Wamba (erregea)

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Artikulu hau bisigodoen erregeari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus Wamba (argipena).
Wamba
Wamba (erregea)

Wamba


672 – 680
Aurrekoa Recesvinto
Ondorengoa Ervigio

Jaiotza
Heriotza 688
Pampliega

Wamba (? - Pampliega, Burgos, 688) bisigodoen errege izan zen 672-680. urteetan, Recesvintoren ondorengoa. Baskoien aurkako kanpaina batekin hasi zuen bere agintaldia, baina eraso hori utzi eta Nimesko kondeari eraso zion, frankoen eta juduen laguntzarekin, Septimaniako matxinada antolatu baitzuen hark. Bizantziar jatorriko Paulo kondea jarri zuen Nimesko kondearen aurkako espedizioburu; hura, ordea, egoeraz baliatu zen bere burua errege izendatzeko Narbonan. Wambak baskoiak menderatu eta Bartzelona eta Girona hartu zituen, eta Septimanian barneratu eta Nimes konkistatu zuen. Handik gutxira bere mendeko guztiak behartu zituen nahitaez zerbitzu militarra eskaintzera, hala behar zuenean. 675. urtean Algecirasaino heldu zen musulmanen aurkako jazarpena gidatu zuen, eta Ceuta okupatu zuen. 680. urtean Ervigiok haren lekua hartu zuenean Pampliegako monasteriora erretiratu zen betiko.

Tronua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wamba Oxfordeko Unibertsitatean Googlek digitalizatutako liburuan
Wamba, koroari uko egiten. Juan Antonio Riberak egindako olio-pintura.
Alejandro Carnicerok egindako Wambaren estatua (Madril)

Wamba errege egin zutenean, urtetan sartua zen, eta ezezkoa esan zion karguari, baina nobleek ez zuten haren ezezkoa onartu eta Gerticin edo Gérticosen (Valladolid) baiezkoa eman beharrean izan zen 672ko irailaren 21ean. Hantxe hil zen Recesvinto, aurreko erregea, eta izena aldatuko zioten herriari: Wamba izena izango zuen aurrerantzean.

Wambak Toledon koroatua izan nahi izan zuen, eta halaxe gertatu zen 672ko urriaren 20an.

Bisigodoei ospea eta distira emango zien azken erregea izan zela esan daiteke, haren heriotzak gainbehera ekarriko baitzien bisigodoei. Wambaren erregealdia ez zen batere erraza izan, nobleen monarkiarekiko aurkakotasuna edo haien arteko ika-mikak, katolikoen eta arrianoen arteko borrokak, eta hispanoerromatar eta bisigodoen artean pizten zirenak itzaltzen aritu behar izan baitzuen. Baskoiak ere altxatu zitzaizkion, eta, 672an, arrisku berri bat etorri zitzaion: aldi batez atzeratzea lortu bazuen ere, arabiarrak penintsulara salto egin nahian zebiltzan.

673an, Galiako Septimania eskualdean (gaurko Frantziako hego-ekialdean), hainbat noble bisigodo altxatu zen, Ilderikoren agintepean (bere burua errege egin zuen). Wambak Paulo dukea bidali zuen, hura isilarazteko xedearekin, baina hura ere matxinatu egin zitzaion Narbonan. Paulok Ilderiko ordezkatu eta bere burua errege koroatu zuen Gironan. Une berean, Wamba Kantabria inbaditu zuten baskoien aurka ari zen, baina laster erantzun zion Pauloren matxinadari. Garaile irten zen, eta Tarragona, Bartzelona eta Narbona hartu zituen. Paulo harrapatzea lortu zuen, eta Toledoko kaleetan desfilarazi zuen, buruan arrain-hezur bat zuela.

Gertakizun haien ondoren, Wambak armada berrantolatu zuen, eta lege berri bat eman zuen: ez bazuten heriotza-zigorra nahi, inbasiorik edo matxinadarik izanez gero nobleek eta elizgizonek beren tropekin joan beharko zuten Wambari laguntzera.

675ean, Wambak Toledoko XI. Kontziliora deitu zuen, eta elizgizonen gehiegikeria eta okerkeriak zuzentzeko neurriak hartu ziren.

Gainbehera eta heriotza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wambaren aurkako konplotak amaituko zuen haren erregealdia. Engainatu egin zuten, eta lo harrarazi zioten; monje-jantzia jarri, eta koroa uztera behartu zuten. Matxinadaren buru Ervigio izango zen hurrengo erregea.

Gertaera haren ondoren, Wamba Pampliegako (Burgos) San Vicente monasteriora erretiratu zen, eta han hilko zen 688an. Hantxe geratu zen hilotza, Alfontso X.ak Toledoko Santa Leokadia elizara eramatea agindu zuen arte.

Tradizioaren arabera, Narbonako altxamendua itzali ondoren, Wamba erregeak San Antolin martiriaren erlikiak Iberiar penintsulara eraman zituen. Martiria V. mendean Okzitaniako Tolosan exekutatu zuten printze bisigodoa zen, eta haren hondakinak gero Palentziako katedraleko San Antolin kriptan gorde zituzten.


Commons-logo.svg
Commonsen fitxategi gehiago dago honi buruz:
Wamba (erregea)

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Aurrekoa
Recesvinto
Bisigodoen erregea
672-680
Ondorengoa
Ervigio