Tormesko itsumutila

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Tormesko itsumutila
Lazarillo de Tormes.png

Liburuaren azala.

Egilea Ezezaguna (1554)
Generoa Eleberri pikareskoa
Datuak
Jatorrizko izenburua La vida de Lazarillo de Tormes y de sus fortunas y adversidades
Jatorrizko hizkuntza Gaztelania
Herrialdea EspainiaEspainia
Euskaraz
Izenburua Tormesko itsumutila
Itzultzailea Nikolas Ormaetxea

Tormesko itsumutila (jatorrizkoan El Lazarillo de Tormes edo berez La vida de Lazarillo de Tormes y de sus fortunas y adversidades) egile ezezaguneko gaztelaniazko eleberria da, edizio ezagunik zaharrena 1554koa duena. Eleberri pikareskoaren adibide bikaina da. Salamancako ume baten bizitza kontatzen du egileak lehenengo pertsonan, haurtzarotik ezkontza arte. Inkisizioak debekatuta izan zuen hainbat hamarkadaz.

Gertakizuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eleberrian gizarajo batek bere bizitza kontatzen dio "gizarte oneko" gizon bati. Lazaro (I. atala) Salamancatik gertu jaio da, Tormesko errota batean. Aitak, ondoko herriko mandazaina bera, errota horretara eraman ohi zuen alea. Lapurretaz salatua, erbesteratua, Djerbako espedizioan hiltzen da. Ama alarguna, Salamancan, garbitzailea eta sukaldaria da, eta esklabo baten konkubina bihurtzen da. Laster eskainiko dio semea morroi bila dabilen itsu bati. Mutikoak eskean ikasten du itsuarekin eta, orobat, iruzurrean eta amarruan.

Gizon hura utzita, hurrengo nagusia (II. atala) Maquedako apaiz zikoitz bat da, eta maltzurkeriaz jokatu beharra du Lazarok goseak hilko ez bada. Apaizak bidali egiten du, eta Lazarok Toledon egiten du denboraldi bat, ezkutari gosetu baina oso duin baten zerbitzura. Txunditurik utzi du nagusi berriak ohoreaz duen ardurak baina, haren estutasunak hunkituta, eskean hasten da nagusiari jaten emateko. Ezkutariak ospa egiten du etxeko jabea altzarien bila etortzen den egunean, grabatu bat besterik ez dagoen arren. Egun batzuetan (V. atala) Mesedetako fraide baten zerbitzuan jardun ondoren, Gurutzadetako bulda predikari baten morroi egiten da Lazaro, eta harekin ikasiko du iruzurraren antzea. Margolari baten zerbitzura egon ondoren, Lazarok (VI. atala), heldua jada, nolabaiteko beregaintasuna lortzen du lau urtez honenbestean lan eginez, Toledon, katedraleko apaiz baten ur eramaile. Hark lau pegar, asto bat eta zartailua uzten dizkio zain ditzan.

Orain Lazarok eros ditzake arropa dezentea eta ezpata bat eta, hala (VII. atala), herrizain baten zerbitzari jartzen da. Azkenean, aurkitzen du lanbide bakeatsuago eta egonkorrago bat: herriko pregoilari. Bere bezeroetako batek, San Salbadorko artzipresteak -ardoen "pregoia" egiten du Lazarok han-, goraldi sozialaren gailurrera jasoko du Lazaro, bere neskamearekin ezkonduz. Bere ezkontzaz dabiltzan zurrumurruei -artziprestearen maitalea ote den neskamea- batere jaramonik ez egiteko deliberamendu sendoan datza Lazaroren zoriona.

Satira eta erasmismoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XIV. mendeko miniatura honetan, itsu baten mutila, pitxarrean lasto luze bat sartuz, haren ardoa ebasten ageri da. Baliteke izkirimiri honetan ideia hartu izana Tormesko itsumutilako pasarte honetarako:
«  Alboan ardau-pitxar bat euki oi eban bazkaltzekoan. Nik elduten neutson arin, eta bi mosu ixil emon-ostean, bere tokian izten neban. Ez luzaro. Edatean ezagutu eban palta zala, ta bere ardaua seguru gordeteko pitxarrari belarritik eusten eutson, beiñere itzi baga. Burdin-biziak eztau ezer bereganatzen, neuk lasto-izpi bategaz ardaua baizen ondo. Sartuten neban pitxarra aboan eta itzungi egiten neban pitxarra, gabon esanda.  »
Tormesko itsumutila, Orixeren itzulpena (1929)[1].

