Lanak
Umeentzako istorioak
- The Gremlins (1943)
- James and the Giant Peach (1961)
- Charlie eta txokolate-lantegia (1964). Jatorrizko izena: Charlie and the Chocolate Factory. Bi bertsio ditu euskaraz: Charlie eta txokolate fabrika, Joan Mari Sarasolak euskaratua (1989); eta Charlie eta txokolate-lantegia, Agurtzane Ortiz de Landaluzek euskaratua (1994, 2004, 2010, ISBN 84-8147-124-0)
- Hatz magikoa (1966). Jatorrizko izena: The Magic Finger. Joseba Ossak eta Xabier Monasteriok euskaratua (1993, ISBN 84-8147-010-4).
- Super-azeri (1970). Jatorrizko izena: Fantastic Mr Fox. Mikel Garmendiak euskaratua (1993, ISBN 84-8147-009-0).
- Charlie eta kristalezko igogailu erraldoia (1967). Jatorrizko izena: Charlie and the Great Glass Elevator. Juan Legarretak euskaratua (1993, ISBN 84-330-0944-3).
- Danny Munduko txapelduna (1975). Jatorrizko izena: Danny the Champion of the World. Idoia Gilleneak euskaratua (2004, ISBN 84-330-0949-4).
- Henry Sugarren ixtorio miresgarria (1977). Jatorrizko izena: The Wonderful Story of Henry Sugar and Six More. Luis Berrizbeitiak euskaratua (1994, ISBN 84-7917-404-8).
- The Enormous Crocodile (1978)
- The Twits (1980)
- George's Marvelous Medicine (1981)
- The BFG (1982)
- The Witches (1983)
- Jirafa, pelikanoa eta tximinoa (1985). Jatorrizko izena: The Giraffe and the Pelly and Me. Juan Legarretak euskaratua (1991, ISBN 84-330-0903-6).
- Matilda (1988). Jatorrizko izena: Matilda. Joxemari Iturraldek euskaratua (1993, ISBN 84-8147-013-9).
- Esio Trot (1989)
- The Minpins (1991)
- The Vicar of Nibbleswicke (1991)
- Sorginak (1998) Euskaratzailea: Juan Mari Irigoien. Erein. [2].
Umeentzako olerkiak
- Errima errebeldeak (1982). Jatorrizko izena: Revolting Rhymes. Joseba Santxo Uriartek euskaratua (2001, ISBN 84-8147-404-5).
- Dirty Beasts (1983)
- Rhyme Stew (1989)
Helduentzako eleberriak
- Sometime Never: A Fable for Supermen (1948)
- My Uncle Oswald (1979)
Helduentzako istorio laburrak
- Over to You: Ten Stories of Flyers and Flying (1946)
- Someone Like You (1953)
- Kiss Kiss (1960)
- Twenty-Nine Kisses from Roald Dahl (1969)
- Switch Bitch (1974)
- Tales of the Unexpected (1979)
- More Tales of the Unexpected (1980)
- The Best of Roald Dahl (1978)
- Ah, Sweet Mystery of Life: The Country Stories of Roald Dahl (1989)
- The Collected Short Stories of Dahl (1991)
- Two Fables (1986). "Princess and the Poacher" eta "Princess Mammalia".
- The Great Automatic Grammatizator (1997).
- The Mildenhall Treasure (2000)
- Ixtorio hautatuak, Luis Berrizbeitiak euskaraturiko zortzi ipuin (1996, 2003).
Filmak [1]
Roald Dahl-en obra asko egokitu dira zinemarako. Berriena 2016ko uztailean estreinatuko den The BFG.
- Willy Wonka and the Chocolate Factory, (1971).
- The BFG, (1989) (Telebistarako).
- Danny, the Champion of the World, (1989).
- The Witches, (1990).
- James and the Giant Peac, (1996).
- Matilda, (1996).
- Charlie and the Chocolate Factory, (2005).
- Fantastic Mr. Fox, (2009).
- Roald Dahl's Esio Trot, (2014) (Telebistarako).
- The BGF, (2016).
Erreferentziak
- ↑ a b «Roald Dhal, 100 urte» Behinola (33): 16-32..
- ↑ (Gaztelaniaz) Galtzagorri Elkartea: Roald Dahl - Sorginak
Ikus, gainera
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Roald Dahl |