Alejandro Alberdi

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Alejandro Alberdi
Bizitza
Jaiotza Igeldo1897ko otsailaren  24a
Herrialdea  Gipuzkoa, Euskal Herria
Heriotza Igeldo1982ko irailaren  27a (85 urte)
Jarduerak
Jarduerak musikaria

Alejandro Alberdi Lizarreta (Igeldo, Gipuzkoa, 1897ko otsailaren 24a - ib., 1982ko irailaren 27a) musikaria, txistularia, organista, irakaslea eta zinegotzia izan zen.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Umetatik sortu zitzaion organoa jotzeko grina: zazpi urte zituela jo zuen Igeldon lehenengo aldiz, eta 10 urterekin bertako organista zen. Aita ere organista behar zuen, baina batez ere Plazaetxeko Jose Mari Iraolak erakutsi zion, hura Errenteriako bandako zuzendari baitzen. Beraz, 1907an hasi eta 1971ra arte Alejandro Alberdi Igeldoko organista izan zen.

Bere ogibidea irakasletzan izan zuen. Lasarten, Hernanin, Antiguako auzoan eta Atotxan aritu izan zen. Saltsa guztietako gizona izan behar zuen, dena dela. Organista eta irakasle izateaz gain, Igeldoko txistularia zen eta bertako erlojua zaintzen zuen; azken garaian, urtean hamar duro ematen omen zioten lan horren truke.

Orkolagaren (Padre Borrascas) laguntzaile izan zen baita ere, Igeldoko meteorologia zentroan; han ezagutu omen zituen, bisita egitera joanak, Alfontso XII.a Espainiakoa eta Maria Kristina erregina.

Alberdi euskaltzale eta abertzale ezaguna zen (bere emazte Bittori Arrillaga ere bai), eta arazoak izan zituen Espainiako Gerra Zibila piztu zenean. Frankistek Igeldo hartu zutenean, atxilotu egin zituzten bera, parrokoa eta guarda; organista eta maisua bi pertsona zirela uste izan zuten, eta horregatik libratu omen zuten. Dena dela, 14 hilabetez etxetik atera gabe zigortuta eduki zuten. Metereologia Behategitik ere bota nahi izan zuten, eta Karlos Santamariaren laguntzaz itzuli zen Orkolagari laguntzera. Azkenean, Donostiara ihes joan zen, frankisten tropak bere etxetik alde egin arte.

Idazkari lanetan ere aritu izan zen urtean. Alde batetik, Igeldoko baserritarren sindikatu edo kooperatibako diru kontuak eramaten zituen; bestetik, Igeldon inork paper ofizialik behar bazuen, Alberdirengana jotzen zuen. Hortik zetorkion nonbait Don Alejandro izena, ez aberatsa izatetik.

Donostiako Udalak 1967ko azaroaren 30ean zilarrezko domina eman zion, eta Igeldoko herriak berriz 1971ko apirilaren 18an omenaldi ederra egin zion.

Igeldon bertan hil zen 1982ko irailaren 27an, laurogeitabost urte zituela.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]