Lazaro kontalari naif eta zorrotza baino interesgarriagoak dira, sarritan, haren nagusiak. Zenbait kritikariren iritziz, itsuaren, apaizaren eta ezkutari pobrearen trilogiak XVI. mendeko espainiar gizartea ispilatzen du. Izan ere, luzaroan ahaztua egon ondoren, XIX. mendean obra berraukirtu zenean, XVI. mendeko Espainiako bizimodu sozial eta erlijiosoaren kritika bat ikusi zen liburuan. Harrigarria gertatzen da zenbait pasartetako antiklerikalismoa, Tormesko itsumutila liburu debekatuen indizera eraman zuena (1559). Antiklerikalismo hori dela eta, hispanista batzuek pentsatu izan dute -eta pentsatzen dute- egilea ez ote zen Alfonso eta Juan de Valdés humanisten taldeko kidea. Erasmoren jarraitzaile espainolak ziren haiek. Gogoratu beharra dago idazki batzuetan (Colloquia familiarra, 1518) biziki kondenatu zituela Erasmok garai hartako apaizen ohiturak eta eginak. Erasmoren dotrinaren eragina, edo oihartzuna, ez dago ordea prediku edo komentario teorikoetan. Aitzitik, inplizitoak dira, eleberriko pertsonaietan eta gertaeretan daude, protagonistaren jarreran eta, batez ere, amaierako onarpen etsian.

Amaieran, kristau moralaren balio absolutuak baztertu behar ditu Lazarok, eta bizi den gizartean benetan axola duenaren erlatibotasunarekin bat egin. Nolanahi dela ere, Tormesko itsumutila erasozko obra da, giro garratzekoa. Jarrera erasotzaile hori argudioa izan da Américo Castrorentzat, adibidez, egilea, erasmista izan ezik, jatorri juduko kristau berria zela pentsatzeko.

Egileak bere kontaeraren bidez bizitzaren beraren irudia islatzen asmatu bazuen ere, eta zenbaitek protagonistaren benetako eredua aurkitu omen duen arren -Toledoko pregoilari bat, Lope de Rueda zeritzana, izen bereko egile komikoa izan daitekeena-, Tormesko itsumutilaren ikerketa kritikoaren aurrerapena, eleberriak baliatzen dituen iturrien aurkikuntzaren parez pare doa. Izan ere, zenbat eta hobeto ezagutzen diren egileak erabiltzen dituen materialak, orduan eta argiago ikusten da nolako trebetasunaz erabili zituen gai horiek, bizitza baten eta haren iraupenaren irudipena -denbora historiko batean txertatuz denbora bizitu baten irudipena- sortzeko (Djerbako bidaldi baten eta Toledoko Gorteen artekoa: 1510-1525 bitartea, edo 1520-1538 bitartea), urtaroak eta geografia inportanteak diren denboraldi batean.

Trebetasun horrek (eta ez dago horrelakorik Till Eulenspiegelen bizitzan, garai bereko beste heroi amarrutsu bat den arren, Alemaniakoa, hura ere pasarte bakunez osatutako bizitza duena) ezkutariaren pasartean jotzen du gorena. Azpimarratzekoak dira bizitza honi batasuna ematen dioten loturazko guneak: bai kontalariak iraganeko gauzak gogoratzen dituenean, bai etorkizuna asmatzen diotenean, baita egileak irakurleari lotura fin-finak eskaintzen dizkionean ere. Hala, adibidez, Salamancatik irteterakoan, itsuak, inozentearena eginez, mutikoaren burua zubiko harrizko zezenaren kontra jotzen du. Horren erantzun gisa, mutikoak itsuari agur esaten dionean, Escalonako pilare baten kontra bultzatuko du. Lazaroren gurasoen apaltasunarekin bat dator Lazaro ezkonduaren desohorea, batere larritu gabe, amaren aholkuari jarraitzen dionean: "Jende zintzoari lotu beti". Azken finean, ezkontzaren bitartez, haurtzarora itzuliko da protagonista.

Francisco Rico eta Fernando Lázaro Carreter kritikariek ikusmolde horren ironia azpimarratu dute: alegia, liburu hasieran aipatzen den kasua, esplikatzeko liburu osoa behar duena, eta bukaera arte berriz aipatuko ez dena, senar tronpatuaren kasua baino ez da. Lázaro Carreterrek gai hori Erasmoren Moriarekin lotzen du gainera, non senar engainatuen sinesberatasuna goresten baita, gizadiaren zorionerako txikikeria funtsezkoetako bat delakoan.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Nikolas ORMAETXEA Orixe (itzultzailea): Tormesko itsu-mutila. Lelengo yarduna: Lazaroren bizimodua; noren semea zan Klasikoen gordailua. Klasikoak.armiarma.com

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Tormesko itsumutila Aldatu lotura Wikidatan