Robert Louis Stevenson

Wikipedia, Entziklopedia askea
Robert Louis Stevenson
Robert Louis Stevenson
1880ko argazkia
Datu pertsonalak
Izen osoa Robert Lewis Balfour Setevenson
Jaio 1850eko azaroaren 13a
Edinburgo ( Eskozia)
Hil 1894ko abenduaren 3a
Upolo ( Samoa)

Robert Louis Balfour Stevenson (Edinburgo, 1850eko azaroaren 13a - Upolo, Samoa, 1894ko abenduaren 3a) eleberrigile eskoziarra, poeta eta idazle-bidaiaria, eta ingelesezko literaturako erromantizismo berriaren ereduetako bat. G. K. Chestertonek esan zuenaren arabera: bera "lumaren puntatik hitz egokia hautatzen zuena zen, zotz-ala-motz egingo balu bezala”. Idazle askok miretsi zuten, hala nola, Jorge Luis Borges, Ernest Hemingway, Rudyard Kipling, Vladimir Nabokov, eta J. M. Barrie. Idazle modernista gehienek arbuiatzen zuten ospe handia zeukalako eta ez zelako haien modernismoaren definizioan sartzen. Hala ere, kritikoak Stevensonen ospetik haratago begiratzen hasi dira eta Kanonean lekutxo bat egin diote.

Bizitza

Gaztaroa

Stevensonen jaiotze izena Robert Lewis Balfour Setevenson izan zen eta Eskoziako Edinburgo hirian 1850eko azaroaren 13an. Haren aita Thomas Stevenson izan zen, eta aitaita Robert Stevenson izan zuen; biak ala biak itsasargien ingeniari bikainak, eta baita haren birraitaita ere. Familiako alde hartatik jaso zuen abentura, itsaso eta bidaiekiko maitea. Haren ama Gilbert Elliot, Mintoko lehenengo baroiaren eta George Smith abadearen ondorengoa zen eta Arthur St. Clairrekin erlazionatuta zegoen. Haren amaren parteko aitaita, Lewis Balfour, filosofia-moral irakaslea eta apaiza zen eta Stevensonek gaztaroko opor gehienak eman zituen haren etxean. "Orain askotan galdetzen diot neure buruari”, esan zuen Stevensonek, “zer jaso nuen nik abade zahar honengandik. Izan ere, uste dut sermoiak egiteko harro zegoen, eta neu ere bai, baina inoiz ez dut entzun guk entzutea gogoko genuenik". Amarengandik, Margaret Balfour, birika makalak heredatu zituen (garaikideek tuberkulosia zeukala uste izan zuten, gaur egunean bronkiektasi edo sarkoidosia zela uste da). Honek, berak esaten zuen bezala “ohazalaren lurrean” lotu zuen neguan, eta han, ohe ertzean, erizainak orduak eta orduak ematen zituen Bibliako eta Covenat zaharrei buruzko pasarteak irakurtzen. Udan kanpoan jolasteko agintzen zioten. Han ume basati eta arduragabea zela erakutsi zuen, eta hamaika urte bete zituenean hain ondo sendotu zen, non gurasoek Edinburgoko unibertsitatera prestatzeko Edinburgh akademiara bidali baitzuten. Asmoa, aitaren urratsak jarraitzea zen itsasargi ingeniari bezala. Aro hartan asko irakurri zuen eta batez ere Shakespeare, Walter Scott, John Bunyan eta Arabiako Gauak gogoko izan zituen.

Hamazazpi urte zituela Edinburgoko unibertsitatera sartu zen, baina berehala jakin zuen ez zeukala ez indar fisikorik, ez gogo zientifikorik ingeniari arrakastatsua izateko. Aitak bidaia batean eraman zuenean, itsasargien eraikuntzan interesaturik egon beharrean, haren burua ikusi zituzten itsasertz eta uharteei buruzko erromantze ederrekin betetzen zela konturatu zen. Aita berarekin oso zorrotza bazen ere, azkenean literatura ikasten utzi zion, baina lehendabizi zuzenbidea ikasten bazuen. Horrela, beti izango zuen oinarri ekonomiko sendo bat. Ikastaro hori egin zuen eta hogeita bost urte zituenean azterketa gainditu zuen, baina prozesuan haren osasuna biziki makaldu zen egindako ahaleginarengatik.

Helduaroa

1876an, Fanny Osbourne ezagutu zuen Frantzian eta maitemindu ziren. Fanny emakume estatubatuarra zen, bera baino hamar urte zaharragoa, eta bere senarrarengandik bananduta zegoen. Bere seme-alabekin bizi zen, margotzen eta atseden hartzen. 1880an, Fanny dibortziatu eta gero, ezkondu ziren.

Urte horretan, bere osasuna okertu zen, tuberkulosia dela eta. Edinburgora itzuli ziren bizitzera, gero Davosera (Suitza), eta azkenean Bournemouth bainuetxera. Hiru urte geroago, New Yorkera joan ziren. Han Mark Twainekin adiskidetu zen. Azkenean, Samoara joan ziren.

Samoako biztanleekiko harremana oso ona izan zen (Tusitala deitzen zioten, istorioak kontatzen dituena). Prentsa ingelesean Samoako egoera kaskarra salatu zuen.

Burmuineko erasoaldi baten kariaz hil egin zen. Samoan bertan lurperatu zuten.

Bibliografia

Euskaraz

Ikus, gainera

Kanpo loturak

Wikiesanetan badira aipuak, gai hau dutenak: en:Robert Louis Stevenson
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Robert Louis Stevenson Aldatu lotura Wikidatan